Mediaprori 51 milioi euro ordaintzera zigortu dute Prisa taldea

urtzi urkizu
2019ko apirilaren 13a
00:00
Entzun
Madrilgo Probintzia Auzitegi Zibilak Prisa komunikazio taldea (El País egunkaria, SER irratia...) zigortu du Mediapro ekoiztetxeari 51 milioi euro ordaintzera. 11 urte luze dira auzia hasi zenetik—futbolaren gerra izendatua—, eta horren ondorio da zigorra. Sententzia irmoa da, eta ezingo da helegiterik jarri. 2007an, Prisak Mediapro salatu zuen. Kontratuak ez betetzea leporatu zion, futbol partiden seinalea Prisaren bezeroei emateari utzi zionean. Prisak ez zuen nahi Mediaprok bere aldetik taldeekin kontratuak sinatzerik, konpetentzia legeak hausten zituelakoan. Madrilgo auzitegi batek kautela neurriak ebatzi zituen 2007ko urrian, eta Mediaprori futbol taldeen ikus-entzunezko eskubideak ustiatzea debekatu zion. Prisari iritsi zaion zigorra Mediaprok izandako kalteen arabera kalkulatu dute.

Prisak nabarmendu du Bartzelonako Probintzia Auzitegiak salaketa baten inguruko sententzia eman behar duela oraindik. Salaketa horretan, Prisak 85 milioi euro eskatzen dizkio Mediaprori, 2007-2008ko eta 2008-2009ko denboraldietan ikus-entzunezko eskubideak «legez kanpo ustiatzeagatik». Ostegunean, Prisak 200 milioi euroko kapital handitzea onartu zuen. Taldeak esan du Mediaproren aferak ez duela horretan eragingo.
Gaiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.