Beste partida ikusgarri bat

Altuna III.ak eta Martijak 22-21 hartu dituzte mendean Irribarria eta Rezusta, eta ondo bideratuta daukate Binakako Txapelketako finalerako sailkapena. Lau pilotariak bikain aritu dira

Rezusta pilotari jotzen, atzo, Labriten, ezkerrean Altuna III.a eta Irribarria dituela, eta atzean Martija. IÑIGO URIZ / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Binakako Txapelketa honetan hainbat partida ikusgarri jokatu dira Labriten, pilotazaleek ederki gozatu dituzten horietakoak. Bada, zerrendara gehitu behar da atzo Altuna III.a-Martijak Irribarria-Rezustaren aurka jokatutakoa. Kalitatea, tentsioa, bizitasuna, emozioa... Partida on baten osagai guztiak izan zituen.

Bi bikoteek merezi izan zuten garaipena. Baina azkenean Altuna III.a eta Martijarentzat izan zen: 22-21. Horrenbestez, ondo bideratuta daukate finalerako sailkapena. Gaur Elezkano III.ak eta Zabaletak irabaziz gero, bertan izango dira. 21 tanto eginda, Irribarria eta Rezustak ere aukera asko dituzte horretarako hurrengo asteburuan irabaziz gero.

Bizi joan ziren lehen tantoak, aparteko gogortasunik gabe. Ikusgarri ekin zion lehiari Altuna III.ak, eta, horri esker, 6-1 aurreratu ziren hura eta Martija. 8 minutuan 50 pilotakada baino ez zituzten jo hasiera horretan—partidak 772 izan zituen guztira—.

Estu ziren Irribarria eta Rezusta. Jokoa lasaitu, eta partidaren ekimena hartzeko beharra zuten. Hurrengo tantoak gehiago landu zituzten, eta Altuna III.a defentsan eta atzeragotik aritzera behartu zuten. Hala, 6-4 gerturatu ziren. Bazirudien partidaren norabidea aldatzeko moduan zirela urdinak. Baina sakean falta egin zuen Irribarriak. Pilotak ez zuen laugarren koadroko arrastoa pasatu, eta berriro ere beste hiru tanto egin zituzten gorriek, Altuna III.aren erremate bikainei esker.

Baina ez zuten partida haustea lortu, eta Irribarria eta Rezusta tanto batera jarri ziren: 9-8. Luzea eta gogorra izan zen haien zortzigarrena. Irribarriak ez zuen tantoa nahastu nahi, eta berehala saiatu zen erabakitzen, atzetik aurrera sartuta pilotari indarra eta bizitasuna emanda.

Lan erdietan hiru tantoren aldea zuten Altuna III.a-Martijak: 11-8. Partida gogortuz eta luzatuz joan zen, tentsioa handitzen.Hori komeni zitzaien Irribarriari eta Rezustari, ahalmen fisiko eta jo handiagoa baitute. Aurrean bai Irribarriak, baita Altuna III.ak ere tanto ederrak egin zituzten. Biak, gainera, ondo aritu ziren defentsan jardun behar izan zutenean. Atzean ere ondo eutsi zioten Martijak eta Rezusta, lan nekeza etaisila eginez.

14-11koarekin partida zati erabakigarrian sartu zen. Ikusteko zegoen zein bikotek eusten zion ondoen erritmoari. 6-1koaren ostean, partidaren alderik handiena lortu zuten Altuna III.ak eta Martijak: 16-12. Erabakigarria izan zen tanto horietan gorriek atera zuten pilota, sake-errematea oinarri zuen jokoa egitea ahalbidetu baitzion Altuna III.ari.

Baina beste behin ez zuten zuloa egitea lortu. Irribarria eta Rezusta ez zeuden amore emateko prest. Ederra izan zen Irribarriak pilotari boleaz jota zabalera egindako tantoa. Gainera, Altuna III.a ez zen hainbeste agertzen ari.Irribarriak atzeragotik jotzera behartu zuen Amezketakoa, eta hor min gutxiago egin zuen. Bazirudien plana ondo ateratzen ari zitzaiela urdinei.

Emozioa azken txanpan

Pilotazaleak gozatzen ari ziren. Ez hainbeste pilotariak, gorputzari astindu handia eman baitzioten. Azken tanto horietan Martijari ikusi zitzaion estuen fisikoki. Rezusta, berriz, fresko zegoen. Aurrelariek, berriz, berean jarraitzen zuten, tanto ikusgarriak eginez.

21-21ekoarekin dena airean zegoen. Baina, azkenean, garaipena Altuna III.arentzat eta Martijarentzat izan zen. Amaieran oso pozik zen Altuna III.a. «Hauei irabaztea ez da erraza, eta oso gustura gaude. Garaipen handia izan da. Partida apurtzeko aukera izan dugunean, nik ez dut aurreko norgehiagoketan bezainbeste asmatu, eta, gero, tanto bakoitza egiteko asko sufritu dugu».

«Pena handia» zuen Rezustak. «Gertu izan dugu une askotan aurretik jartzea, baina ez dugu lortu. Pena izan da. Beharbada, hasiera horren ona egin ez izana ordaindu dugu. Baina tanto asko egin ditugu, eta datorren asteburuan gauzak ondo eginez gero, ziurrenik finalean izango gara».

Gaur jokatuko da, Eibarren, lehen jardunaldian galdu zuten bikoteen arteko partida: Laso-Imazek Elezkano II.a-Zabaletaren aurka neurtuko dituzte indarrak. Biek behar dute garaipena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.