Errekoletoak: bake ekarle?

Inkisizioak Ziburuko errekoletoen komentua eraiki zuen, xifritu berri zituen euskaldunen «baketzeko». Interpretazio zentroa bilakatzeko obrak fite hasiko dira.

Ziburuko errekoletoen komentuko kaperan, bisitariak goratasunari begira. GUILLAUME FAUVEAU.
Ainize Madariaga
Ziburu
2021eko uztailaren 11
00:00
Entzun
Asfaltozko itsasoak itotzen du. Nork usteko zukeen Ziburuko (Lapurdi) portuko aparkalekuak XVII. Mendeko komentua kukutuko zuenik? Arrantzaren joan jinek ederki kamuflatu dute mendeetako eraikina, denborak ondare bilakatu duena. Denborak deboilatu duen injustizia. Abaildua den oroimena.

Hogeita bortz bat lagun elkartu dira ostegunean errekoletoen komentua bisitatzeko, irailean obrak hasiko baitituzte, ondare eta arkitekturaren interpretazio zentro bilakatzeko.

Kontrastea deigarria da: asfaltotik Larhungo harlauzetara urrats bakarra baita, borta bakarrak bereizten baititu 400 urte. Maila batzuk jautsi, eta komentuaren klaustroa dago. Bisitariek adi entzuten dituzte gidaren eleak: «1609ko Inkisizioak traumatizaturik utzi zituen Donibane Lohizuneko eta Ziburuko biztanleak. Frantziskotarrak ekarrarazi zituzten baketze misioarekin. Fidelen erdian egon nahi zuten». Errekoletoak Frantziskotarren ordena bat ziren. Gehitu du garai hartan Espainiak kanporatu juduak eta buhameak heldu zirela, eta haiek «bortxaz» konbertitzeaz ere arduratu zirela.

Bake bakoitia

Oroitarazi beharra da zein zen testuinguru historikoa: Frantziako eta Nafarroako erregea hil zuten, Parisen. Maria Medicis emazteak, Richelieu kardinalak eta Jesuitek izan zuten zerikusirik.

Biharamunean, Medicisek higanotak bota zituen estatu kontseilutik, papistez ordeztuz, bertzeak bertze, Pierre de Lancre demonologoa. Orduan bukatu zuen sorgin ehiza, bi estatuen arteko muga zedarritu eta gero, eta predikariak bidali zituzten, preseski, «bakea ezartzeko».

Ziburu eta Donibane Lohizune artean, uharte neutro bat bazen, nehorena ez zena. Baionako apezpikuak hor eraikiarazi zuen orain Zibururena den errekoletoen komentua, 1643an.

Claude Labatek sorginkeriazidatzi lanean ohartarazten du tokia «sinbolikoki azkarra» zela. Hor baitzen dena abiatu 1605ean: «klanen arteko gerla». Agertzen du ere zertara jin omen ziren errekoletoak Euskal Herrirat 1611n: «Desegiteko sekta haragikoi eta libertino hauen akats zikinak». Helburu politikoak eman zion izena komentuari: «Bakearen Andre Dona Maria».

Klaustroaren erdian, putzu bat dago, zeinak komentuari ur edangarria ematen baitio: «Gotorleku militarretan atzematen direnak bezalakoa da. Venezian ere bada». Oin peko zola doi bat hanpatua da, zisterna lurpean baita. 1662az geroztik martxan da XX. mendearen hastapena arte bertan bizi izan diren familiei edaten eman dien putzua. «Ur gaziz inguratua den uharte batean ur edangarria lortzeko sistema zen», xehatu du gidak.

Zailtasun handiz jautsi dira bisitariak putzua dagoen patiotik klaustrorat eta kanporat: hiru maila irregular altuak ez baitira urrikari bisitari adindunez.

Kanpotik inguratu du komentua taldeak, saihetseko bortatik komentuko bi geletara sartzeko. 1791n kanporatu zituzten fraideak, frantses iraultzatik landa, eta, horrekin batera, zeuden artxibo guziak erre zituzten. Hala ere, komentuak beti Frantziaren zerbitzuko segitu du: aduanak ongi baliatu baititu 1821etik orain dela gutira arte. Bisitarietako bat bertan sortua da: «Aita aduanakoerrezibitzailea zen, baina nik ez nuen komentua barnetik sekula ikusia!».

Barnean dauden bi geletan utzikeria nabari da; freskoak tapatuak izan dira, deseginak, edo apalategiak ezartzeko zulatuak. «Liburutegia edo ikerketa gela zatekeen hau. Apainketak Italiako patio baten itxura eman nahi du. Zitori lilia frankotan marraztua da, zutabe faltsuen gainean».

Berrizte lanetan berreskuratu nahi dituzte baratzen diren fresko guziak, gainetik ezarri tindua arta handiaz kenduz. Maketa bat ezarriko dute, eta bideoa bat proiektatuko sabairat, zeinak bi hirien eboluzioa erakutsiko baitu mendez mende. Pasabide luzean, bigarren borta batek aduanek soto gisa baliatu zuten salarat ematen du: «Pertsonalki, gela hau dut gustukoen, errekoletoez gehiago jakiteko informazioa ematen baitigu. Uste dut fraideek beraiek zutela freskoa egin. Askoz figuratiboagoa da. Estaldura kendu beharko da pekoa deskubritzeko, eta oso hauskorra da».

Donibane Lohizuneko Lohobiaga etxeko jabeak arretaz entzun du bisita; Frantziako Luis XIV.aren etxea ere deitzen diote. Berantetsia da fresko guziak agertzea, urte berean eraiki baitziren komentua eta bere etxea; beraz, pentsatzen du bi eraikinetan artista berak egin zituzkeela freskoak.

Gaineko gelak ezin izan dira bisitatu, arrantzako eta portuko bulegoak baitira. Obren ondotik, Ziburu eta Donibane Lohizuneko arrantzaren historiaz erakusketa iraunkorra apailatuko dute bertan, bale arrantzatik hasiz, 150 metro karratutan.

Kapera kapeta

Berriz ere kanpora atera da taldea, hirugarren borta batetik sartu behar baita kaperarat heltzeko. Obretan den garaje bat zeharkaturik, tupustean agertzen da kaperaren ezusteko monumentaltasuna, nehondik ikusten ez dena. Izugarri luzea eta gora da: «Eraiki zelarik, Ziburu eta Donibane Lohizuneko elizak baino handiagoa zen hau. Pentsa ezazue zeinen erakargarria zen biztanleendako. Gunea irekia zen».

Frantziskotarren ordena horren araberako arkitektura aplikatu diote kaperari: «Hitsa, apaindurarik gabekoa eta pobrea». Sabaia sinplea du, zurak agerian; ez da gangatsua, non ez den aldare gainean. Leihoak biziki gora ditu, eta karratuak, neholako beiraterik gabe.

Galeria izandakoa kukutua da oraingo egunean. Bertatik kantatzen bide zuten fraideek, sinestunekin batera, baina, aldi berean, bereiz.

Bitxia bada ere, elizaldetar anaien gazitegia izan zen kapera, bai ere, berantago, aparkaleku bat. Film bat egiteko fresko bat ageri da, zeinean arrantzaleak ageri baitira: «Ez dugu atxikiko».

Urtubiako jaunak komentuan iragan nahi izan zituen bere ondar urteak, eta horretarako etxea eraikiarazi zuen. «Zendu ondoan errekoletoen esku uztearen truk», azpimarratu du gidak. Sua piztu zuen jaunttoak paradisurat nahi zuen sartu, nonbait.

Obrak irailean hasiko dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.