Jojo Bidart. Irulegiko irratiaren sortzaile eta kazetaria

«Behar bati erantzuten genion, eta gure lanak jendea hunkitzen zuen»

Irulegiko irratiaren uhinek Baxenabarreko sukalde gehienetara euskara garraiatzen badute, Bidarten esku eta bozari esker izan da, hein handi batean.
GUILLAUME FAUVEAU Tamaina handiagoan ikusi

Ainize Madariaga -

2020ko otsailak 2

Galdezkatzailea galdezkatua da aldi honetan. «Bakoitzak berea!», ihardetsi du, irriz. Jojo Bidart (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1956) Irulegiko irratiaren lehen ahotsa izana da duela kasik 40 urte. Antena bere eskuez altxatu ondoren, uhinak euskaraz hedatu izan ditu Nafarroa Behere kasik osora. Orduko gertakari «gorabeheratsuen» berri ematen zuen, ahaideen atxiloketak barne, baina ez zen «familia istorio bat, herri batena baizik». Irratia bera ere «herri irratia» da, definizioz, ezin uka.

Baigorriko Bidart deitura kasik sor-marka bat da: Euskal Herriarenganako karra daramazue.

Euskal Herrirekiko eta euskararekiko amodioa eta atxikimendua gurasoengandik heldu zaigu; bereziki, aitak Arrola dantza taldea berrabiarazi zuenetik. 1970eko hamarkadan bidaia franko egin genituen mugaz bestalderat, Baztandarren Biltzarretik haste. Ikurrina denetara eramaten genuen, debekatua zen garai haietan, eta ikusten genuen jendea nola pizten zen, nola kulturari lotua zen, eta nola oldartzen zen. Sekulako erranahia zuen; ez zen azaleko zerbait. Ez zen gauza bera ikurrina ateratzea Iparraldean edo Hegoaldean. Orduan 14-15 urte genituen, eta ez ginen turistendako dantzan ari; baizik eta hurbiletik bizitzen genuen dantza.

Fisikariak kimika ona irratigintzarekin.

Fisika ikasi nuen Bordelen, eta ez nekien norat joan. Orduan, irrati libreen eztabaida pil-pilean zen: frekuentzien libratzeaz. Irrati piratak ziren. Gure campusean bagenuen bat, eta bertan sartu nintzen. Radio Adour-Navarren ere aritu nintzen; euskarak bazuen bere tartea, mugatua bazen ere. Komunikabide baten lanaz ohartu nintzen haietan, jendeengandik hurbil. Radio Cote Basque irratian ere euskara entzuten zen, baina arras guti. Euskara blokatua zen.

1981eko hauteskundeetatik landa ikusi genuen parada euskarak zinez bere tokia ukan zezan irrati libre batean. Bazen beharra: jendeak galdetzen zuen Iparraldean.

Antena andarka zebilen hatsarre hartan?

Fisikako gure jakitateekin ikusi genuen ahal genuela irrati igorle bat instalatu. Hala, Joseba Garzia errefuxiatuarekin batera, lortu genuen bigarren eskuko lehen igorle ttipi eta zahar-zaharra, zeina berotzen baitzen izugarri. Horregatik, pean amiantozko plaka bat ezarri genuen, zoladura ez zezan erre. Irulegiko [Nafarroa Beherea] Menta etxaldean, artzain baten etxebizitzan ezarri genuen irratia lehenik, eta haren arditegian gero: hustu, garbitu, eta hola genuen abiatu Irulegiko irratiaren lehen estudioa, 1981ean. Biharamunean, lehen auzoa jin zitzaigun galdezka zer pasatzen ote zen: pizten zituen irrati eta telebista guzietan ez baitzuen euskara baizik aditzen! Beste frekuentzia guzien gainetik ezarria genuelako gurea, gaizki doitua! Kur-kur.

Non ezarri zenuten lehen antena hura?

Mentako teilatuan lehenik, aski fite, ondoko tontor ttipiaren gainean gure laborari eta hargin lagunei esker. Laster, Jakes Aurnage hautetsi abertzalearekin mintzatu nintzen, zeina lehen aldikoz presentatzen baitzen Garaziko kantonamenduan. Euskararen galtze prozesuaz oharturik, erran zigun: «Behar duzue antena gorago ezarri, jende gehiagok entzun dezan». Urrats garrantzitsua izan zen Jara kaskoan antena igaitea, kasik Nafarroa Behere osoak entzuteko, gure helburua hala baitzen.

