Donostiako 68. Zinemaldia. Zabaltegi-Tabakalera

«Filmatzea bestela so egingo ez niekeenei so egitea da niretzat»

Marina Palaciok aita eta lehengusua jarri ditu kameraren aurrean 'Ya no duermo' film laburrean, aitari sumatzen zion sormen gordera hurbiltzeko nahiarekin

Atzo aurkeztu zuen Palaciok Ya no duermo film laburra, Donostiako Zinemaldiko Zabaltegi-Tabakalera sailean. MADAVENUE.
itziar ugarte irizar
Donostia
2020ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Elias Kerejeta Zine Eskolatik zuzenean Donostiako Zinemaldira egin du urratsa Marina Palaciok (Donostia, 1996), Ya no duermo film laburrarekin. Motzean, banpiroen inguruko pelikula bat egitearekin amesten ari diren heldu baten eta ume baten inguruko istorioa kontatzen du. Heldua, ordea, Palacioren aita da (Jesus Palacio) eta umea, haien lehengusu eta iloba (Miguel Burgueño). Eta hor aldatzen dira gauzak. Zinemagileak errealitatearen eta fikzioaren arteko mugetara eraman du kamera, eta sortzeko gaitasuna bera jarri du filmaren sakoneko gaien artean. Jaialdiko proposamen irekienak jasotzen dituen Zabaltegi-Tabakalera sailean estreinatu zuen filma, atzo.

Proiektuaren abiapuntua nolabaiteko intuizio bat izan zen Palaciosentzat: «Film bat egin nahi nuen, eta ez neukan ideiarik ere zer aterako zen. Oso irekita nengoen. Ez neukan ezer idatzia, ez neukan ezer buruan; soilik gauza bat: nire aita nahi nuela izatea protagonista». Aitari beti sumatu izan dion sormen gaitasunagatik. «Ez du askorik erakusten, eta bere alde hori atera nahi nuen». Hasieran ezetz esan zion, ez zuela parte hartuko. «Nire amonarekin beste film bat egin nuen aurretik [Amá, 2018], eta ikusi ninduenez amonaren atzetik nola ibili nintzen kamerarekin, ez zuen inondik ere berarekin berdin aritzerik nahi». Baina, aita banpiro munduaren zale amorratua izanik, filma hor girotuko zuela esan zion, amu gisara, eta hala lortu zuen haren baiezkoa.

Hormaren kontran jarrita, zera esaten dio ilobak osabari filmean: «Pelikula bat egiteko gogoa dut, emaitza zein den ikusteko». Bera izpiritu horrekin aritu den galdetuta, emaitzari garrantzia kendu eta prozesuari eman dio dena Palaciok. «Bilaketa oso handi bat izan da, etengabea, zeinak egun batean filma norabide batean jarri duen eta hurrengoan bestean. Garrantzia dena prozesuari eman diot, errealitateak ematen zizkidan irudiei, eta inprobisazioetatik ateratzen genuenari».

Denera, urtebetetik gora aritu da Palacio irudiak hartzen. Aita filmatu zuen asko hasieran, bere eguneroko zereginetan. «Saiatzen nintzen elkarrizketa interesgarriak probokatzen, baina, bere alderdi sortzaile hori filmaren parte izatea nahi nuenez, zaila egiten zitzaion iritzia ematea». Lehengusua proiektura batzeak, ordea, distantzia hartzen lagundu zion; orduan soilik hasi ahal izan ziren elkarrekin idazten. Aita-alabek sinatu dute gidoia azkenean.

Sukaldeko sormena

Sormenaren ideia erromantiko bat deseraikitzeko ere baliatu nahi izan du proiektua Palaciok, eguneroko mugimenduetan egon daitekeen sormen gaitasuna azalera ekartzeko: «Filmatzea bestela so egingo ez niekeenei so egitea da niretzat, ziurrenik pelikula baterako izango ez ziren egoerak eta irudiak hartzea. Gauza txikiak. Eta hori da Ya no duermo: ume bat, kapa bat, heldu bat, eta Gaztela-Leongo larreak».

Euren burua interpretatu behar izan dute filmean Palacio aitak eta Burgueñok. Baita elkarrizketarik «naturalenetan» ere. Gaia ematen zien zuzendariak, eta euren kasa uzten zituen hizketan, ondoren hortik nahi zuena hartzeko berak. «Material hori zentzu bat hartuz joan ahala, ikusi nuen beste irudi batzuk ere sortu behar nituela, prestatuagoak, finkoagoak, hainbeste inprobisazio orekatuko zutenak. Argiarekin, musikarekin eta bestelako elementuekin ere jolastu ahal izateko». Horien artetik, batik bat, musikari jarri dio azpimarra egileak: Paula Olazek egin du.

Fikzioaren eta errealitatearen artean jolastu duen gisan, jolastu du helduaren eta haurraren arteko harremanarekin. Goitik beherako erlaziorik ez dago; biak agertzen dira parez pare, film bat egiteko ametsari helduta. «Filmean agertzen den bezalakoa da euren harremana errealitatean ere; lotsatia, hotz samarra. Baina berdinetik berdinerakoa». Istorioak sortzea —kasu honetan banpiroen film bat grabatzea— haurren gauza den ideiarekin ere puskatu du horrela egileak: «Nire ustez, aita da umea pelikulan, eta heldua lehengusua. Ilusioak berdintzen ditu, eta polita iruditzen zait hori».

Palaciok Elias Kerejeta Zine Eskolan ikusten du proiektuaren habia. Hango kideekin partekatu du bidea, baina, horrekin batera, filmatzeko materiala eskura eduki izana eskertu du. «Argi dago: ez banu zinema eskolako ekipo osoa urtebetez nire eskura izan, gaur ez zen pelikularik izango. Proiektuagatik, ezingo zen: hilabete luzeak izan dira materiala grabatzen». Aurrez, Arte Ederrak ikasi zituen Madrilen —bere eskultura bat ere ageri da filmean—, eta «jarraipen naturaltzat» ulertzen du batetik bestera egindako bidea. «Pintura, eskultura, beste mundu batzuetara hurbildu izanak lagundu dit irekita egoten, bilaketari leku egiten».

Zazpi-zortzi hilabete materiala pilatzen joanda, egilearen krisi pertsonal batek zeharkatu zuen proiektua, eta, erortzen uztetik, arriskatzeko indarra hartu zuela dio. «Banpiroak? Ba, banpiroak. Pelikulak krisi horri esker egin du aurrera azkenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.