Pilota. Binakakoaren finala

Kolpeka josi nahi dute txapela

Elezkano II.a-Zabaletak eta Peña II.a-Albisuk binakakoaren finala jokatuko dute gaur, Bilbon. Bi bikoteek azpimarratu dute hamarreko lana egin ezean ez dutela irabaziko

Danel Elezkano, errematatzen, eta hari begira, Jon Ander Peña, Jose Javier Zabaleta eta Jon Ander Albisu, finalerdietako ligaxkako lehen partidan. ARITZ LOIOLA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2021eko maiatzaren 9a
00:00
Entzun
Kanta ezagunak dioen gisan iritsi dira Danel Elezkano eta Jose Javier Zabaleta, eta Jon Ander Peña eta Jon Ander Albisu Binakako Txapelketako finalera: «Kolpe, kolpe, kolpeka». Eta, kantak dioen bezala, halaxe josi nahi dute baita txapela ere, gaur, Bilbon, Miribilla pilotalekuan (17:00, ETB1).

Uste orokorra da pilotan: aspalditik ez zegoen Zabaleta bezalako atzelaririk. Sasoia, indarra, joa, eskarmentua, erregulartasuna... Sobran du denetarik. Egun ona baldin badu, ia ezinezkoa da hari aurre egitea. Eta txapelketa honetan ia egun guztiak izan ditu oso onak. Ikusgarri aritu da. Nagusi izan da norgehiagoka gehienetan. Eta, nagusitasun horri Elezkanoren gisako aurrelari fin eta seguru bat gehituz gero, erraz uler daiteke zergatik izan diren bikoterik onena. Aurrenak izan dira txapelketako lan guztietan: lehenbiziko ligaxkan, eta finalerdietakoan. Horregatik dira faborito gaur.

Hamazazpi partidetatik lau bakarrik galdu dituzte. Horietako bi bikote berberaren aurka izan dira: Peña II.a-Albisuren kontra. Horregatik, faborito izan arren, ezin dira inondik inora fidatu. Gainera, inork presioa baldin badu, haiek dute. Hasieratik ageri ziren txapela irabazteko hautagai nagusien artean, eta pronostikoak bete dituzte finalera iritsita. Baina, orain, duela lau hilabete pasatxo hasitako lana biribiltzea falta zaie. Ez dute nahi lan hori alferrikakoa izan dadin. Txapela irabazita bururatu nahi dute. Sasoiaz eta jokoaz gain, eskarmentua dute lagun: Elezkano II.ak hirugarren finala du: 2018an, txapeldunorde izan zen, Beñat Rezustarekin; urtebete geroago atera zuten arantza, txapela irabazita. Bi final horietan Zabaleta izan zuen aurkari. Atzelaria laugarren aldiz ariko da finalean; 2013an, jantzi egin zuen, Juan Martinez de Irujorekin; beste horrenbeste egin zuen bost urte geroago, Joseba Ezkurdiarekin; duela bi urte, ordea, txapeldunorde izan zen, Iker Irribarriarekin.

Ezustekoa izateari utzi diote

Askoz esperientzia gutxiago dute Peña II.a-Albisuk. Atzelaria bakarrik aritu da final batean, 2013an, eta galdu egin zuen, haren bikotekide Pablo Berasaluzek min hartu baitzuen. Ordutik du barruraino sartua arantza, eta gaur, aukera ederra du behingoz ateratzeko. Hiruzpalau urte daramatza atzelari onenekin nor baino gehiago, baina txapel bat irabaztea falta zaio Zabaletaren eta Rezustaren pare egoteko. Gaiagatik, badago, baina txapela falta zaio. Aurten lor dezake. Inoizko txapelketarik onena egin du, gorabeherarik gabea, eta horrek sekulako konfiantza eman dio. Hura da Zabaletari aurre egin dion bakarra. Debutari batekin aritu izanak ere presioa kendu dio, eta horrek on egin dio.

Baita haren bikotekideari ere. Ametsetako estreinakoa izan du Peña II.ak. Mikel Larunbe izan zen debutari izanda finala jokatu zuen azkenekoa, duela hiru urte, Oinatz Bengoetxearekin. Ohikoa da lehen aldian gorabeherak izatea, baina Peña II.a oso erregular aritu da. Ez da atzean geratu maila nagusiko aurrelariekin lehian. Aitzitik, ausart aritu da, baita eraginkor ere. Bikote perfektua osatu du Albisurekin. Errematea eman nahi diote orain arteko lan ederrari. Ez dute presiorik. Aspaldi bete zuten helburua, bikain bete ere.

Denetarik gertatu da bi bikoteek elkarren aurka jokatutako hiru partidetan: Baikokoak nagusitu ziren lehen ligaxkako bietan: 22-20 eta 22-15; finalerdietako ligaxkakoan, berriz, 22-8 irabazi zuten Aspekoek. Hiru neurketetan, ondo hasi denarentzat izan da garaipena. Horregatik, bi bikoteek garrantzi handia eman diote ondo hasteari. Hamarreko lana egin ezean ez dutela irabaziko ere azpimarratu dute. Nork egingo du hamarreko lana? Hor dago koska.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.