Hortzak erakutsi behar izan zenituzten.

Oraindik etxolarik gabe, 4L batean genuen antena ebatsi ziguten! Salatu ziguten ikusi zuten azken autoa jendarmeena izan zela! Hortik sortu zen Irulegiko irratiaren lehen sustengu kanpaina: ez zen beharbada haien helburua izan, baina ondorio ona ekarri zuen! Eskertzen ditugu! Kur-kur.

Jarako antenaren uhinek zer hedatzen zuten?

Denen artean gizarte, haur, kultura, emazte, kirola, laborari... emankizunak muntatzen genituen. Gai bakoitzak bere lantaldea zuen. Hastapenean, ez ziren arratsetan baizik hedatzen, laguntzaileak orduan baitziren libratzen. Gero, eguerdian ere bai. Oroit naiz Herri talde politikoak diru zama bildu zuela Baigorri inguruan, eta eman zidala: «Hik segitzeko». Biziki hunkia izan nintzen. Orduan, ez nuen ukan segitu beste hautarik. Hala nintzen lehen langile finko gisa hasi irratian.

Zein zen zuen helburua?

Euskaraz nagusiki aritzea, baina ez bakarrik; inguruan baitzen jendea ez zena aski trebea euskaraz aritzeko. Bigarrenik, komunikazio tresna bat nahi genuen Euskal Herri barnealdea bizi dela erakusteko.

Herritik eta herriarentzako proiektu bat zen zuena.

Sortzetik helburua izan da irratia jendearen esku izan zedin, haiengandik hurbil, herri irratia, hots. Nahi dut atxiki dezan irrati parte hartzailearen estatusa: langileen, laguntzaileen eta entzuleen artekoa.

Zein izan ziren hastapeneko gaiak?

Axurien eta ardi esnearen prezio apalegiaz mintzo ginen, ELB sindikatua oraino sortu gabea zelarik. Pil-pilean zen. Gisa berean, Senideak-Gureak euskal preso politikoen senideen elkarteak diru laguntzak hunki zituelarik, boikotak izan ziren. Franko fite, euskal militanteen gaiak ere etorri ziren.

Nola kudeatu zenuen zeure burua: preso politikoen senide eta kazetari izatea aldi berean?

Ez zen familiako istorio bat, herri batena baizik. Feliperen [anaia] auzi bat segitzen aritu nintzen Parisen kazetari gisa. Prokuradoreak kazetarien sindikatuari galdetu zion hori nola ote zen posible: erran zuen deontologikoki ez zela haizu. Baina ohartu zen ez zela familiako afera bat, politikoa baizik, eta ez nuen arazorik ukan.

Urte horietan kontrol franko pairatzen genituen. Gau batez, etxerakoan, bide erdian emazte bat keinuka ari zitzaidan gelditzeko. Pierre Bidart antropologoaren ama zen: «Biba zuek! Segitu behar duzue!». Ene beha egon zen gauaren erdian hori errateko! Dudarik gabe, behar bati erantzuten genion, eta gure lanak jendea hunkitzen zuen. Garai dorpe haietan erakutsi zidan tresna hau beharrezkoa zela eta balio zuela. Markatu ninduen.

Jende euskalduna atzemateko zailtasunean bilakaerarik ikusi duzua?

Oraindik ere falta dira. Gertatu zaigu akuilatu behar izatea, eta behin hasi eta jendea ohartzea baietz: euskaraz ere posible dela. Hori ere bada irratiaren rola: demostratzea posible dela edozein gaiez euskaraz aritzea.

2015ean, Ortzaizen, poliziek zauritu zintuzten kazetari lanetan ari zinela.

Gibelapenarekin ikusten dut orduan gertatu zena gertatzen ari dela Frantzia osoan azken bi urteotan. Biziki kezkatzen nau nola usaiak hartzen diren Polizia uzteko bortizki aritzera, eta nola botereak hori bultzatzen duen. Guk ezagutzen genuen abertzaleen kontrako gauza bat kasik normaltzat hartua zen gizartean. Neurriz kanpoko manerak erabiltzen zituen Poliziak; batere beharrezkoa ez zen bortizkeria. Horrek ihardukitzea sortu du: ez nintzen bakarrik. Latzagoa izan zitekeen, ederretarik eskapatu gara. Egoera berezia bizi zuen Euskal Herriak: borroka armatutik ateratzeko nahikerian estatuak horrelako bortizkeria erakustea ezin ulertuzkoa izan da jende askorentzat.

