Lau eta erdiko txapelketa

Ilusio eta gogo berberekin

Jokin Altunak eta Unai Lasok lau eta erdiko finala jokatuko dute gaur, Bilboko Bizkaia frontoian. Gipuzkoarra da faborito, 100-40ri, baina nafarrak hortzak ongi zorroztuta ditu

Unai Laso, pilotari ematear, Jokin Altuna atzean dela, azken udako sanferminetako torneoko finalean, Labrit pilotalekuan, Iruñean. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Mikel O. Iribar.
2021eko azaroaren 14a
00:00
Entzun
Lau eta erdikoak buruz burukoaren adinako prestigio eta historia ez baditu ere, inortxok ez du ezbaian jartzen pilotako diziplinarik laburrena erakargarria ez denik. Aurreko koadroetan metatzen diren joko azkarrak, abiadurak, neke fisikoak zein psikologikoak egiten dute lau eta erdikoa erakargarri. Bada, Jokin Altunak eta Unai Lasok eltze bero horretako finala jokatuko dute gaur, Bilboko Bizkaia frontoian (16:40, ETB 1). Bi pilotari gazteen arteko demak ikusmin handia sortu du pilotazaleen inguruan.

Inork esperientziarik badu lau eta erdiko finaletan, hura Amezketako (Gipuzkoa) pilotaria da; seigarrenez jarraian ariko da lau eta erdiko finalean. Aurreko bostetatik bi irabazi ditu: Mikel Urrutikoetxearen kontra 2017an, eta Erik Jakaren aurka iaz. Bizkarreta-Gerendiaingoak (Nafarroa), ordea, estreinakoa izango du finalean. Baikoko pilotaria finalerdietara heldu da urrutien, orain dela bi urte. Hain justu, Altuna III.ak eta Lasok partida hartan neurtu zituzten indarrak lehendabizikoz, eta Aspeko pilotariak aise irabazi zion: 22-10.

Ordutik, beste hirutan jokatu dute elkarren aurka, eta beti nagusitu da amezketarra. Azken lau hilabete eskasean jokatu dituzte hiru lehia horiek; Lasok berriro profesionaletan daraman denbora da. Sanferminetako lau eta erdiko finalean, 22-20 izan zen emaitza. Estua bezain zirraragarria izan zen partida. Baita ondoren jokatu dituzten beste biak ere: bat, Donostiako ferian, buruz buru; eta bestea, Logroñoko (Espainia) sanmateoetan, lau eta erdian. 22-17 nagusitu zen bietan Altuna III.a.

Aurrekariak Aspeko pilotariaren alde badaude ere, Lasok estatistikak apurtzea du xede, eta bosgarren ahaleginean Altuna III.a menderatu. Bizkarreta-Gerendiaingoak bere izena pilotaren historian lehendabizikoz idatzita utzi nahi du. Amezketarrak, berriz, 25 urterekin haren arrastoa luzatzen segitu nahi du, eta pilotari handien zerrendan bere lekua egin. Txapela irabaziko balu, hirugarrena izango luke lau eta erdikoan, bosgarrena profesionaletan, eta Ruben Belokirekin eta Juan Martinez de Irujorekin berdinduko luke; haiek dira 25 urterekin txapel gehien irabazi dituztenak.

Gazteak dakarren abiadura

Gaurko finalaren harira, biek nabarmendu dute horrelako diziplina esplosibo batean sakea alde duenak «min handia» egin diezaiokeela aurkariari, «baldin eta abantaila horri etekina ateratzen bazaio». Lasok sakeak pozoitsuak ateratzeaz gain, pilotari abiadura ematen iaioa da oso; Altuna III.a, berriz, oso trebea da sake-errematean, eta ezkerrez zein eskuinez ezin hobeto bilatzen ditu ertzak. Txapelketaren hasieran izan zituen zalantzak guztiz ahaztuta, puntu-puntuan dago.

Erasorako eta defentsako lana ez ezik, norberak nolako eguna duen ere izango da garrantzitsuena. Tentsioa kontrolatzea ezinbestekoa izango da, baita partidaren bigarren zatian fisikoki ondo egotea ere. Apustuak 100-40ri aterako dira amezketarraren alde.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.