Mendia

75 urte, milaka taupada

Azpeitiko Lagun Onak Mendi Bazkunak 75 urte beteko ditu irailean. Gipuzkoako mendi elkarterik handienetako bat da, eta bazkide izan ditu Joxe Urbieta 'Takolo', Benantxio Irureta eta Josu Iztueta. Egitarau betea prestatu dute ospatzeko.

Mikel Agirre, Aitor Unanue eta Jexux Rezabal, elkartearen egoitzan. GORKA RUBIO / FOKU.
Unai Ugartemendia.
2021eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Azken berrogeita hamar urteetan Lagun Onak elkartean lanean ibili diren hiru mendizalerekin —hiru belaunalditakoak— da topaketa, Azpeitiko (Gipuzkoa) Eliz kaleko egoitzan. Hara sartu orduko, nabaria da mendi talde baten gunea dela: mapak, garai bateko argazkiak, liburuak... Elkartearen bilakaeraz, jasandako kolpeez, gaur egungo egoeraz eta etorkizunerako pentsatuak dituzten asmoez jardun dute.

Jexux Rezabal (Azpeitia, Gipuzkoa, 1943) Lagun Onak Mendi Bazkuna elkartearen batzordean sartu zenean, beste bi elkarrizketatuak oraindik ere mundura sortzekoak ziren. Ordura arte herriko mendi taldean ibiltzen bazen ere, 1973an ekin zion klubean lan egiteari. «Gaur egun dugun lokala erosi genuenean hasi nintzen ni ere batzordean. Ordura arte, Etxezuri jatetxean elkartzen ginen».

Iturgintzako biltegi bat zena erostea erabaki zuten bazkideek. Garai haietan, Kepa Ibarzabal zen elkarteko presidentea. Hiru urtez aritu ziren garai hartako batzordekideak, gauero, lokal hura eraberritzen, 1976an ireki zuten arte. «Lau milioi pezeta [24.000 euro] kostatu zen lokala. Lanetik atera, eta ia egunero joaten ginen bertara lanera. Dirurik ez zegoenez, auzolanean aritu behar izaten genuen». Hura ordaintzeko antolatu behar izan zituzten jaialdiak ere ondo gogoan ditu. Batzordekide bakarrik ez, 1988. eta 1991. urteen artean presidentea ere izan zen Rezabal.

Aitor Unanue (Azpeitia, Gipuzkoa, 1981), aldiz, 21 urterekin sartu zen herriko mendi elkartean. «Mendirako zaletasuna gaztetatik izan dut, baina Pirinioetara joateko aukera 20 urte ingururekin sortu zitzaigun. Orduan autorik ez genuen, eta hura zen mendira joateko aukera bakarrenetakoa». 2007an, Aritz Odriozola Zabaletxe-k presidente izateko emandako pausoarekin batera sartu zen Unanue ere lehenik batzordean. Hura ere elkarteko presidente izan zen. 2011tik 2019ra.

Hiruretan gazteena da Mikel Agirre (Azpeitia, Gipuzkoa, 1988), eta elkartean denbora gutxien daramana ere bai. Bi urte ez dira pasatu mendi elkartean laguntzeko prestasuna azaldu zuenetik. «Betidanik entzuten nuen Lagun Onak-en zeuden giroari eta elkartasunari buruz, eta beste hiru lagunekin batera batzordean sartzeko hautua egin nuen. Jende berria sartzearen garrantzia ikusten genuen». Beste hamar lagunekin, egungo batzordea osatzen duen lantaldeko kideetako bat da.

Heriotzen arrastoak

Euskal Herrian mendi elkarte gutxi izango dira bazkideren bat mendian galdu gabekoak. Lagun Onak ez da salbuespena. Urte batzuetan kolpe gogorrak jaso zituen. 2000. urtean, Joxe Urbieta Takolo hil zen; 2001ean, Pumoriko zorigaiztoko istripuan, Beñat Arrue eta Iñaki Aiertza; 2009an, Aitor Odriozola, presidentea zena; eta 2013an, Benantxio Irureta.

