Oparia bere buruari

Peio Etxeberriak garaipen handia lortu du Altuna III.aren kontra, 18-22, eta oin eta erdi du finalerdietan. Ezkurdiak 22-15 hartu du mendean Urrutikoetxea

Peio Etxeberria, Altuna III.aren aurkako atzoko norgehiagokan egindako tantoetako bat ospatzen. RAUL BOGAJO / FOKU.
ainara arratibel gascon
2021eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Peio Etxeberriak oin eta erdi du lau eta erdiko txapelketako finalerdietan. Atzo, bere urtebetetze egunean, garaipen handia lortu zuen Bergarako frontoian (Gipuzkoa), Jokin Altunaren kontra: 22-18. Opari ezin hobea egin zion bere buruari. Une zailetan eusten eta hortzak ondo estutzen jakin zuen, eta, opari batzuk egin arren, neurketa bere alde eramaten jakin zuen. Gainera, azken txanpa oso ona jokatu zuen. Egin zuen norgehiagoka onaren adierazle: lortu zituen 22 tantoetatik hamazazpi berak egindakoak izan ziren. Une askotan aurretik joan arren, Altuna III.a ez zen eroso aritu. Ez zion partidari nahi zuen erritmoa eman, eta errematean ere ez zuen asmatu. Ohikoa duen distira falta izan zitzaion, partida amaieran berak aitortu bezala.

Aginduz hasi zuen partida Etxeberriak: 0-4. Baina sakea berreskuratu eta gero, sei tantoegin zituen erreskadan Altuna III.ak. Pilota bizi jo zuen une horietan, kaiolaren erdialdea ondo menderatuz eta Etxeberria ondo mugituz. Bizi joan zen hastapen horretan partida. Pilotakada gutxi izan ziren.

Etxeberria saiatu zen angeluak egoki markatzen, eta sakatu ere ondo egin zuen. Baina ez zuen bere aukerak baliatzen jakin, etabatzuetan presaka aritu zen. Gainera, ez zuen asmatu Altunaren III.aren hiru sake erantzuten. Aginte makila, distira handirik gabe bazen ere, Amezketakoarena zen: 10-6. Piloteoan nagusi zen, eta Etxeberriak zerbait aldatu nahi bazuen, patxada gehiago izan behar zuen. Izan ere, presaka aritzeagatik egiten ari zen huts txikiak, ederki ari zen baliatzen Altuna III.a. Lan erditan 11-6 zihoan neurketa haren alde. Zenoztarrak hortzak ondo estutu zituen, eta lauzpabost tantotan lasaiago jokatu zuen. Horrek mesede egin zion, hiru tanto egin baitzituen jarraian: 11-9. Bidea zein zen bazekien.

Baina Altuna III.a bezalako pilotariek zerbait badute, zera da: une erabakigarrietan pilotakada on bat jotzendutela. Eta hala egin zuen hamabigarrenean. Etxeberriak bipareta oso on bat egin zuen, baina Amezketakoak ederki erantzun zuen, pilotari behetik jota. Ederra izan zen tantoa. Baina, aurretik joan arren, Altuna III.a ez zegoen eroso. Partidari erritmoa falta zitzaion, eta bazekien horrek ez ziola mesede egiten. Gainera, bi saketan pasatu egin zuen. Hala, tanto batera jarri zen Etxeberria: 13-12. Baina erreskadan bera izan zen sakean asmatu ez zuena, motz atera baitzuen. Horrek min apur bat egin zion zenoztarrari. Hurrengo hiruzpalau tantoetan asmatu egin zuen sake-errematean Altunak III.ak, eta 16-13koarekin bazirudien neurketa ondo bideratua zuela. Baina Etxeberriak ez zuen amore eman. Lehia hasieran izan ez zuen patxada eduki zuen hor.

Hamalaugarren tantoa lortu, eta bi egin zituen sakez. Horrekkonfiantza eman zion, eta aurretik jarri zen: 16-17. Altunak III.ak atsedena eskatu zuen. Baina bueltan konfiantzaz jarraitu zuen Etxeberriak, nahiz eta berriro ere luze atera sakea.

Hala ere, azken tantoetan bizi eta oldarkor jokatu zuen, eta irabazi egin zuen. Azken tantoa, sakez egin zuen. Amaieran «oso pozik» zegoen Etxeberria. «Egia da opari batzuk egin ditudala, baina orokorrean oso gustura nago egin dudan jokoarekin, batez ere azken txanpan. Atzetik joan arren, tantoz tanto joaten jakin dut, eta horrek eman dit garaipena».

Ezkurdiaren erakustaldia

Lehen jardunaldian bezala, atzo, Joseba Ezkurdiak eman zuen erakustaldia. 22-15 hartu zuen mendean Mikel Urrutikoetxea Iruñeko Labriten. Hasieratik izan zen nagusi. Oso ondo sakatuz, neurketako lehen zuloa irekin zuen: 10-3. Lasoren aurka moduan. erritmo ikaragarrian mugitu zuen pilota, konfiantzaz jokatuz, bai erasoan, bai defentsan. Eta lau eta erdian beharrezkoa den ezaugarri bat erakutsi zuen: abiadura hanketan. Urrutikoetxea saiatu zen hari eusten, eta ahal zuenean tantoaren ekimena hartzen. Zertxobait gerturatu zen markagailuan, bitxia bada ere, belaunean kolpe bat hartu ostean: 17-11. Baina Ezkurdiak ohiko bidetik jarraitu zuen, arriskatuz eta tanto ikusgarriak eginez. Hala 22-15 irabazi zuen. Honela aztertu zuen garaileak partida: «Une batzuetan behar baino presa handiagoarekin jokatu dut. Baina, huts txiki batzuk kenduta, uste dut partida oso ona egin dudala. Sentipen onak ditut, eta konfiantzaz nago». Arbizukoak ere ia ziurtatua du finalerdietan egotea.

Gaur, Oinatz Bengoetxeak eta Aitor Elordik neurtuko dituzte indarrak Bilbon, A multzoko bigarren jardunaldiko beste partidan. Bihar izango da, berriz, B multzoko beste neurketa. Tolosako Beotibar frontoian (Gipuzkoa) nor baino nor gehiago arituko dira Erik Jaka eta Unai Laso.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.