Lau eta Erdiko Txapelketako finala

Bigarren txapela nahi dute

Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur, Nafarroa Arenan. Altuna III.a da faborito, baina finaletan edozer gerta daiteke

Joseba Ezkurdia, pilota jotzear, eta Jokin Altuna, hari begira, bi pilotariok iaz jokatutako finalean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
jon eskudero
2019ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Historikoki, esan ohi da buruz buruko finala dela pilotak urtean duen egunik handiena, txapelketa hartako txapelak adina baliorik ez duelako beste ezerk. Eta oraindik ere,pilotari gehienek hura dute lehiaketa kutun. Ordea, gero eta pilotazale gehiago dira lau eta erdia dutenak maiteen. Eta ez da harritzekoa, besteak beste, lau eta erdiko jokoak bermatua duelako ia beti ikuskizuna. Lau eta erdiak berarekin darama joko azkarra, abiadura, neke fisiko zein psikologikoa, intuizioa, aurreko jokoa, inprobisazioa eta abar. Modalitate hau da ikusleak eserlekutik gehien altxarazten dituena, eta ezaugarri horiek guztiak ondo baino hobeto bete ditzakeen finala jokatuko dute gaur Joseba Ezkurdiak eta Jokin Altunak, Iruñean, Nafarroa Arena pilotalekuan. Iaz gertatu bezala, Aspeko bi pilotariok arituko dira txapelaren bila, eta lehia orekatua espero da. Altuna III.a jotzen dute gehienek faborito, batez ere txapelketan zehar ongi aritu delako.

Hemezortzi urteren ondoren, bi finalistak galdu gabe iritsi dira finalera, eta horrek are erakargarriago egiten du neurketa. Azkenekoz, 2001ean jokatu zuten finaleko bi pilotariek elkarren aurka txapelketan partidarik galdu gabe, eta aurten berrituko da egoera hura. Orduko hartan, Patxi Eugik eta Abel Barriolak neurtu zituzten indarrak. Bada, Ezkurdiak eta Altuna III.ak hartuko diete lekukoa, baina biek egindako bideak antzekotasun txikia izan du orain arte. Amezketarra erraz antzean sailkatu da finalera, bai, behintzat, emaitzei erreparatuta. Erik Jakaren aurka komeriak ikusi zituen final-laurdenetako ligaxkan (22-20), baina bestela ez du asko sufritu. Ezkurdiak, ordea, hortzak estutu behar izan ditu. Final-laurdenetan, 22-21 menderatu zuen Unai Laso, 13-21 atzetik joanda. Finalerdietan, bestalde, 22-20 irabazi zion Jakari. Iaz txapeldun izan zenean, bestelako joko freskoa erakutsi zuen Arbizukoak, baina aurten azaldu du goraka egin duela psikologikoki. Horrek konfiantza emango dio finalean.

Dena den, inork esperientziarik badu lau eta erdiko finaletan, hura Altuna III.a da. 23 urte besterik izan ez arren, laugarren finala izango baitu segidan. Lehena galdu egin zuen Oinatz Bengoetxearen aurka (22-21), hurrengo irabazi Mikel Urrutikoetxearen kontra (22-21), eta iaz ez zuen txapela janzterik izan Ezkurdiaren beraren aurrean (22-17). Gaztea izanagatik, izen handien artean sartzen hasia da amezketarra. Izan ere, historian soilik hiru pilotari izan dira lau eta erdiko lau final segidan jokatzeko gai izan direnak: Eugi bitan, 1991-1994 eta 1998-2001. urte arteetan, Juan Martinez de Irujo 2008 eta 2011 artean, eta Aimar Olaizola 2011 eta 2014 artean. Olaizola da inoiz txapel gehien jantzi duena: zazpi, guztira. Zenbaki horiek urrun dauzkate oraindik gaurko bi finalistek, irabazten duenak bigarrenez jantziko baitu lau eta erdiko txapela.

Pilotalekuaren kezka

Nafarroa Arena pilotalekua da bi finalisten kezka iturri nagusietako bat. Beste ekitaldiren batzuk tartean zirelako, ezin izan dira nahi adina entrenatu bertan, eta aste honetan pare bat aldiz soilik izan dira. Ez da gehiegi ezagutzen duten frontoia, urtean zehar ia ez delako jokatzen partidarik bertan. Pilotalekua egin gabe dago oraindik, bere onera ekarri gabe. Horregatik, Ezkurdia eta Altuna III.a ez daude lasai. Ezker horman gauza arraroak egiten ditu pilotak, eta horrek izugarri zailtzen die sake-errestorako lana. Iazko finalean ere min handia egin zuen Ezkurdiak sakearekin, bost tanto lortu baitzituen. Hortaz, bi pilotariek erne ibili beharko dute lan horretan. Sakeak eta errestoak berebiziko garrantzia izan dezakete, eta lehiak boladaka joateko arriskua du.

Dena den, sakeaz eta errestoaz gain, norberak nolako eguna duen izango da garrantzitsuena. Urduritasuna kontrolatzea ezinbestekoa izango da, baita fisikoki sendo egotea ere. Altuna III.ak esana du aste barruan ez diola beldurrik partida luzatzeari, eta hori seinale ona litzatekeela berarentzat. Bi pilotariek erakutsi dute bikainak direla defentsako lanean, baina Amezketakoa aztiagoa da tantoak amaitzeko garaian. Ezker-eskuin ezin hobeto bilatzen ditu ertzak, eta Ezkurdiak hobekuntza erakutsi beharko du tantoak amaitzeko garaian, defentsarekin ez duelako aski izango. Edonork irabazten duela ere, Aspe enpresak beste titulu bat eskuratuko du, zazpigarrena jarraian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.