EPELen Buruz buruko Txapelketako finala

Gogoangarria izan daiteke

Iker Irribarriaren kolpe biziak eta Mikel Urrutikoetxearen defentsa handiak topo egingo dute gaur, Bilbon, buruz buruko finalean. Txapeldun izandakoak dira biak, eta ez dago faborito argirik

Mikel Urrutikoetxea pilota bat probatzen iragan ostegunean Bilboko Bizkaia pilotalekuan eginiko aukeraketan. Atzean Iker Irribarria ageri da. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Pilotazaleak bideo grabagailua prest izan behar du gaur. Hori, klasikoa bada. Teknologia berriekin ondo moldatzen bada, aldiz, ordenagailuko memoria edo USB on bat eskura izatea komeni. Izan ere, Mikel Urrutikoetxeak (Zaratamo, Bizkaia, 1989) eta Iker Irribarriak (Arama, Gipuzkoa, 19996) buruz buruko finala jokatuko dute gaur Bilbon (17:30, ETB1), eta biek euren onena ematen badute, partida gogoangarria izan daiteke, ondo gordeta izateko modukoa. Egungo buruz buruko bi espezialista onenak dira, eta Bizkaia pilotalekuan egingo dute topo.

Ez dira hitz hutsak, azken bost urteetan jokatuko duten buruz buruko hirugarren finala dute biek. Mikel Urrutikoetxea txapeldun izan zen 2015ean, eta txapeldunorde 2016an. Irribarriak, aldiz, 2016ko final hura irabazi zuen, eta galdu egin zuen 2017an. Iaz biek egin zuten kale egun handian, bientzat urte oso gogorra izan zelako. Urrutikoetxea mononukleosiak jota izan zen, eta Irribarriak joko txakalaldi batean murgilduta. Euren arazoak gainditu bezain laster, baina, biak finalean sartu dira berriz.

Horiek, dena den, ez dira bien arteko antzekotasun bakarrak, biek ere bolada txarra daramatelako final kontuetan. Biek ala biekjokaturiko azken biak galdu dituzte: Urrutikoetxeak 2016ko buruz burukoa eta 2017ko lau eta erdikoa. Irribarriak, berriz, 2017ko buruz burukoa eta aurtengo binakakoa. Beraz, bietako batek aldartea goxatuko du, eta besteak maldizioka jarraituko du.

Aurrelariak dira biak, baina estiloan ez dute antzik. Irribarriaren jo ikusgarriak Urrutikoetxearen aire defentsaren fidagarritasuna neurtuko du. Aurretik esan bezala, 2016ko finalean elkarren aurka jokatu zuten, eta ordukoan Irribarriak 22-13 irabazi zuen. 2-8 galtzen hasi ondoren, Urrutikoetxea 13-16ra arte gerturatu zen, baina hor bukatu zen bidea. Partida hartan inoizko buruz buruko txapeldun gazteena bihurtu zen Irribarria. Handik hiru hilabetera errebantxa jokatu zuten Gasteizko ferian, eta Urrutikoetxeak22-21 irabazi zuen.

Finala hasiera batean zehaztu baino astebete geroago jokatuko da. Urrutikoetxeak, ezker eskuko minez, astebetez atzeratu baitzuen. Finalerdien ondoren eskuko kanpoaldea handitu zitzaion, eta arautegiak ahalbidetzen duen aukera baliatu zuen. Joan den asteko ostiralean hasi zen apurka pilotan ibiltzen, eta orain «sasoi betean» dago. Beharko du sasoiko egon, ezker bolea bete-betean izan gabe ezinezkoa izango baitu irabaztea. Kolpe hori da bere defentsa onaren gakoetako bat, eta Irribarriaren sake gehienetan erabili beharko du.

Irribarriak, izan ere, ondo bidean, piloteoan aginduko du. Bere kolpearekin zuloak irekitzen ditu, baina Urrutikoetxeak bukatzera behartuko du: errematatzera. Zehatza izan beharko du, gainera, Zararatamokoa oso trebea baita kontraerasoan. Irribarriak ondo bukatu du tantoa txapelketako azken bi partidetan —Altuna eta Elezkanoren aurka—; aurrenekoan, aldiz, Victorren aurka, bederatzi huts egin zituen.

Ehun sarrera saltzeke

Bizkaia pilotalekuan jokatuko den buruz buruko zortzigarren finala da, eta bosgarrena jarraian. Dagoeneko jakina da hurrengo hirurak ere Bilbon jokatuko direla. Biei ondo datorkien pilotaleku bat da, biak izan baitira txapeldun bertan. Finalak ikusmin handia sortu zuen hasieran, baina ez da erabat beteko. Ehun sarreratik gora gelditzen dira, gehienak kantxako harmailako azken koadroetan. Horiek kantxako beste guztien prezio berean erostea ez da erakargarria. Ez da Bilbon jokaturiko final batean sarrera horiek saldu gabe gelditzen diren lehen aldia. Enpresek arazoa dute hor.

Bestalde, Asier Garcia saskibaloi egokituko jokalari bilbotarrak jarriko dio txapela irabazleari. Aurten Euroliga titulua irabazi du Bidaideak BSRekin, eta 2016an Rio de Janeiroko Paralinpiar Jokoetan parte hartu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.