Felix Linares. ETB2ko 'La Noche de...' saioko aurkezlea

«Oso luzaroan aritu naiz matraka ematen»

Telebista utziko du etzi Linaresek, 28 urtez 'La Noche de... ' zinema saioa aurkezten aritu eta gero. Dani Alvarez ordezkoari gomendatu dio «naturala» izateko, «erreferentziarik ez balego bezala».

ETB.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 9a
00:00
Entzun
Kazetaria eta zinema kritikaria da Felix Linares (Bilbo, 1947). Nahiz eta ETB2ko La Noche de... saioa utziko duen, Radio Euskadiko programetan jarraituko du.

«Hogei urte ez dira ezer», dio Carlos Gardelen tangoak. Baina 28 urte badira zerbait, ezta?

Eternitate bat dira. Asteroko saioa izanik, 1.500 programa egitea bada zerbait, bai: nire bizitzaren heren bat baino gehiago inbertitu izana. Ez dute pisurik nigan, edo hala uste dut, baina oso luzaroan aritu naiz matraka ematen.

Irratian jarraitu egingo duzu.

Gauza guztiak ezin dira kolpean utzi. Ur azpi sakonetik ziztu bizian gorantz egiten baduzu, birikak lehertuko zaizkizu. Gradualki joan behar da igotzen.

Erretiro urtearekin adar jotze asko jasotzen al dituzu?

Urte asko dira batzuek esaten didatela badudala adina erretiroa hartzeko. Batzuetan, ematen zuen estatu auzia zela. Apur bat jazarria sentitu nintzen, baina orain oso babestua eta maitatua sentitzen naiz. Goxotasun handia ari naiz jasotzen.

Zer da La Noche de... saiotik faltan gehien nabarituko duzuna?

Niretzat goiza da eguneko unerik ahulena, gautxoria bainaiz oso. Eta astero goizetan grabatzen genuenez, goizeko adrenalina ziztadaren falta sumatuko dut. Lankideek badakite hontz bat bezalakoa naizela, eta saiatzen dira goizetan ni bakean uzten.

Oroitzapenen kutxa zabaltzean, Iñaki Pangua zenaz gogoratzen al zara?

Bai, nola ez. Panguak hasi zuen dena. Hark izan zuen ideia, eta Pello Sarasola zenarengana jo zuen. Sarasolak erantzun zion bazuela aurkezlea: Radio Euskadin zinema saioak aurkezten ari zen norbait. Hiru urte neramatzan zeregin horretan, 1992tik. Ez zen hautaprobarik egon. Panguaren deia jaso, eta horretara jarri ginen. Pangua pertsona berezia zen, zinemazalea zen, irudiaren maitalea, eta hari esker gaude hemen.

Zein izan da sekretua programak hainbeste urte iraun dezan?

Lantalde osoaren profesionaltasuna. Talde txikia gara, baina nukleo gogorrak asko maite du zinema, eta buruari bueltaka dabil egun osoan. Orain Internet dago, baina garai batean zinemaren entziklopedia ginen Euskadin.

Ikusle datuei egin al diezu kasu?

Bai, asteazken goizetan egiten dudan lehen gauza izaten da. Kontua da telebistan ikusle datuak txikiak badira, kalera zoazela. Bestetik, gero eta jende gehiagok ikusten bazaitu, sentsazioa da egin duzun horrek merezi duela. Ikusle datuak txikiak direnean, aldiz, neurri batean porrot egin duzula ematen du.

Saioan eman diren filmen artean, maisulanak, kaskarrak eta maila ertainekoak egon dira. Nola defendatzen da film txar bat? Aktore ona izanez?

[Barreak] Nahiko nuke aktore ona izan. Tira, kontatu izan dut nire metodoa: esaten dudanean filma ona dela, ikusi dudalako eta benetan ona iruditzen zaidalako da. Aldiz, esaten badut Brad Pitt dela filmeko protagonista, ez dut esaten ona denik. Gezurrik ez dut esaten, baina gauza batzuekin isildu egiten naiz.

Zineman egingo al zenuke lan?

Ez, inolaz ere. Plano bat grabatzeko ordu piloa behar dituzte. Jasangaitza da.

Irratiko zuzenekoa hobeto?

Bai, kolorerik ez. Irratia zoragarria da niretzat. Gaur egun, zortzi irratsaiotarako ari naiz lanean.

Telebista konbentzionalean filmak emateak ba al du etorkizunik?

Zinema maldan behera doa telebista konbentzionalean. Gero eta jende gutxiagok ikusiko ditufilmak telebista konbentzionalean.

Zenbaitek eskatu dute La Noche de... bezalako saio bat euskaraz ETB1en. Zer diozu?

Duela urte asko egon zen saio bat ETB1en. Baina zinemak telebistan ez badu funtzionatzen, ETB1en are gutxiago. Jendeak ez zituen euskarara bikoiztutako filmak ikusten, eta audientziak erakusten du bidea.

Dani Alvarez zure ordezkoari zer gomendatuko zenioke?

Nitaz ahatz dadila, lehenik eta behin. Naturala izan dadila, berari ondo iruditzen zaion moduan, erreferentziarik ez balego bezala. Egin dezala ahalik eta hobekiena, zeren, bestela, bere amesgaiztoetan azalduko naiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.