Qatarko Munduko Kopa

Hirugarren izarraren bila

Argentinak eta Frantziak Munduko Kopako finala jokatuko dute gaur (16:00). Messik zorra kita dezake; Mbappe eta enparauek txapeldun izan nahi dute berriz ere.

Ezkerrean, Lionel Scaloni Argentinako hautatzailea; eskuinean, Didier Deschamps Frantziakoa. EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Itzalez inguratuta egon da Qatarko Munduko Kopa, baina distiratsua izan da zelaian. Oro har, alor taktikoak «presentzia handia» izan duela nabarmendu du Nerea Zusberro kazetari eta futbol entrenatzaileak (Donostia, 1992). «Banakako jardunak garrantzi handiagoa izatea espero nuen; aldiz, talde lana izan da nagusi askotan». Batasunaren indarra erabiliz, ezuste handiak eman dituzte sona gutxiko zenbait selekziok. Haatik, finala bi historikok jokatuko dute: Argentinak eta Frantziak. Hirugarrenez izan nahi dute munduko txapeldun. Lehia «parekatua» espero du Zusberrok.

BATA LASAI, BESTEA GOGOZ
Talentua grinaren aurka

Ezberdina izan da bi taldeentzat finalerainoko bidea. Argentinak oztopo lasterketa egin behar izan du. Finalerdietan, ordea, aise menderatu zuen Kroazia. Frantziak, berriz kostata irabazi zien Ingalaterrari eta Marokori. Horiek horrela, Zusberrok ez du garbi nor iritsiko den hobeto finalera. Urdinek «txapeldunaren lasaitasuna» dutela azpimarratu du. «Nabari da belaunaldi honek irabazi zuela azken Munduko Kopa». Halaber, Argentinak baino «talde osoagoa» dute, eta «talentu handiagoa».

Aldarte aldetik, ostera, gainetik ikusten ditu zuri-urdinak. «Amerika Kopako tituluak dena aldatu du. Bestelako jarrera bat dute orain zelaian eta prentsaurrean. Herrialdearen babesa du selekzioak, eta hori lortzea asko kosta da». 1986an izan zen azkenekoz munduko txapeldun; beraz, irabazteko «ilusio eta gose handiagoa» du Frantziak baino.

TXANDAKA ARIKO DIRA
Trantsizioen garrantzia

Zusberrok ez du uste norgehiagokak gidoi lineal bat izango duenik. «Baloiaren lehian ariko dira bi taldeak lehen minutuetan. Gauzak, dena den, aldatuz joango dira, eta talde bietako batek ere ez du jabetza oso luzerik izango». Horren ordez, espazioak baliatzen saiatuko dira. «Biek egin dezakete eraso posizionala, baina hobeak dira trantsizioetan».

Defentsatik erasora jotzerakoan, gehiago da Frantzia, «izen aldetik, behintzat». Baina, bi taldeen bilakaera ikusita, ez du horren garbi. «Trantsizio hori egiten duten jokalariak oso konektatuta daude Argentinan. Enzo Fernandez aipatuko nuke batez ere. Alde horretatik, Tchouameniren gainetik ikusten dut oraintxe». Frantzian, sarri, Griezmannek abiatzen ditu jokaldiak. «Taldearen bihotza eta termometroa da. Aurrekoekin lotura ezartzen badu, nagusi izan daiteke Frantzia. Izan ere, Mbappek duen indarra eta abiadura ez du inork Argentinan».

Erasotik defentsara egitean, zatitzeko joera du Didier Deschampsen taldeak. «Bi bloketan bereizia dago: erasokoa dago batetik, eta defentsakoa bestetik. Argentinak nagusitasun egoerak sor ditzake, bizkor ateraz gero».

FOKUA, HEGAL BATEAN
Molinaren kokapenari so

Eskuinekoa da Argentinaren hegalik indartsuena, eta Frantziak, aldiz, ezkerrean du ahalmen handiena. Litekeena da buruz buruko gehienak zelaiaren zati horretan gertatzea. «Lehia erabakigarria izango da Molinaren eta Mbapperen artean», nabarmendu du Zusberrok. Molinak asko aurreratu ohi du bere kokapena, atzelaria bada ere. «Zenbakizko nagusitasunak eragiten ditu. Hortik baloia beste albora mugitzen du, edo, bestela, barrutik jokatzen du». Aitzitik, hegoak ebaki diezazkioke Mbappek. «Mehatxu handia izango du bizkarrean, eta arriskatzeko erreparoak izan ditzake». Hala ere, ez du uste Argentinak egokitzapen zehatzik egingo duenik jokalari jakin bat oztopatzeko.

Kroaziaren aurka, lau erdilari ipini zituen Lionel Scalonik lauko atzeko lerroaren aurretik. Apustuari eutsiko diola iruditzen zaio Zusberrori. «Hala, zelai erdian kopuru aldetik nagusitasuna izango du Argentinak». De Paul eskuinean ariko da berriro; funtsezko pieza izango da. «Zaintzetan oso adi ibiliko da, eta Molinari laguntzeko prest egon beharko du».

LEHEN GOLAREN ERAGINA
Dantzan, ala kolpeka?

Argentinak sufritu egiten du aurkariek goian estutzen dutenean, baina Frantziak atzerago hasten du presioa. Nolanahi ere, gol batek hankaz gora jar dezake esperotako gidoia. Zusberroren ustez, aurretik denak urrats bat egingo du atzera, eta aurkariak posiziozko jokoa egin beharko du. Alderdi hori «garatuago» omen du Argentinak. «Baloiaren inguruan bildu, eta Messiren inguruan dantzatzen dira. Ordena dute, baina kokapena asko aldatzen dute».

Jo ikaragarria du Frantziak, eta abantaila handia da hori gaurko. «Areetan gertatzen denak berebiziko garrantzia izango du, eta, erasoan, Frantzia hobea iruditzen zait». Bi taldeak dabiltza emankor: bosna gol daramatzate Messik eta Mbappek, eta launa Giroudek eta Julian Alvarezek. Defentsan, berriz, desabantaila bat izan dezakete zuri-urdinek: zentimetro falta. «Ahulak dira areara erdiraketa asko egiten dizkietenean».

Partidak luze jotzen badu, fisikoki ahaltsuagoa da Frantzia. Ordea, Zusberroren aburuz, Argentinak irtenbide gehiago izan ditzake aulkian. Eta penaltietara iritsiz gero, zer? «Zailduago daude jaurtitzaile argentinarrak, eta Martinezek gaitasun handiagoa du penaltiak gelditzeko, Llorisek baino».

MESSIREN ANBIZIOA
Onena orain arte

Messik Munduko Kopa altxatu nahi du behingoz. Bosgarrenez ari da jokatzen, eta inoiz baino hobeto dabil. «Inork ez zuen espero Messik halako maila ematerik. Orain arteko jokalaririk onena izan da. Hamazazpi urte daramatza selekzioan, baina orain bihurtu da benetan lider. Gaurkoa izan daiteke jokatuko duen azken partida handia». Itzal egin nahiko dio Mbappek. Hura da Frantziaren izarra, baina ez liderra. «Lidergo aldetik, Frantzia koralagoa da». Azken bi partidetan ez da horren distiratsu aritu. «Baina aurkaria asko baldintzatzen du beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.