Pumorikoa eskualdearentzat «oso gogorra» izan zela nabarmendu dute. Urtebete ere ez zen Takolo hil zela, eta haren izenean atera zuten diru laguntzarekin abiatu zen Pumori aldera eskualdeko gazte kuadrilla bat. Unanuek argi dauka: «Urtebete lehenago Euskal Herrian Felix Iñurrategiren heriotzak eragin zuen adinako kolpea izan zen hura gure eskualdearentzat».

Baina ez zen Pumorikoa izan Lagun Onak taldeak jasotako kolpe bakarra. Rezabalek ere oso gogoan dauka Joxe Urbieta Takolo hil zenekoa. «Bezperan batera egon ginen, eta hurrengo egunean bakoitza gure kabuz joan ginen mendira. Herrira itzuli nintzenean eman zidaten albistea. Kolpe gogorra izan zen hura niretzat». Agirrek ere oso gertutik bizi izan zuen heriotza hura. «Aitaren oso laguna zen Takolo. Oraindik ere etxean zintzilik daukagu hark Nepalera egindako bidaia batean ekarritako ezpata moduko bat».

Unanuek ere ez du inoiz ahaztuko Aitor Odriozolaren heriotza. «Castillo de Acherrera joateko asmoa zuten hasieran, baina, baldintza txarrak zirela eta, Orhira joateko hautua egin zuten. Taldean zihoazen, eta atzean geratu zen. Konturatzerako, erori eta hilda aurkitu zuten». Azken kolpe gogorra Benantxio Iruretarena izan zen: 2013ko maiatzean hil zen, Aneton. Ondo gogoan dute hirurek. «Jendea erakartzeko gaitasun berezia zuen Benantxiok. Mendi elkartean ere izugarrizko lana egin zuen», nabarmendu du Unanuek.

Heriotza haiek elkarteak antolatutako irteeretan eragina izan zutela gogora ekarri du Unanuek. «Urte batzuetan izugarrizko etena izan zen irteeretan. Pirinioetara irteera bikain askoak antolatzen ziren, baina inork ez zuen izena ematen». Ordura arte, urte askoan, urtarriletik ekainera, hilean behin irteera bat egiten baitzuten Pirinioetara.

2019an antolatu zuten azken irteera Pirionioetara: «Izugarrizko taldea» elkartu zela azpimarratu du Unanuek. Orain, pandemia tarteko, dena airean dute. Baina espero dute antolatuak dituzten irteerak gauzatu ahal izango dituztela, ahal den neurrian.

Jendearen eskaria eta nahia betetze aldera, Alpeetara ere egin zituzten bidaiak. 50 mendizale inguru ere elkartu izan zituzten irteera horietan, Rezabalek nabarmendu duenez. «Nik, esaterako, Mont Blanceko itzulia egin nuen. Suitzako beste mendi batzuetan ere ibili ginen orduko hartan».

Azpeitia eta Hazparne herrien senidetasuna ere aitzakia ederra izan zen mendizaleentzat irteerak antolatzeko. Sei etapatan, urtarrilean hasi eta ekainera bitarte, bi herrien arteko bidea osatu zuten. Haietako bi etapatan 120 mendizale ere elkartu zirela gogoratu du Unanuek. Esaldia amaitzerako, Rezabalek hala gogorarazi dio Unanueri: «Gure garaian, 500 mendizale ere elkartzen ginen!».

Atzera begira jarrita, Rezabalek ez ditu berehalakoan ahaztuko elkartean sartu zeneko lehen urte eta bidaia haiek. «Askotan, Azkoititik, Oñatitik eta Antzuolatik ere jendea etortzen zen gure irteeretara. Autobusa beteta joaten zen beti». Begiak ere distiratsu jarri zaizkio Rezabali, urte haietako pasadizoak kontatzen amaitu duenean: «Orduan bai sasoia guk!». Unanuek berehala hartu du hitza: «Orain dela gutxi arte, Jexux ere gurekin etortzen zen oraindik antolatutako edozein irteerara!». Agirrek nabarmendu du zer garrantzi izan duten autobusek mendi elkarteetan. «Leku batean utzi eta bestean jasotze horrek joko handia ematen du irteeretan. Gaur egun ere, autobusak ezinbestekoak dira oraindik mendi taldeetan».

