Donostiako ez-jaiak

Lehorrean gelditu dira piratak

Aste Nagusirik ez da ospatuko, baina Donostiako Piratak ez dira isilik gelditu. Jai herrikoien aldeko manifestazioa egin dute, eta tabernariak omendu dituzte.

«Jai herrikoirik gabe, jairik ez» lelopean egin zuten manifestazioa Donostiako piratek atzo. 250 pertsona inguru bildu ziren, jai herrikoien alde. GORKA RUBIO / FOKU.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
Donostia
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Kristinaenea parkeko paumek dituzten bezainbeste koloretako txalekodun jendea bilduz joan da parkeko sarreran. Ez dute festa giro handirik. Izan ere, COVID-19a eta haren ondorioak existitu izan ez balira, Donostiako kaleak irriz, algaraz, koloretako jakaz, zapiz, musikaz eta, finean, festaz beteko ziren.

Baina ez da hala izan. Aurten ez da Aste Nagusirik izango, eta Donostiako Udalaren jarrera salatu dute piratek. «Aldarrikapen eta manifestazio egun bat» dela nabarmendu du Txomin Campo piratak: «Jai herrikoien aldeko aldarria egitera gatoz. Izan ere, gaur egungo pandemia egoeran ez dugu ahaztu behar kulturaren eta beste mundu alternatibo baten aldeko jendea dagoela. Ez gatoz festara; aldarrikatzera gatoz jai herrikoiak posible direla herritik eta herriarentzat».

Jaia aldarri horrekin ordezkatu dute Donostiako Piratek, eta, udalaren jarrera salatzeko, manifestazioa egin zuten atzo, «Jai herrikoirik gabe, jairik ez» lelopean. 250 pertsona inguru bildu ziren.

Oso kritiko azaldu dira piratak udalaren jarrerarekin. «Udalekoek baliabide guztiak moztu dizkigute, bazeuden arren moduak beste alternatiba bat sortzeko. Guri ez dizkigute ezta bi egun utzi, eta haiek nahi dutena egin dute. Kontuan hartuta zer egoeratan gauden, agian ez da momentua horrelako jaiak aurrera eramateko», Leire Vazquez pirataren arabera. Abuztua Donostian izenarekin, egitarau zabala antolatu du udalak, atzo hasi eta abuztuaren 31ra arte.

Gros auzoan sartzerakoan, eguzkitako betaurrekoak kendu ditu Ander Muruak. Bat dator Leire Vazquezekin. Pirata izateaz gain, Karmengo jaietako jai batzordeko kidea ere bada, eta iritzi hau eman du udalaren egitarauaz: «Lotsagarria iruditzen zait haiek abuztu osoan ekitaldi ireki zein itxiak antolatzea eta jai batzordeei jaietan ezer antolatzen ez uztea. Eneko Goia alkateak esan zuen ez zela Aste Nagusirik egongo, baina denok ikusi dugu egitaraua. Aste Nagusia ez da izango: Abuztu Nagusia antolatu du udalak, haren ordez».

Hainbat kofradiatako kideak batuz joan dira Groseko zenbait lekutan. Galtzada Nagusia kalea zeharkatzean, Aste Nagusiaren dejà-vu moduko bat izan dute piratek. Izan ere, trikitiarekin kalea alaitu dute bizilagun batzuek balkoitik.

«Piratak hemen gaude»

Leire Vazquez eta Malen Merinoren txalekoak berdeak dira: «Pirata bihurriak gara», esan dute, irribarrez. «Oztopoak adina ezpata» dituzte piratek, Merinoren arabera: «Aldarrikatu nahi dugu piratak hemen gaudela, eta udalaren hogei eguneko egitarauaren aurrean guk ere egin dezakegula egitarau bat, segurtasun neurriak bermatuz. Oso garrantzitsua iruditzen zaigu herri mailan denon artean egitarau bat aurrera eramatea».

Biharko, egun osoko egitaraua antolatu dute piratek, Trinitate plazan. Txaleko berdedun «bihurriek» haurrei lekua ematen diete jaietan: «Eguerdian haurrentzako ikuskizuna egingo dugu: ipuin kontalari bat izango da, zehazki», esan du Merinok.

