Garai batekoen aldean, antzu

Gaur egungo aurrelaririk ez dago Munduko Kopako golegile nagusien artean. Orain arte, soilik Thomas Muellerrek gainditu du hamar goleko langa.

Thomas Mueller Alemaniako aurrelaria, Hansi Flick hautatzaileari bostekoa ematen Japoniaren aurkako partidan. RUNGROJ YONGRIT / EFE.
enaut agirrebengoa
2022ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
FIFAk Roger Milla omendu zuen ostegunean, Kamerunen eta Suitzaren arteko partidaren aurretik. Munduko Koparen historiako golegilerik zaharrena da Milla: 42 urterekin sartu zuen azken gola, 1994an, Errusiaren aurkako partidan. Bada, ostegunean bertan, Cristiano Ronaldo kamerundarraren atzetik jarri zen sailkapen horretan: 37 urte ditu portugaldarrak, eta penaltiz sartu zuen Munduko Kopa honetako bere lehen gola. Marka bat ezartzeko ere balio izan zion gol horrek: bost Munduko Kopatan baloia sareratu duen jokalari bakarra da. Zelaitik kanpo hautsak harrotu ditu azkenaldian, baina FIFAren arabera inoizko golegilerik onena denak 819 ale sartu ditu orain arte.

Txapeldunen Ligan inork ez du hark adina gol sartu (141), eta marka guztiak txikitu ditu Real Madrilen (450 gol) eta Portugalgo selekzioan (118). Haatik, ez dago Munduko Koparen historiako jokalaririk emankorrenen artean, ezta hurrik eman ere. Beste horrenbeste gertatzen zaie egun jardunean dauden eta Qatarren jokatzen ari diren gainontzeko aurrelari handiei ere. Ikusteko dago zer zenbakirekin bukatuko duten txapelketa, baina, hasi aurretik, soilik Thomas Muellerrek du bi zifrako kopurua: hamar gol, 2010 eta 2018 artean sartuak. Alemaniarrak 11 jokalari ditu aurretik Munduko Kopako golegileen sailkapenean, eta bat bera ere ez dabil ekinean gaur egun.

Muellerren herrikide bat ageri da lehen postuan: Miroslav Klose. Hamasei gol sartu zituen Werder Bremen eta Bayern Municheko jokalari ohiak 2002, 2006, 2010 eta 2014ko kopetan. Ronaldo Nazariok eta Gerd Muellerrek osatzen dute podiuma, hamabost eta hamalau alerekin. Urruti daude Cristiano, Messi,Suarez, Lewandowski eta enparauak.

Kluben esparruan errekorrez errekor ibili dira, nahi adina gol sartuz, baina Munduko Kopari ezin izan diote beren zigilua jarri. Zergatik? Bada, lehenik eta behin, parekorik gabeko txapelketa bat delako, bai maiztasun aldetik, bai garrantzi aldetik: lau urtean behin eta selekzioka jokatzeak egiten du berezi, baita duen mistikak ere. Gainera, denboraldi amaieran jokatzen da normalean, eta, egungo futbolean, garai horretara neke handia pilatuta iristen dira jokalari gehienak. Goi mailako aurrelariek, gainera, egurrean eman ohi dute urte osoa, markak apurtzeko gosez. Elkarren arteko lehiak itsututa ibili izan dira kluben sasoian.

Gero, kasu bakoitzak bere berezitasunak ditu. Deigarria da, adibidez, Messirena. Urrezko zazpi baloi irabazi ditu, eta beste inork baino gol gehiago sartu Bartzelonan (672). Argentinako selekzioan ere ohore hori du: 91 zituen zakuan Qatarrera iritsi aurretik. Dena dela, horietatik sei baino ez ditu sartu Munduko Kopetan. Diego Maradonak zortzi sartu zituen. Messik beti izan du inguruan haren itzala. Gainera, zuri-urdinen fatalismoak kutsatu izan du. Kanporaketetan ez du sekula baloirik sareratu, fase horretan zortzi partida jokatu dituen arren. Beldur eszenikoa, argi eta garbi. Cristianok ere multzoen fasean baino ez du asmatu. Golegile petoa denetik, kanporaketako bi partida baino ez ditu jokatu.

Selekzioaren maila aitzakiatzat erabil lezake Cristianok. Klub mailan, hobeto inguratuta egon da. Argudio horrek Luis Suarezi ere balio diezaioke. Zazpi gol sartu ditu orain arte Uruguairekin Munduko Kopan, eta berak bai, berak asmatu du kanporaketetan: bi gol sartu zituen 2010ean, final-zortzirenetan. Gero, txartel gorria atera zioten Ghanaren kontrako lehian, atepean baloia eskuz gelditzeagatik, eta ez zuen jokatu finalerdian. 2014an kosk egin zion Chielliniri, eta txapelketatik kanporatu zuten.

Jokatu ezean, jai

Golak sartzeko, jokatu egin behar da. Historian, izan dira behin ere parte hartu ez duten jokalari handiak: kasurako, Alfredo Di Stefano eta George Weah. Aurten, debuta egiteko aukerarik gabe gelditu da Erling Haaland, Norvegiak ez duelako sailkatzerik lortu. Mohamed Salahren Egipto ere ez da sailkatu. Liverpooleko izarra 2018ko Munduko Kopan aritu da bakarrik. Lewandowskik ere estreinako aldia izan zuen hura. Karim Benzemak, berriz, 2014koa du parte hartze bakarra. Qatarren aritzekoa zen, baina arazo fisikoak ez ditu garaiz gainditu. Patu bera izan du Sadio Manek. Zlatan Ibrahimovic ere min hartuta dago, eta, gainera, Suedia ez da jokatzen ari Munduko Kopan.

Beteranoak nekez hurbilduko zaizkio Kloseri, baina Harry Kane garaiz egon daiteke oraindik. Debut ikusgarria izan zuen Errusiako txapelketan: sei gol sartu zituen sei partidatan. Halere, ez dago aldi bakar bateko eraginkorrenen artean. Kylian Mbapek zazpi daramatza guztira, horietatik hiru Qatarren. Errekorra Just Fontainek du: hamahiru gol sartu zituen 1958an, Frantziarekin. Sandor Kocsis hungariarrak, berriz, 11 sartu zituen 1954an, eta Gerd Muellerrek hamar 1970ean.

Bada kontuan hartzeko azken datu bat ere txapelketako golegileei erreparatuta. Hain justu, alemaniarrak dira Munduko Kopan hamar gol edo gehiago sartu dituzten hamahiru jokalarietatik bost: Klose, Gerd eta Thomas Mueller, Juergen Klinsmann (11) eta Helmut Rahn (10).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.