Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia

Bostetik bost Itzulian

Demi Volleringek irabazi du Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, esprintean. Iazko hiru etapetan eta aurtengo bietan garaile izan da Herbehereetakoa

Bostetik bost Itzulian.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 14a
00:00
Entzun
Nagusitasuna. Ez dauka beste definiziorik Demi Volleringenak (Sd Worx). Irabazle handien sena daukala erakusten ari da sasoi guztian zehar, eta Euskal Herriko Itzulian ere hala egiten ari da. Lehen etapan egin bezala, Volleringek irabazi zuen Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa, esprintean azkarrena izan ostean. Horrela, Herbehereetako txirrindulariaren eta Euskal Herriko errepideen arteko maitasun istorioak bosgarren atala izan zuen atzo, Araban. Iaz izan zen Itzuliaren lehen aldia, eta hiru etapak irabazi zituen Sd Worxekoak. Ezin izango du hori hobetu, baina marka hura berdintzeko gosez dagoela dirudi, aurtengo lehen bi etapetan ere Vollering nagusitu baita.

Sasoi honetan irabazi duena ikusita, baten batek pentsa zezakeen Euskal Herrira lanak eginda iritsiko zela. Ez da hala izan, ordea. Strade Bianche, Amstel Gold Race, Fleche Wallonne eta Lieja-Bastogne-Lieja klasikoetan gailendu ostean, bi etapa irabazi zituen Espainiako Vueltan, eta beste bi lortu ditu, oraingoz, Itzulian. Marka guztiak hausten ari da Herbehereetakoa, eta Annemiek van Vleuten (Movistar) herrikidearen ondorengoa dela erakutsi du.

Etapa ederra ikusteko parada izan zuten txirrindularitzaren zaleek, eta txirrindulariek ere gehiago gozatzeko aukera izan zuten. Herenegungo euri jasa ahaztu, eta eguzkipean ere aritu ziren. Aurreneko kilometroetan, maillot horiaren taldeak ez zuen ihesaldirik baimendu, eta saiakera guztiak zapuztu zituen. 50. kilometroa pasatu zenean lortu zuten lehen aldiz hiru txirrindularik ihesaldia sortzea: Silvia Magrik (Israel ), Giorgia Vettorellok (Bepink) eta Maria Novolodskayak (Lifeplus Wahoo). Amurrioko tarteko esprintera hirukotea iritsi zen tropelaren aurretik, baina Malkuartun (3,3 kilometro eta %4,7ko pendiza) harrapatu zituen talde nagusiak, erasoak bata bestearen atzetik kateatuta.

Orduan, Sd Worxek ezarri zuen erritmoa hogei bat txirrindulari zeuden tropelean, eta maldan behera ere hala aritu ziren, Vollering buru zutela. Ordekan, berriz, erasoak izan ziren, eta, saiakera askoren ostean, Claire Steelsek (Israel) 40 segundoren aldea lortu zuen. Alferrik, ordea. Tropelean erritmoa bizitu zuten helmugarako hamar kilometro gelditzen zirenean, eta sei kilometro aurrerago harrapatu zuen taldetxoak. Ezustean, baina esprintean erabaki zen etaparen garailea, azken metroetan. Bertan, Vollering izan zen azkarrena, eta, beste behin, testuinguruak berdin diola erakutsi zuen. Faboritoen artean inork ez zuen huts egin, eta denak elkarrekin sartu ziren esprintean.

Gauzak horrela, sailkapen nagusian ez zen aldaketa handirik izan. Maillot horiarekin jarraituko du Volleringek, eta haren taldekidea, Marlen Reusser, egongo da bigarren postuan oraindik ere, 56 segundora. Katarzyna Niewiadoma (Canyon) dago hirugarren postuan, 1.15era, eta van Vleuten, liderraren ustezko arerio nagusia, bosgarren postuan dago, 1.11ra.

Gaur erabakiko da Itzulia

Aldea dezentekoa den arren, gaur Donostian jokatuko den etapan erabakiko da Euskal Herriko Itzulia nork irabaziko duen. Donostiako Klasikoaren kutsua daukan etapan, hain zuzen ere. Donostiako erdigunetik abiatuko da tropela, eta Jaizkibel (7,9 kilometro %5,6an) izango du lehen mendatea, Lehen Mailakoa. Itzuliko azken mendatean piztuko da sua, ordea: Mendizorrotzen (4,1 kilometro %7,3an). Donostiako Klasikoan erabakigarri izan ohi den bidean, hau da, Murgil bidean arituko dira horretarako, eta, gaur egun zaila badirudi ere, bertan saiatuko dira Volleringi aurre hartzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.