Murua ere «bihurria» da, baita piraten mugimenduko musika lantaldeko kidea ere. Bihar, 16:30ean, kontzertua emango du J Martina taldeak Trinitate plazan: «J Martina taldea bi neskak eta mutil batek osatzen dute, eta techno musika egiten dute.Iruditu zitzaigun aukera polita izan zitekeela egoera horretan piraten gunean jotzea».

Ane Zurutuza lagunekin dabil hiriko kaleak zeharkatzen. Bera ere pirata da, eta osasun eta segurtasun neurrien balioa nabarmendu du: «Jai herrikoiak egin daitezke segurtasun neurriak bermatuz». Bihar iluntzean piraten gunera joateko gonbita ere egin die donostiarrei: «19:00etan, bertso musikatuak izango ditugu, eta, 22:00etan, Izan pirata dokumentala proiektatuko dugu».

Kursaal parera iristean, txaloka hasi da Zurutuza, eta harekin batera gainerako manifestari guztiak. Izan ere, Teknikariok sindikatuko kideek elkarretaratzea egin dute han, eta Donostiako Piratek babesa azaldu diete kultur ekitaldietako teknikariei. Sektore horretako langileen prekaritatea salatu dute bertaratutakoek.

Elkar txalotu eta babestu eta gero, piratek Bulebarrerantz jarraitu dute. Mikel Sarasola eta Garazi Arluziaga manifestazioan dira, jaka horia jantzita. Baina haiek ez dira piratak, Amara Berriko jai batzordeko kideak baizik. Zera uste du Arluziagak: «Kontziente izanda egoera egokia ez dela jende multzo handiak biltzeko, osasun neurrien barruan hainbat ekintza egin ditzakegu, eta gustatuko litzaiguke jai herrikoiak horren barruan sartu eta garatu ahal izatea gure izaera herrikoiarekin».

Haien auzoko jaiak, berez, urrian dira, Sarasolak esan duenez: «Kontziente gara jaiak ezingo ditugula egin orain arte egin ditugun bezala. Bilatu beharko da alternatiba posible bat».

Iritsi da jendea helmugara: Donostiako kaira. Piraten gunea den espazioan ez da txalekorik ikusiko aurten, eta ez dute hiria «abordatuko». Hala ere, jai herrikoien aldeko pankartaz josi dute ez-Flamenka, eta bertaratutakoei mintzatu zaie Ezkila kapitaina: «Oztopo asko jasan ditugu, baina osasun baldintzak bermatuz, elkar zainduz, kalean egoteko eta elkarrekin ospatu, eraiki eta amesteko espazioak sortzeko premia inoiz baino handiagoa da. Hiria abordatzen jarraituko dugu, eta hiriko jai batzordeak, herri mugimenduak eta eragileak bidelagun izango ditugu. Gora jai herrikoiak!».

Keinu berezia tabernariei

Nahiz eta jairik ez den izango, 2020. urteak izango du bere Matti. Pertsona edo kolektibo berezi batek gorpuzten du Matti, eta aurten hiriko tabernariak omendu dituzte. Haien izenean, Agus Rodriguez tabernariak hitz egin du. Jai herrikoei balioa eman die, eta eskerrak eman ditu: «Jai herrikoiak aurrera eramateko, borondatezko lanaz gain, beti behar da komertzio txikiekiko zein tabernetako inplikazioa. Aitortza honek pozez betetzen gaitu, piratek sekulako bizipoza ematen baitiote Aste Nagusiari», esan du Rodriguezek.

Txalo artean danba! entzun dute. Suziria. Baina ez dira jaiak hasi, ez da txaranga atera, eta inork ez du edaririk eskatu txosnan, ez baitago. Aurten ez da Aste Nagusirik izango; piratak ere egoerara egokitu dira. Baina ez dira isilik geratu: jai herrikoien aldeko aldarriak Donostia «abordatzen» jarraituko du aurten ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.