2002ko irailean, Argia aldizkarian, Nafarroa Behereko euskal kulturaren egoera zertan zen deskribatu zenuen: «Duela hogei urte agertu xedeak ez badira hastapenean pentsatu bezala beteak izan, ez dira hutsean gelditu eta gaur agertzen diren bide berriak segida zuzenekoak bezala ikusten ditugu». Gauza bera pentsatzen ote duzu orain ere?

Gauza franko aldatu da. Konfrontazio aski bortitzean ginen abiatu ginelarik, duela kasik 40 urte. Barnealdea jendez husten ari zen. Ez gara oraino atera, baina herrian bizitzeko nahikaria duen jendeak bere esku hartu ditu tresnak: CLPB gasna kooperatiba, Kintoa zerrikia, sor-markak... Ekonomia eta gizarte gaietan badira esperantza ematen duten elementuak. Hizkuntzari dagokionez, ikastolei esker izan da dinamika bat euskararen berreskuratzean. Galtzeak segitzen badu ere, bada berrabiatze bat gazteetan. Duela 40 urte abiatu dinamikak bere fruituak ekarri ditu: hiltze prozesu batetik atera gara. Baina bada egiteko, dudarik gabe! Azkenik, politikoki eskakizunak oraingoak baino urrunago abian baziren ere, gauzak eraiki dira: Elkargoa. Segida behar du. Jende anitzek pentsatzen du ea zer proiektu behar den Iparraldearentzat; ikuspegi hori, lehen, abertzaleena zen bakarrik.

Zure kazetaritzako esperientzian zer izan da zuretzat gogoangarria?

Autonomia Eraikirekin [Gilles] Simeoni Korsikako ordezkaria elkarrizketatzea harrigarria izan zait, hunkigarria; nola sinpleki esplikatu zituen bere ideiak emozioak pasaraziz. Korsikarrek eraiki nahi dutena eta guk eraiki nahi duguna biziki hurbilekoak dira.

Eta zer nahiko zenuke ahantzi?

Poliziak gu arrastatzera jin zirelarik irratira, 06:00etan, dena inguratu zuten. Mespretxuz so egiten zioten frantsesez geneukan diskografiari. «Diplomatua, irrati libre batean aritzeko?», bota zidaten, hemen lanean aritzea munduko azken gauza balitz bezala.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Iruñeko ospitaleko osasun langileak, gaixo bat artatzen babeserako ekipamenduekin, artxiboko irudi batean. ©MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Tentsioa» ospitaleetan

Olatz Esteban Ezkati

Beste 505 kasu atzeman dituzte Hego Euskal Herrian. Gaitza zuten zazpi pertsona hil ziren iragan astean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zamudioko zahar etxe batean 18 positibo izan dira

 ©JON URBE / FOKU

«02:00etan, festak ezin du segitu eremu pribatuetan»

Aitor Biain

Herritarren parte hartze handiagoa eskatu dute ostalariek, ardura guztia beren bizkar izan ez dadin. Ataka estuan direla ohartarazi dute, eta babes ekonomikoa galdegin diote administrazioari, helegitea onartu edo ez.

Kezka adierazi dute lehen arretako hainbat langilek. Argazkian, Bilboko Areilza anbulatorioa. ©ARITZ LOIOLA / FOKU

«Osasun sistemak eztanda egingo du»

Maialen Arteaga

Lehen arretako zentroen estutasunak azaleratu ditu COVID-19ak, eta aspaldiko aldarriak hauspotu ditu. Pandemiaren «bigarren olatua» iritsi dela aitortu du Eusko Jaurlaritzak, baina osasun etxeetan langileen erdiekin eta «lan gainkargarekin» dabiltzala salatu dute.

Bizkaiko zahar etxe bateko egoiliarrak artxiboko irudian. ©Marisol Ramirez/FOKU

Hemezortzi kasu atzeman dituzte Zamudioko zahar etxe batean

Berria

Donostiako eta Bilboko bi zahar etxeetan ere positiboak izan dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna