Literatura

Klasikoen haize berria

55 urte bete ditu Jean Rhysen 'Sargazo itsaso zabala' nobelak. Idazle ezezagun samarra zen ordu arte, eta liburuak arrakasta itzela ekarri zion, 76 urte zituela; «berandu», idazlearen esanetan.

Jean Rhys (Roseau, Dominika, 1890-Exeter, Ingalaterra, 1979). BERRIA.
2021eko ekainaren 20a
00:00
Entzun
Literaturako klasiko handitzat jotakoen inguruan mistika ugari izaten da zenbaitetan, trumoi asko eta euri gutxi, baina badute onartu beharreko abantaila bat: hainbeste jendek hitzetik hortzera erabili izanaren poderioz, beste ezergatik ez bada, klasikoek erreferente kultural petoen estatusa lortu dute, eta inkrustatuta geratu dira kultur iruditeria kolektiboan; iraun egin dutela esaten da (beste auzi bat dazergatik iraun duten batzuek eta beste batzuek ez), eta iraute horrek esan nahi du klasiko horiekiko elkarrizketak arnasberritu egiten direla belaunaldiz belaunaldi; era horretan, klasikoak berak ere egurastu egiten dira.

Halaxe egiten du Jean Rhysen Sargazo itsaso zabala eleberriak Charlotte Bronteren Jane Eyre-rekin. Ez da berridazketa bat, baina haren erantzun post-kolonial eta feministatzat jo izan da. Istorioa XIX. mendeko Jamaikan dago girotua. Esklabotza abolitu berritako giroa deskribatzen duenez, nobelan oso presente daude identitatearen, arrazaren eta mestizajearen gaiak, besteak beste. Protagonista Antoinette gaztea da; esklabista familia baten ondorengoa da, zuri kreolea («kakalardo zuriak» esaten diete), esklabotza abolitzearen ondorioz gain behera etorritako etxalde batean bizi dena. Nobelaren hasieran, gizon ingeles aberats batekin ezkontzen zaio ama, eta hortik aurrera garatzen da gerora alabaren istorioa ere, amaren paralelo samarrean. Itxura batean zerikusi gutxi dute Rhysen nobelak eta Bronterenak, baina kontua da pertsonaia bera direla Rhysen Antoinette eta Bronteren nobelako Bertha; Rhysek, izan ere, Jane Eyre-ko pertsonaia sekundario horren iragana osatzen du Sargazo itsaso zabala-n, bere istorioko protagonista bihurtuta.

Bronteren nobelari buruz askorik esan gabe ere, komeni da hari erreparatzea. Honela agertzen da aurrenekoz Bertha pertsonaia: «Itzalen sakonean, logelaren bestaldean, figura bat atzera-aurrera zebilen. Zer ote zen, piztia edo gizaki, ezin zitzaion aurreneko begiratuan antzeman; lau hankatan arrastaka bide zebilen, atzaparka eta orroka, basapiztia arraroren bat nola, baina arropaz estalia zegoen, eta zaldi-zurdak bezala nahasitako ile-txima ilun eta histuek buru-aurpegiak ezkutatzen zizkioten». Bertha Antoinetta Rochester da, Jane Eyre-n protagonistarekin ezkontzekoa zen Rochester jaunaren emazte ezkutua, zeina «erdi engainaturik» esposatu omen baitzuen Rochesterrek, emakumea «burua galtzera destinatua» zegoela jakin gabetanik, eta istorioan agertzerako logela batean giltzapetuta eduki baitu hamabost urte. «Emakume kreole eroak» trataera lazgarria jasotzen du Bronteren nobelan; testuak basanimalia batekin konparatzen du etengabe, gizatasunik gabeko Bestearen figura gisa adierazteko. Figura biolento eta arriskutsutzat daukate, baina benetan bera da indarkeria guztien xede. Ahotsik gabeko pertsonaia bat da Jane Eyre-n, irakurleak beste pertsonaien begiradatik jasoa eta kanpo ikuspuntu horrek guztiz baldintzatua. Hori leitutakoan sentituriko amorruak bultzatu zuen Rhys Sargazo itsaso zabala idaztera, pertsonaia horri ahotsa, identitatea eta iragana emateko. Nobela horretan, Antoinette pertsonaia baztertu bat da, esklabotzaren ondoko kinka delikatuan senar manipulatzaile eta posesibo batekin ezkontzen dena (zeinak bere gogara aldatzen baitio izena ere, Antoinetteren nortasuna Berthara bihurriturik). Bazterkeriak, gizon abusatzaile batekiko harremanak eta bere lurrarekiko arrozteak galarazten diote burua, eta halaxe amaitzen du Ingalaterran giltzapetuta.

Ikuspuntu aldaketa

Sargazo itsaso zabala nobela sendoa da, dotore idatzia (eta itzulia), eta txukun kontatua. Argumentua elipsi eta flashback neurritsuetan aurreratzen da gehienbat, pasarte kontzentratu batzuetan, eta testua girotze historiko-geografikoan eta emozionalean sakontzen da. Lehen parteak, istorioaren sarrerak, Antoinetteren perspektiba dauka, baina bigarrenak, zeina baita luzeena eta argumentuaren mulko nagusia garatzen duena, tartekatu egiten ditu Antoinetteren ikuspuntua eta senarrarena; bien artetik, gizonaren ikuspuntua nagusitzen da. Emakumearen begirada urtuz doa nobelan, eta gizon erasotzaile baten erretratu psikologiko anbiguo eta zintzo bat marrazten zaio irakurleari, enpatia handiz landua baina txarkeriarik ezkutatzen ez duena.

Hori du nobelak indargune nagusia: nola hurbiltzen den erasotzailearen psikologiara, ia hura ulertarazteraino, haren zitalkeriarik ezkutatu edo justifikatu gabe, neurri batean elipsi eta flashbacken jokoan oinarrituta. Ikuspuntuak senar-emazteen artean aldatuz doazenez, irakurlearen enpatia ere batetik bestera mudatzen da, eta, argumentua klimaxera ailegatu ahala, Antoinetteren begirada apalduz eta galduz doanez, tirabira printzipala haren haurtzaroko zaintzaile Christophine erdi sorginaren eta senarraren artean garatzen da, Antoinette aparte samarrik utzita. Apalduta iristen da Antoinette nobelaren hirugarren partera, «burua galduta» eta Ingalaterrara behartuta, eta istorioak Jane Eyre-rekin bat egiten du kronologikoki. Antoinettek, giltzapetik, ahotsa berreskuratuta ematen dio akabera, buruargitasunez, Rhysen nobelari, bai Bronterenari ere.

Sargazo itsaso zabala-ren helburua ez da Jane Eyre berridaztea, hura osatzea baizik, Bertha/Antoinette pertsonaiari testuingurua, izatea eta sakonera eta ematea. Bateragarriak dira bi nobelak, eta ariketa literario emankorra izan daiteke bata bestearen parean leitzea, Rhysen berrikuspenak klasikoa hondatu ez baizik eta aberastu egiten baitu, eta, are gehiago, aitzakia bat ematen baitio irakurleari Bronterenera inguratzeko, modu kritikoxeago batean goza dezan klasikoen arnasaz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.