Maria Obelleiro. 'Nos Diario'-ko zuzendaria

«Inflexio puntu bat behar da Galizian»

3.000 harpidedunen babesarekin abiatuko da ostegunean 'Nos Diario', galizieraz argitaratutako egunkari berria. Hizkuntzaren hutsuneaz gain, hutsune informatibo bat ere bete nahi du, Obelleiroren esanetan.

IRENE PIN / NOS DIARIO.
jakes goikoetxea
2019ko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Osteguna egun garrantzitsua izango da galizierarentzat: Nos Diario egunkariaren lehen zenbakia kaleratuko dute (nosdiario.gal). Maria Obelleiro kazetaria du zuzendari (Arcade, Galizia, 1985). Eskarmentua du kazetaritzan eta ardura postuetan, Sermos Galiza galegozko astekariaren zuzendari izan baita 2016tik. Astekariaren egituratik jaio da egunkari berria. Asteartetik larunbatera argitaratuko dute: astegunetan 32 orri koloreetan, eta larunbatean 64, horietatik 32 asteburuko gehigarri batenak.

Alde handia nabaritu al duzu astekaritik egunkarira?

Bai, erredakzioaren neurriagatik, astekariarena askoz ere txikiagoa baitzen. Erredakzio talde berri bat gehitu zaio lehengoari [astekarikoari], eta hutsetik hastea izan da.

Zein izango da zuen neurria?

Hamabi kazetari, bi maketatzaile, argazkilari bat, zuzendariordea eta zuzendaria. Eta kolaboratzaile sorta zabala.

Ordezkaritzarik?

Oraingoz ez. Erredakzio nazionala izango da gurea.

Hasierako helburua 3.000 harpidedun lortzea zen. Urtarrilean jada lortu zenituzten. Horrek bermatzen du proiektuaren bideragarritasuna?

3.000 aurre-harpidetza behar genituen gutxienez egunkariaren finantza egonkortasuna lortzeko. Modu xumean hasi gara, eta etorkizunean, jendeak proiektua babesten jarraitzen badu, hazi ahalko gara. 3.000 harpidedun horiek egitura honi eta neurri honi urtebetean eusteko ematen dute. Galiziako hirugarren egunkaria izango gara harpidedunen kopuruan.

Gaur egun komunikabide berri bat sortzen hasita, paperekoa?

Sermos Galiza-ren bosgarren urteurren festan, kolaboratzaileek eta harpidedunek urrats bat gehiago egitera animatu gintuzten: oso lan ona egiten genuela, baina ez zuela beharko lukeen zabalkundea zioten.

Garestiagoa da.

Finantzen ikuspegitik, papera da Galiziako egunkarien oinarria, bai harpidetzengatik, bai publizitateagatik. Horrekin eusten diogu digitalari. Papera, digital indartsuago bat lortzeko. Hori da gure leloa. Gainera, egunkari digitalek, oraingoz, ez dute paperekoen sinesgarritasuna. Papera bizirik dago.

Ez al da ezer argitaratzen galizieraz eguneroko prentsan?

Galiziako hamabi egunkarietatik bakar bat ere ez da galegoz. Galiziera anekdotikoa da haientzat. Anormaltasun historiko hori bukatzen lagundu nahi genuen. Eskaera badago; hor daude 3.000 harpidetzak.

Galizieraz argitaratzea duzue nortasun ikurra. Eta kazetaritzari dagokionez?

Ez dugu nahi jendeak harpidetza egitea galizieraz delako, kazetaritza motagatik baizik. Galiziako egunkariek agenda kanpotik inportatzen dute, ez dituzte aintzat hartzen galiziarren interesak eta hainbat gai: feminismoak, ekologismoa, diaspora, gizarte mugimenduak, eskubide zibilak, kultura, hizkuntza... Inflexio puntu bat behar da Galizian, Nos Diario-ren moduko komunikabide bat, Galizian eta galiziarren interesetan oinarritua. Galizia da gure erdigunea.

Galiziako Gobernuak ematen al die laguntzarik galizieraz argitaratutako komunikabideei?

Oso kritikoak gara horrekin. Agintarien sokako komunikabideak saritzen dituzte, eta komunikabide gutxi batzuek jasotzen dituzte laguntza gehienak. Ez dira bidezko laguntzak, ez dago irizpide argirik eta objektiborik. Ez gaude horren mende; 3.000 harpidedunen oinarria dugu.

Azken urteetako datuen arabera, galiziar gehienek erabiltzen dute galiziera egunerokoan, baina galizieraz irakurtzera ohituta daude?

Jendeak ulertzen du, eta badaki irakurtzen. Galizian dagoen arazo nagusia da gobernuak ez duela galegoa babesten. Askotan, galegoaren kontrako legeak ere onartzen ditu, eta horrek arrasto bat uzten du gizartean, zabaltzen du gaztelania dela garrantzitsua, eta galegoa kulturari, ohiturei, hizkuntzari-eta lotu behar zaiola. Hizkuntza bat bigarren mailako gisa tratatzen baduzu, horrek eragina du gizartean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.