Rezabalek gogoan dauka oraindik ere urteroko kuota kobratzeko nola ibiltzen ziren jendearen atzetik. 200 bazkide inguru zituen elkarteak 1988an, eta hura izan zen presidente jarri zenean egin zuen aldaketarik garrantzitsuena. «Kontu korronteko zenbakia atera genuen, eta denak handik ordaintzen hasi ginen. Eromena zen bestela diru hura kobratzeko metodoa!», zehaztu du. Egun, 1.000 bazkide inguru ditu elkarteak. Haietatik ia 500 federatuak dira.

Urteurrena eta etorkizuna

Elkarteak 75 urte beteko ditu aurten, baina, urteurrena ospatzeaz gain, etorkizunera begira ere jarrita daude aspaldidanik. Mendi elkarteek izan duten bilakaera gizarteak izandakoaren isla baita. Azken urteetan boluntarioen eskasia sentitzen ari dira mendi taldeetan. «Gaur egun ez dira borondatez lehen adina gauza egiten. Ni ere, urte askoan nire kabuz ibili izan naiz mendian: autoz joan, mendia egin eta etxera buelta. Uste dut, Rezabalen garaian eta, eskatu beharrik ere ez zela izaten boluntario izateko».

Rezabalek argi dauka gaur egun askoz ere errazagoa dela mendira joatea, eta bakoitzak bere gisara mugitzeko aukera gehiago duela. Teknologiak asko lagundu duela ere iruditzen zaie. «Orduan, edozein lekutara joan nahi bazenuen, zerrenda aurkeztu behar izaten zen leku guztietan. Francoren garaian, esaterako, Uzturrera joan ginen batean, denen zerrenda erakutsi behar izan genien guardia zibilei, Tolosara iristean».

Gaur egun asko aldatu dira kontuak: «Denen artean adosten ditugu irteerak. Aspaldidanik egiten diren irteera finko horiek ere sakratuak dira elkartean». Agirrek argi dauka: «Denek partekatzeko moduko egutegia antolatzea izaten da lanik zailena». Baina Agirrek badu esperantza etorkizunean gazteak elkartzera bilduko direla. Azken datuak kontuan hartuta, goranzko joera argia ikusten dute bazkide eta federatu berrien kopuruan. Unanueren esanetan, inoiz baino jende gehiago dabil mendian. «Inoiz ikusi ez dudan jendea ikusten ari naiz gaur egun herriko mendietan».

Ospakizun urtea dute aurtengoa. Hurrengo hilabeteetan egitekoak zituzten irteerez gain, urte osoan zehar hilean behin egitekoak dituzten hitzaldiak jada abian dituzte. Estreinakoan, Josu Iztueta eta Iker Iriarte bidaiariak izan zituzten; Arrastoan dokumentala proiektatu zuten. Hurrengo hilabeteetan ere, izen ezagunak pasatuko dira bertatik: besteak beste, Denis Urubko, Wojciech Kurtyka eta Josema Casimiro alpinistak, Adam Ondra eskalatzailea, eta Azpeitikoak bertakoak diren Mamen Etxaniz abenturazalea eta Gorka Karapeto eskalatzailea. «Pena handia daukagu, gaur egungo egoerarekin dena zaildu egin delako, baina gauzak antolatzeko gogoz gaude», adierazi du Agirrek. Hitzaldiez gain, argazki lehiaketa bat ere antolatu dute. 75 tontor izena jarri diote. Harrera bikaina izan du, sare sozialei esker. Sariak banatuko dituzte hilero argazki onenen artean.

Ospatu beharrekoa egoeraren arabera ospatuko dutela argi duten arren, gauzak hobetuz joango diren esperantza dute. «Jendeak askotan esaten digu ea nola ausartu garen gauzak antolatzera, baina guk argi geneukan gauzak antolatzeko aukera bazegoela. Oso egutegi polita antolatu dugu, eta lan handia egin dugu», nabarmendu du Unanuek.

Osasunez bikain dago Lagun Onak Mendi Bazkuna, eta pandemiak berak ere ez du geldituko, oraingoz behintzat, haien jarduna. Taupadaka jarraituko dute etorkizunean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.