Etorkinaren ibileren fabula

'Arraro' eta 'arrotz' hitzekin jolastu da Jerome Ruillier 'L'etrange'-n; besteak beste, kontatzen du nola baldintzatzen duen egoera batek hori bizi duen pertsona.

2018ko azaroaren 11
00:00
Entzun
Istorioa in media res hasten da, hondo gorri bizi baten gainean lerro beltz lodiekin marrazturiko herri baten ikuspegi panoramiko batekin. Pasaporte faltsu batengatik diru ederra ordaindu ostean, bizkar zabaleko txakur burumakur bat aldapa malkartsu eta kalezulo iluneko hiri batetik bera bezalako etorkinak arraro izendatzen dituen herrialde batera abiatzen da, bere familiarentzako bizimodu hobeago baten bila. Hango kaleetan, trafikatzaileekin, polizia agenteekin, taxi gidariekin eta ezagutzen ez dituen oinezkoekin gurutzatzen da. Berak bezala, animalia itxura dute denek. Gehienek, ordea, beste aldera begiratzen dute bere ondotik igarotzerakoan, edoaxolagabetasun begiradak zuzentzen dizkiote. Gutxitan jasotzen du eskuzabaltasun keinuren bat. Salbuespen bakarra sarea da: etorkinen eskubideen alde borrokan ari diren herritarrak dira, bakoitza bere modura eta ahal duen heinean, politikarien hipokrisiak kalean duen eraginari buelta eman nahi dioten aktibista anonimoak. Bestela, gupida gutxi du herrialdeak etorri berriarentzat, sistema burokratikotik hasita.

Epiteto beldurgarria aukeratu du Jerome Ruillierrek (Tolanaro, Madagaskar, 1966) L'étrange (2016) nobela grafikoko protagonistarentzat, ezezaguna zaion herrialdean bakarrik eta dokumenturik gabe dagoen pertsonaiarentzat. Frantsesez, étrange hitzak arraro, bitxi, ezohiko adierazi nahi du. Alemanera itzuliz gero, unheimlich litzateke, hots, etxegabe, hitzaren zentzu hertsian. Étrange eta étranger, arraro eta arrotz hitzek ez dute gauza bera adierazten, baina Ruillierren nobela grafikoak berariaz bilatzen du bataren eta bestearen arteko lotura. Arrotz-en sinonimo da kanpotar, geografikoki tokiz kanpo dagoena, eta tokiz kanpo dagoena baztertuta dago, alienatuta. Arraroa dena ere tokiz kanpo dago, ez delako ingurukoen modukoa. Arraro, arrotz, etxegabe: gizartearen ertzean bizi dena.

Étrange adjektibo moduan erabili ohi da normalean, zerbait deskribatzeko. Izen moduan erabilia denean, ordea, étrange hitzak arrarotasun egoerari egiten dio aipamen, ez objektu bati, are gutxiago pertsona bati. Ruillierren nobela grafikoaren testuinguruan, adjektibotik izenerako jauziak egoera jakin batek —atzerriko herrialde batean dokumenturik gabe egoteak— egoera horretan harrapaturik dagoen pertsonaren izana zenbateraino baldintza dezakeen adierazten du, egoera eta pertsona gauza bat eta bera balira bezala antzemanak izateraino: egoera bera arraro gisa kontsideratu beharrean, pertsona bera bihurtzen da arraro.

Ezer azaldu beharrean, kontrakoa eragiten du arraro hitzak: ulermena eragotzi. Horixe azpimarratzen du L'étrange-k: protagonista begi aurrean dugu, haren presentziaren ebidentzia bada, ingurukoekin dituen hartu-emanak, baina existitu, ez da existitzen, zehazki nor den esaterik ez dagoelako. Bere bizitza ez da berea, besteek erabakitzen dutena baizik.

L'étrange-n azaltzen den istorioak berretsi egiten du izenburuak adierazi nahi duena. Lehen eszenatik bertatik, izengabeko protagonistak hitz egiten duenean, ingurukoentzat—irakurlea bera barne— ulergarriak diren hitzak ahoskatu beharrean, sinboloak ateratzen dira haren ahotik. Kontua ez da bakarrik bere hizkuntzan mintzo ez den Mendebaldeko herrialde batean dagoela; dokumenturik gabe dagoela eta, ulertezin bilakatu da, galdu egin du ahotsa.

Beldurraren ideia

Hain zuzen, protagonista den arren, istorioa ez du berak kontatzen, harekin topo egiten dutenek baizik. Azken horien ikuspegiak zehaztu eta baldintzatu egiten dute protagonistaren ibilbidea. Narratzaile-lekuko horietako batzuk mesfidantzaz zuzentzen zaizkio protagonistari, hari buruz gutxi dakitelako —irakurleak ere egoera berean daude, egileak protagonista ezagutzeko aukera gutxi ematen duelako—.

Edo jakin badakite zerbait protagonistari buruz, ez hark zuzenean esanda, komunikabideek eta Nicolas Sarkozy eta Marine Le Pen bezalako politikariek errefuxiatuen eta dokumenturik gabekoen gainean adierazitakoetatik baizik: etorkinak beldurgarriak dira, ez dira fidatzekoak, gaizkia egitera datoz. Ruillierren lanak beldurraren ideia horri heltzen dio, zalantzan jartzeko: protagonista gainerako pertsonaiak baino handiagoa da, eta haren itzalak espazio zabala betetzen du, baina, haren aurpegiari erreparatuz gero, nahasmena, tristura eta atsekabea besterik ez da antzematen.

Denboraren poderioz, mesfidantzak ongietorriari bide egin diezaioke, eta beldurgarria zena ezagun eta familiar bilakatu. Are gehiago, familiarra dena aberastu egiten da beldurretik askatzearen ondorioz. Tamalez, L'étrange-ko protagonistak ez du halakorik ezagutzerik lortuko. Familiari laguntzearren hartutako erabakia, arriskutsu ez ezik, garesti ere aterako zaio.

Etorkinen gizatasunaren kontrako tratamendua hizpide duen Amnesty Internationalek egindako txosten batetik hartutako pasartearekin amaitzen da Ruillierren nobela grafikoa: «Formaren eta testuinguruaren arabera, erbeste egoera modu batekoa edo bestekoa izan daiteke, baina hura jasan behar dutenek ezberdina eta bestea izateari aurre egin beharko diote beti».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.