Zehaztugabetasuna ezinegon

Belarritakoak eramateak edo ez zehaztu ohi du, besteak beste, jaioberrien genero rola jendearen begietara: horren arabera sartzen da zaku batean edo bestean. Boladaka sortzen da eztabaida: azkena, Kylie Jennerrek haurrari belarriak zulatu eta sare sozialetan irudiak zabaldu ostean sortu da.

Belarritakoak jartzea esperientzia «traumatikoa» izan daiteke, mingarria delako. BERRIA.
Maialen Unanue Irureta.
2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Hasiera-hasieratik dator bereizketa: genitalen arabera zehaztu ohi da jaioberri bat neska edo mutil kategorian sartzen den, eta, beraz, jaiotzetik beretik jartzen zaizkio mugak bere bideari. Izatez, lehenago hasten da jaiotzear dagoen hori zer den zehazteko beharra: bada haurraren sexua zein den jakin nahi izaten ez duen gurasorik, eta, hala ere, ezin dute saihestu ingurukoek urrezko galdera egitea: «Zer da, neska edo mutila?».

Boladaka sortzen den eztabaida da belarritakoena: beharrezkoa da haurrei belarriak zulatzea dituzten genitalen arabera? Belarritakoak ez dira jaioberria genero batekin edo bestearekin zehazteko adierazgarri bakarrak, noski. «Zein janzkera, kolore edo orrazkera ematen dizkiegun ere badira genero baten edo bestearen adierazgarri», nabarmendu du Nora Alejos Bilgune Feministako kideak. Horiek, begien bistara gelditzen direnak, baina badira beste batzuk ez hain nabarmenak: «Nola hitz egiten diegun, zein opari egiten dizkiegun, zein jolas edo aisia mota eskaintzen dizkiegun...».

Zenbateko garrantzia dute belarritakoek? «Nire ustez, ez da txikikeria bat, inondik inora: erabat erakusten du zer behar dugun gizarte honetan binarismoan non kokatzen garen hasieratik adierazteko. Argi eta garbi erakutsi behar duzu zure hankartean zer dagoen». Haurra aluarekin jaio bada, baina besteen begietara ez bada argi gelditzen, jendea «ofenditu» egin daiteke, Alejosen esanetan. Horregatik, ez du uste belarritakoen auzia hutsala denik: «Pisua du: jendea oso urduri jartzen da, eta erakutsi behar du non kokatzen duen bere burua eta bere haurrarena, nahiz eta ezin den jakin ume bakoitzak gero zer bizitza izango duen edo zer sentituko duen».

Haurrek genero rolei ihes egitekotan, helduen laguntzaz izango dela defendatu du. «Helduok ez badaukagu lanketarik eginda genero roletatik ihes egiteko —landuta ere kosta egiten da—, oso barneratua daukagu bestea zer den jakin behar dugula». Haren ustez, gainera, ez du aparteko informaziorik ematen parean dagoen pertsona emakumea edo gizona den jakiteak: «Agian, ondoriozta dezakegu barneratu dituela edo bizi izan dituela kulturalki esperientzia batzuk». Neskatzat edo mutiltzat hartua izan, jaioberriarekiko espektatibak eta horrekin harremanetan jartzeko modua desberdinak dira, Alejosen esanetan, eta, haren ustez, kontsumoari ere lotuta dago, hein batean.

Zergatik sortzen du hainbesteko ezinegona, beraz? «Ez daukagulako beste aukerarik, edo, hobeto esanda, ez zaigulako eskaintzen askatasunez bizitzea». Hortxe dago okerra, Alejosen ustez. «Nire ustez, ahal dela, saihestu beharko genuke bereizketa egitea hasieratik, eta ume horri ahalik eta askatasunik handiena eskaini». Dena den, konturatu da ez dela nahi lukeen bezain erraza, egoera hori bizi izan duelako. «Niri pasatu zait: saihestu nahi izan dut haurrari adieraztea zer den edo zer ez den, nik ez dakidalako, eta, horrela, askatasun horretan hezi, baina bueltan galdera gehiago etorri dira, ingurukoen partetik». Hala, etxean egindako lana atariko atea zeharkatu bezain pronto desegin daiteke, denbora gutxian. «Izen neutro bat jarriz gero, jakin-mina areagotu egiten da, eta jendea ez dago lasai: jartzen diozun izena neskena edo mutilena izan ohi bada, galdera gutxiago izaten dira. Berdin ile orrazkerarekin. Saiatzen bazara haurra askeago edo neutroago janzten, geroz eta galdera gehiago egiten dizkizute. Ume horri askatasuna mozten diote, ez etxetik, baizik eta kanpotik».

Eredu askeen beharra

Haurrei askatasuna ematea bezain garrantzitsua da Alejosentzat helduak eredu izatea. «Oso garrantzitsuak dira dauzkaten ereduak: umeak askeak izateko,helduok askeagoak izan beharko genuke genero identitateari dagokionez, baita janzkeran edo keinuetan ere». Halakorik ezean, are zailagoa izango baita genero roletatik ihes egitea, Alejosen ustez. «Ezin diegu eskatu umeei aske izateko eta bizitzeko halako eredurik ematenez badiegu: gu gara haien eredu». Haurrek euren burua«ahal duten bezala» ezagutzen joatea litzateke egokiena, haren ustez.

