Italiako Giroa

Biek lortu dute saria

Pello Bilbaok irabazi du Dolomitetako etapa handia, esprintean Mikel Landari aurrea hartuta. Arabarra hirugarren da, eta Richar Carapazek lidergoari eutsi dio

Biek lortu dute saria.
enaut agirrebengoa
2019ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Euskal txirrindulariek aparteko zeresana eman zuten Italiako Giroko 20. etapan. Pello Bilbaok (Astana) irabazi zuen, Mikel Landaren (Movistar) aurretik, eta arabarra podiumeko postuetara igo zen. Mikel Nieve (Mitchelton) ere amaieraraino aritu zen garaipenaren borrokan, eta zazpigarren izan zen azkenean. Sailkapen nagusiko txirrindulariek distira egiteko eguna zen atzokoa, baina festara batu zen Bilbao. Egun osoan sortu ziren ihesaldi guztietan sartu zen, eta, L'Aquilako etapan egin bezala, indarra eta adimena uztarturik irabazi zuen. Landak bizi abiatu zuen esprinta, 250 metrora, baina bizkaitarrak eutsi egin zion lehenik, eta gainditu gero. Iazko erregulartasunik eduki ez duen arren, Astanakoak goi mailako ehiztaria ere izan daitekeela erakutsi du Giro honetan.

Landak aukera paregabea galdu zuen bere laugarren garaipena lortzeko Giroan. Hori bai, hark ere lortu zuen saria, hirugarren postua kendu baitzion Primoz Roglici (Jumbo Visma). Murgiarra ahalegin betean jardun zen azken kilometroetan, esloveniarra azpiratzeko asmoz, eta minutu batenaldea aterata gainsariak eta Roglicek jasotako hamar segundoko zigorra tarteko, zale baten gehiegizko bultzada onartzeagatik, aurrea hartu zion sailkapenean. Hori bai, hogeita hiru segundorenabantaila baino ez dauka; printzipioz, gutxiegi gaurko erlojupekoari begira. Edonola, horrek ez du Movistar gehiegi kezkatzen, Giroa irabaziko baitu Richard Carapazekin. Lider sendoa izan da 14. etapan elastiko arrosa jantzi zuenetik, eta atzo nota onarekin gainditu zuen azterketarik zailena.

Aurkarien hordagoei eusteko eguna zen Carapazentzat. Bost mendate eta 5.500 metroko desnibela zeuden 194 kilometrotan. Horietatik 80 aldapan gora ziren. Segadetarako etapa ezin aproposagoa zen Vincenzo Nibali (Bahrain) eta Miguel Angel Lopez (Astana) ziklistentzat. Italiarraren eraso ausarta espero zen Passo Manghenen (21,3 km eta %7,5), eguneko bigarren igoeran, baina hankek ez zioten behar bezala erantzun. Haren lekuan, Lopezek hartu zuen ekimena. Erritmo itogarria jarri zuten haren taldekideek, eta helmugatik 118 kilometrora piztu zuen sua. Aise itzali zuten Carapazek eta Landak, baina erre egin ziren Roglic eta Nibali. Iraultza hotsa hasi zen entzuten podiumaren lehian.

Maila handiko iheslariak

Haatik, jaitsieran bat egin zuten onenek, eta maila handiko ihesaldia sortu zen. Bertan ziren, besteak beste Bilbao, Nieve, Giulio Ciccone (Trek), Tanel Kangert (Education First) eta Valentin Madouas (Groupama). Atzean erritmo geldoa ezarri zuen Movistarrek, eta Passo Rollen (10 km eta %4,6) faboritoek ez zuten imintziorik ere egin. Hala, aldea handituz joan ziren iheslariak, ia lau minuturen abantaila lortzeraino.

Haien aukerak apurka murriztuz joan ziren. Movistarrek estutu egin zuen Landaren mesedetan. Etapa eta podiuma nahi zituen. Bada, Croce d'Aunen (11,2 kmeta %5,3) abiatu zen, 13 kilometro falta zirenean. Beheranzkoan Nibalik eta Carapazek harrapatu zuten; ez, ordea, Roglicek, eta garesti ordaindu zuen hutsegitea. Hiru oilarrek helmugatik 3,5 kilometrora egin zuten bat ihesaldiarekin, eta, amaieran, Carapazek bideratzaile lana egin zuen Landarentzat. Bitartean, indarrak gorde zituen Bilbaok, Giro honetako bere bigarren garaipena lortzeko. 54 segundora sartu zen Roglic, eta 1.49ra Lopez, zale batek lurrera bota zuelako.

Gaur bukatuko da Giroa,17 kilometroko erlojupekoarekin. Veronan hasi eta amaituko da,eta Torricelleko igoera (4,1kmeta %4,8) du ibilbidearen erdian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.