Pegarrak leize 'sorginduan'

Burdin Aroko hiru pegar aurkitu dituzte Ulizar mendiko kobazuloan. Akelarre gune eta gudarosteen gordeleku izan zela transmititu dute herritarrek ahoz aho.

Ander Otaño, Xabier Arruti eta Joseba Urrutia Ulizarko kobazuloan lanean, Alfredo Moraza arkeologoaren begiradapean. LUIS JAUREGIALTZO / FOKU.
Iker Tubia.
Areso
2018ko abuztuaren 19a
00:00
Entzun
Izena duena badela esan ohi da. Areson (Nafarroa), aski ezaguna da Ulizar mendiko kobazuloa, ahoz aho transmititutakoa. Hala ere, orain gutxi arte, kobazulorik ez zegoen agerian. Sorginen akelarreak eta frantses gudarosteen istorioak gordetzen omen zituen kobazulo hark. Inguru hori bizitoki zela, horixe frogatu nahi izan zuten Burdina taldeko kideek. Lau urte daramatzate Ulizarren lanean, eta dagoneko kobazuloa ikusgarri da. Gainera, hainbat aurkikuntza egin dituzte. Azkenekoak, Burdin Aroko pegarrak, duela 3.000 urtekoak.

Leitzarango historia eta kultur ondarea balioan jartzeko eta zabaltzeko taldea da Burdina, eta Aranzadi zientzia elkartearen laguntzarekin aritu dira Ulizarren lanean. Lau urteko lana izan da, eta, orain, ikusteko dago bigarren fase bati ekiterik izanen dioten. Joan den astean egin zituzten azken lanak Ulizarko kobazuloan. Dena bildu aurretik eman zituzten azalpenak: «Beti tradizioak egon dira. Bizitoki zahar batengisa ikusi da hau, eta frogatu nahi izan ditugu honi lotuta dauden istorioak», azaldu du Alfredo Moraza Aranzadiko arkeologoak. Horretarako arakatu dira garai bateko baselizaren —suntsiturik dago— inguruak eta, «elementu nagusia», kobazuloa.

Sorginak eta inkisizioa, biak loturik omen daude kobazuloarekin. Diotenez, leize handia zen Ulizarkoa, nahiz eta orain ezin diren dimentsio osoak ikusi. Txapela eroria du, eta soilik gune bateraino induskatu dute. Dena den,handia dela baieztatu dute han lanean aritu direnek: «Orain ikusten denarekin alderatuta, garai hartan zena oso desberdina izango zen». Morazak azaldu duenez, Nafarroako mendialdean inkisizioak prozesu bat egin zuen, eta inguru haietan hainbat emakume atxilotu zituzten: Areson bederatzi, Leitzan hamabi, Gorritin sei, Azpirotzen zazpi, Uitzin bost, Lekunberrin hiru...

Prozesu horren froga idatziengatik jakin liteke kobazuloaren berri. 1576. urteko agiri batean Aresoko Katalina ageri da: inkisizioak sorgintzat jotzen du neskatila hori, eta kobazuloan bilkurak egiten zituztela dio. «Hemen atxilotutako emakumeak libre utzi zituzten», azaldu du arkeologoak. Izan ere, salatu zituzten neska gehienak adinez txikiak ziren, eta prozesuak bertan behera utzi zituzten.

Garai hartan, bere ildotik kanpo geratzen ziren pertsonak bideratu nahi izan zituen Eliza katolikoak. Diotenez, kobazulo horretan akelarre handiak egiten zituzten, hirurehun lagun biltzerainokoak. Horregatik eraiki zuten baseliza haren gainean, inguru hori sorgindurik zegoelakoan. «Baselizak eraikitzea sorgindutako edo kutsatutako tokiak kristautzeko modua zen».

Kobazulo horretan ezusteko aurkikuntzak egin ditu Burdina taldeak, sorginkeriarekin deus ikustekorik ez dutenak: pegar puskak. Orotara, hiru pegar aurkitu dituzte. Morazak dio Burdin Arokoak direla, eta urte bukaerarako zehazten ahalko dutela gehiago arrasto horien data. «Beraz, pentsatzekoa da bizitoki gisa erabili zela», gehitu du. «Inguru honetan, seguruenik, artzainak biziko ziren. Pegarren puskak eta jandako animalien hezurrak aurkitu ditugu». Baliteke arrasto gehiago egotea, zaharragoak, baina arkeologoak uste du askoz ere zaharragoak ez liratekeela izanen.

Frantsesen aterpe

Ez dira horiek Ulizarko kobazuloak gordetzen dituen istorio bakarrak. Areson hainbaten ahotik adilitezke Konbentzio Gerrako kontuak. Horiek ere piztu dute Burdina taldekoen jakin-mina. Kontua da hainbat bertsio kontatzen direla, eta ezin jakin zein den benetakoa, benetakorik baldin bada. «Batzuek esaten dute frantsesak ihesean ari zirela, hemen aterpea hartu zutela, eta koba lehertu zutela haiek barruan zirelarik. Beste batzuek diote hemen armak ezkutatu zituztela, eta, aurrerago, berriz armategi gisa ez erabiltzeko lehertu zutela kobazuloa», dio Morazak. Leherketa beti aipatzen da, hori bai.

Frantsesak handik pasatu zirela jakina da. 1794an, Iruñetik ihesi, Areso erabat suntsitu zuten. «Eliza eta bi baserri geratu ziren. 80 baserri eta baseliza kiskali zituzten». Kobazuloan ez dute frantses gudarostearen arrastorik aurkitu, baina garai bateko baselizaren inguruetan bai: dozena erdi proiektil eta giza hezurrak. «Ez dakigu soldaduren bat lurperatuko ote zuten». Beste bertsio baten arabera, Napoleonen gerra bukatzean frantsesak ihesi —baina beste noranzkoan— hor ezkutatu ziren. «Kobazuloa aterpe gisa erabiltzea logikoa litzateke, toki egokia baita. Benetan lehertu zuten edo ez? Ez dakigu, baina tradizioa hor dago».

Hori izan da Burdina taldeak lau urte hauetan egindako lanaren emaitza. Tarte horretan, lau kanpaina egin dituzte bertan. Taldean 60 lagun badira ere, aurten laurekin aski zuten. Aurretik, hori bai, behar izan dutenean, aresoarrek lagundu diete. «Lan arkeologikoa egin dugu, lan fina: lurra atera eta zer dagoen ikusi», azaldu du Xabier Arruti Burdina taldeko kideak.

Egindakoarekin kontent agertu da: «Gutxienez ari dira gauzak ateratzen. Guretzat, oso garrantzitsua da, ezer ez baduzu aurkitzen, etsitzen zarelako». Joseba Urrutia ere lanean aritu da: «Lan polita da. Ni ikasten ari naiz orain», azaldu du. «Zeramika bat aurkitzen genuenean, jo, nola jartzen ginen», gogoratu du. Ez da hori haien proiektu bakarra; esku artean dituzte garbitegiak, errotak, burdinolak...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.