Oso errotuta dagoen praktika bat da belarritakoena, baina halakorik ez jartzeko joera antzeman du Alejosek. «Oraindik urruti gaudela iruditzen zait, baina, gutxinaka, eztabaida zabaltzen ari da, eta gero eta jende gehiagok aukeratzen du haurrei zulorik ez egitea jaio orduko». Belarritakoez ari da Alejos, baina baita ez horiei buruz bakarrik: haurrak askeago uztearen aldeko joeraz ere ari da. «Uste dut badagoela joerabat —ez dakit noraino iristen den— umeen gorputzak eta nahiak errespetatzearen aldekoa: gero eta jende gehiagok aukeratzen du ez egitea haurrak mugatuko dituzten praktikak, baldin eta haien osasuna arriskuan ez badago». Dena den, haren ustez «oso zaila» izango da genero rolei lotutako praktika horiek ezabatzea.

Alaitz Sarasola Olano bertsolariak ere bizi izan du egoera hori: ez zizkion belarritakoak jarri alaba jaioberriari, eta, jendearen erreakzioa ikusita, «azkenerako, amorra eginda», Belarritakoak bertsopapera idatzi zuen. Baita 30. Basarri sariketa irabazi ere, 2014an.

Gertukoekin zein ezezagunekin berdin gertatu zitzaion: «Belarritakorik ez zuenez, lehenengo mutiltzat jotzenzuten; gero, neska dela esaten nienean, atentzioa ematen zien eta, oro har, gaizki iruditzen zitzaien». Ez zitzaion halakorik pasatu lehenengo haurrarekin, semearekin. «Aurrenekoa semea izan nuen, eta belarritakoak jartzea ez zitzaigun burutik pasatu ere egin; bigarrena, aldiz, alaba izan genuen, eta erabaki bera hartu genuen, semeari bezalaxe, ez genizkiola belarritakoak jarriko alabari, eta, eurek nahiko balute, jarriko lituzketela euren kabuz».

Ama izan aurretik pentsatu izan zuen belarritakoen inguruan Sarasolak; txikitatik ditu zuloak belarrian, eta lagun artean hitz egin izan dute gaiari buruz. Alaba jaio zenean konturatu zen belarrian zulorik ez egiteak zer-nolako ezinegona sor dezakeen inguruan. «Jendearen erreakzioa oso nabarmena zen. 'Neska bada, nolatan ez dizkiozue belarritakoak jarri?'». Sarasola ez zen mutu gelditzen, ordea: «Bati baino gehiagori esan nien ea zergatik jarri behar nizkion belarrietan, eta zergatik ez sudurrean; hala, zulo bakarra egingo genion, bi beharrean. Gauza batzuk astakeriatzat ditugu, eta beste batzuk, berriz, egiten ez badituzu erabateko xelebrea zarela ematen du».

Prezioa: mina

Alejosek esandakoen ildotik, haurrek eurek erabakitzea: horixe da Sarasolak nahi duena. «Belarritakoak jartzen dizkieten horietako askok gero gaizki ikusten dute 14-16 urterekin alabak esaten dienean belarritako bat nahi duela zilborrean edo sudurrean... Gutxienez, berak pentsatu du bere gorputzarekin zer egin: zuk egin zenizkionean, hark ez zuen esaterik izan nahi zituen edo ez, eta jarri egin zenizkion». Jarrera horiek «kontraesanezkoak» iruditzen zitzaizkion, eta gaiaz hausnartzeko bidea ireki nahi izan zuen Sarasolak bertsopaperekin.

Seme-alabak «ahalik eta gutxiena desberdintzen» saiatzen da Sarasola, «ahal den parekideen hezten», baina jabetu da jaiotzetik beretik hasten direla bereizketak. «Belarritakorik gabe ni ez naiz gai esateko haur bat zer den, baina zer behar desberdintzekoa: beti dago generoarekiko gatazka hori, eta badirudi ez dugula gainditu».

Belarritakoak egitera farmazietara jo ohi da. Nafarroako Ospitale Guneak azaldu duenez, kontu «estetiko eta kultural» bat denez, ez dute zerbitzu hori eskaintzen. «Gainera, proba mingarri ahalik eta gutxiena egiten saiatzen gara, eta, beraz, ez ditugu belarriak zulatzen». Azaldu dutenez, «duela zenbait urte» egiten zituzten «zenbait profesionalek», baina ez da hala gaur egun. Karmele Aizpuru Odriozola botikariak, esaterako, urteak daramatza hori egiten, Hernaniko (Gipuzkoa) bere farmazian. Jaioberriei egiten zaizkien oparien artean, ohikoa izaten da belarritakoak oparitzea jaioberria neskatzat hartua bada. Ahalik eta azkarrena jarri nahi izaten dizkiete zenbaitek. «Gutxienez bi hilabete bete aurretik ez egitea gomendatzen dut, eta denbora gehixeago badute, hobe; baina batzuk badakizu nolakoak diren: argazkiak atera behar dizkiotela, aitona-amonek belarritakoak oparitu nahi dizkiotela edo bataiatu egin behar dutela...».

Joera aldatzen ari dela uste du Aizpuruk, gutxitzen ari dela jaioberriei belarriak zulatzeko joera. «Orain, etortzen diren ia gehienak mutilak dira, eta batzuetan neskak, 16-18 urte artekoak». Badago faktore bat belarritakoak egitearekin lotuta, askotan ahaztu egiten dena: mina. «Oso txikiak direnean, negar egiten baldin badute ere, denok onartu egiten dugu zerbait traumatikoa dela». Aizpururen ustez, belarritakoak egitekotan, 14 urtetik aurrera egitea da onena, mina eman arren, handiagoa delako belarritakoak egiteko duten gogoa. Batzuek lehenago egin nahi izaten dituzte, 5-6 urterekin, eta «adin tarte nahiko txarra» dela uste du: «Besteei ikusten dizkietelako egin nahi dituzte belarritakoak, baina ez dira konturatzen nahiko traumatikoa dela: gertatu izan zaigu belarritakoak egitera etorri eta zulo bakarrarekin joatea, ez dutelako mina berriz jasan nahi».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.