Hausnartu, aldatu eta irabazi

Hondarribiak irabazi du Eusko Label ligako hirugarren jardunaldian, Santanderren. Orio izan da bigarren, 2,62 segundora. Urdaibaik seigarren bukatu du, atzean, 21 segundora

Hondarribiko arraunlariak atzo irabazitako estropada ageriko poz keinuekin ospatzen, Santanderko uretan (Espainia). PEDRO PUENTE HOYOS / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2019ko ekainaren 30a
00:00
Entzun
Hondarribia balio segurua izaten da urtea joan eta urtea etorri. Beti dabil hor goian. Aurtengo denboraldirako ere hortxe jarria zeukaten aurreikuspenetan, baina aurreko asteburuko emaitzek zer pentsatua eragin zuten bazterretan: estreinako bi estropadetan, laugarren. Lana ona izan edo ez taldean hausnartuko zuten, kanpoko beste eragile batzuek eragina izan zuten edo ez haiek jakingo dute, baina atentzioa eman zien zenbaiti bi laugarren leku horiek.

Zalantzatiak beste alde batera begira egongo dira orain, Hondarribiak ligako hirugarren jardunaldia jokatuta, baduelako aurreneko bandera Eusko Label liga honetan. Santanderren (Espainia) irabazi zuen atzo, azkeneko txanda menderatuz, eta erakutsiz izan dela talde barruan, edo bai gutxienez Mikel Orbañanos entrenatzailearen buruan, aurreko astekoaren hausnarketa sakon samarra. Atzo Ama Guadalupekoa traineruan dantza handi samarra egitea erabaki zuen Orbañanosek: atentzio handiena eman zuena Julen Castrillon istribor hankan ikustea izan zen, beti ababorrean ibili eta gero. Haren lekua Alex Udabek hartu zuen, iazko moduan, eta Iñaki Sagarzazu bizkarrean jarri zuen. Beste mugimendu batzuk ere izan ziren, eta Adrian Gonzalez espainiarra gorago jarri zuen, laugarren tostan, Iker Marizkurrena hirugarrenera jaitsiz. Beraz, istriborreko aldeak dantza handia izan zuen atzo.

Hausnarketek eragindako aldaketak ekarri zion traineruari beste jantzi bat. Horrek ez du esan nahi aurreko asteburuan lan txarra egin zutenik, baina atzo Hondarribia gozo hori ikusi zen uretan: arraunean luze eta lasai eginez, batere presarik gabe, begien gozamenerako.

Ohorezko txandakoek bazuten erreferentzia ona lanean hasterako: Santurtzik bigarren txandan emandako erakustaldia, horrek ere arraunketa lasaiagoaren alde eginez aurreko igandeko moldearen aldean. Zazpi segundora utzi zuen Urdaibai, emaitza aldetik burua altxatu ezinda jarraitzen duen taldea. Seigarren egin zuen atzo Bermeoko ontziak, aurreko bietan bosgarren egin eta gero.Txanda horretan, Ondarroa eta Kaiku sartu ziren gero.

Denbora ona ematen zuen Santurtzirenak, laugarren kaletik egindakoa. Kontu jakina zen eremua bihurri egongo zela, haizea ere indartsu zebilen, baina azkeneko txanda heltzerako, baldintzak leundu egin ziren. Hala ere, oso deigarria izan den azkeneko txandaren hasieran Donostiarrak egindakoa: lehen luzearen erdia pasatxo zela, hamaika segundoko atzerapena zuen Hondarribiarekiko, estropada buruarekiko, eta Santurtzi bezala, laugarren kaletik ziren Donostiarrak.

Banderaren jokoa hiru talderen artekoa zen: Hondarribia, Orio eta Zierbena. Aise ari ziren botatzen Santurtzik egindako denborak. Zierbena lehen kaletik zen, Orio alboan zuela, eta Hondarribia hirugarrenetik. Gipuzkoako bi taldeak estu ibili ziren, baina betiere Hondarribia aurretik zela. Estropadaren lehen erdian Oriori atera zion aldea erabakigarria izan zen. Lau segundo aurretik zen, eta bi baino ez zizkion jan Oriok bigarren erdian.

Azkeneko txanpa bizia

Azken luzeari ekin ziotenean, hiru segundo zen aurretik Hondarribia, eta bira ere gerturatu zitzaion Orio. Zierbena lehiatik kanpo zen. Orio azkar hasi zen erritmoa bizitzen, Hondarribiak bereari eusten zion bitartean. Bi segundoren aldea. Biak bizi jarri zirenean, segida hobea zuen Orioren traineruak uretan, baina azkeneko erritmo aldaketa ikaragarria du Hondarribiak, eta atzo ere erakutsi zuen.

Lehen txandan, Cabo erraz nagusitu zitzaien Astillero, Isuntza eta San Pedrori. Gaur, Lekeition(Bizkaia) ariko dira, itsasoan, eremu jostagarrian (12:30, ETB1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.