Ekuazioa garbi dago

Elezkano-Zabaletak 22-16 irabazi dute, eta finalean sartzeko aukera dute. Altuna eta Martija finalean daude; Lasok eta Imazek hamasei tanto egin behar dituzte

Elezkano eta Zabaleta makurtuta, atzo, Labriten, atzean Rezusta daukatela, begira. JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2022ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Zerbait berezia izan badu aurtengo Binakako txapelketak, hori emozioa izan da. Azkenerainokoa. Goitik eta behetik izan zen matematikaren beharra final-laurdenetako ligaxkan. Eta orain ere ez da halakorik falta. Dena den, garbi geratu zen ekuazioa atzo, Iruñeko Labrit pilotalekuan. Pronostikoak hautsiz, Elezkano II.ak eta Zabaletak irabazi egin zieten Irribarria eta Rezustari, sei tantoko aldearekin irabazi ere, eta orain aski garbi daude kontuak.

Batetik, jakina da Altuna III.a eta Martija finalean izango direla, eta, bestetik, gaur erabakiko da bikote aurkaria. Lasok eta Imazek hamasei tanto egiten badituzte Eibarren, finalean izango dira, baina, helburua lortzen ez badute, Elezkano eta Zabaleta sartuko dira. Beraz, Astelenak izango du azken hitza. Erabat askatuko da gaur ekuazioa.

Ziurrenik, bietako inori komeni ez zitzaion emaitza gertatu zen atzo. Besteak beste, tanto baten gorabeherak aski ondorio ezberdinak utz zitzakeelako. Esaterako, Elezkanok eta Zabaletak hamaseian irabazi beharrean hamabost tantoan irabazi balute, zuzenean eskuratuko zuketen finalerako sailkapena. Ordea, hamazazpian irabazi balute, inongo aukerarik gabe geratuko ziren. Beraz, irakurketa positiboa egitea hobe, Zabaletaren esanetan: «Kontuak nola ziren ez genekien oso garbi, eta gure esku zegoena egin dugu: irabazi. Egia da hamabost tantoan irabazi bagenu hobe izango zela, baina ezin diogu horri begiratu. Finalerdietako partidarik onena jokatu dugu, eta oso pozik gaude».

Irakurketa positiborik egitea ezinezkoa zaie Irribarriari eta Rezustari. Txapelketa ona jokatu dute, finalerdietako ligaxkan ere ongi aritu dira, baina beren bikotea izan da finalerako aukerarik gabe geratu den lehena. Garaipena lortu balute, zuzenean eskuratuko zuketen helburua, baina ezin izan zuten. «Aurreko astean oso gertu eduki genuen finala, baina tanto batez galtzeak min egin zigun. Azken partida honetan nahiko urrun eduki dugu garaipena, ia beti atzetik ibili baikara, eta aurkariak gu baino hobeak izan dira», adierazi zuen Rezustak. Halere, hotzean pentsatzea komeni. «Zaila izan arren, txapelketa bikaina jokatu dugula uste dut».

Beste Zabaleta bat

Emozioaz gain, goi mailako kalitatea ere izan du aurtengo binakakoak, eta hori begien bistan geratu zen atzo, Labrit bete zuten pilotazaleen gozamenerako. Kasik seiehun pilotakadako partida jokatu zuten, eta batez ere bi atzelariak nabarmendu ziren. Aurrelarien ausardia ere nabarmentzekoa izan zen. Partidaren hasieran Elezkanoren inspirazioa izan zen nagusi; joan den astean bezala, oso ausart kantxaratu zen, eta ohartzerako lau eta huts aurreratu ziren gorriak. Ezker airez asmatu zuen bizkaitarrak, batez ere. Bolada hori hausteko, Irribarriak erantzun zuen berehala, eta haren joari esker lehia berdindu zuten urdinek. Lehen tantoa egin orduko, saskitik pilota biziagoa atera zuten, eta pixkanaka partidan sartzea lortu zuten. Seinakoa izan zen aurreneko berdinketa, eta, ordurako, gauza bat garbi geratu zen: Zabaleta ez zela aurreko partidetakoa. Beste freskotasun eta konfiantza batekin astindu zuen pilota eskuin eskuarekin, eta hark agindu zuen kantxan.

Hori bai, hobekuntza horri etekinik atera ezinda aritu ziren gorriak luzaroan, eta Irribarria eta Rezusta aurretik ere izan ziren une batez: 6 eta 8, esaterako. Bi atzelariek erakustaldia eman zuten atzeko koadroetan, eta aurrelariek asmatu zuten tantoa bukatzen. Baina Irribarriak eta Rezustak arazo bat izan zuten: beren pilota biziarekin erosoago jokatu zuten, baina harekin Zabaletak ere errazago erakutsi zion bizkarra Rezustari. Pilota makalagoarekin, berriz, gehiago sufritu zuen bergararrak. Aurkariari pilota aurrean ez uzteko arazo handiagoak izan zituen. Lehen atsedenaldi luzera ezin orekatuago iritsi zen lehia, baina handik aurrera aldea handitu zuten irabazleek.

Izan ere, presioa azaldu zitzaien urdinei. Momentu erabakigarrietan ez zuten asmatu, edo, hobeto adierazita, gorrien meritua izan zen. Elezkanok ezker airez bikain gurutzatu zuen pilota, eta Zabaletak ere inspiratuta jokatu zuen. Nabarmentzekoa izan zen zabalean egin zuen dejada 18 eta 14koa lortzeko. Tanto gutxiren gorabeheran zegoen guztia, eta 20 eta 14 ere aurreratu ziren gorriak. Finalera zuzenean sailkatzea gertu izan zuten, baina Irribarriak bi tanto egin zituen jarraian, eta aukerarik gabe geratu ziren. Azkenean, 22 eta 16 amaitu zen lehia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.