Mila zaporetako keak

Zigarreta elektronikoen erabilerak gora egin du, batez ere gazteen artean. Erretzeari uzteko gailu moduan aurkeztu ziren duela ia hogei urte, baina erabiltzaileek nikotina beste modu batera kontsumitzeko aukera besterik ez dute euren behatzen artean.

BERRIA.
Amaia Jimenez Larrea.
2022ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Koloretako gailuak dira, batzuek argia ere egiten dute, eta ke zuri lodia botatzen dute hura erretzen dutenek. Ohiko zigarretekin alderatuz, usain gozoa dute, eta zaporea, are hobea: menda zaporekoak, mangozkoak, txokolatezkoak, fruitu gorrizkoak, gerezizkoak, banillazkoak, eta baita arrautza esne zaporekoak ere. Zigarreta elektronikoek mila aukera ematen dizkie erretzaileei, euren gustu eta beharren arabera.

Hon Lik farmazialari txinatarrak sortu zuen, 2003. urtean, tabakoarekiko menpekotasun handia zutenek erretzeari uzten laguntzeko. Geroztik zabalduz joan zen zigarreta elektronikoen erabilera mundu osoan, eta Euskal Herrira ere iritsi zen.

Batez ere Euskal Herriko hiriburuetan, zigarreta elektronikoen salmentaz arduratzen ziren dendak irekitzen joan ziren, gailuhorien olatuari eusteko asmoz. Erretzeari uzteko asmoa zuen jendeari laguntzeko sortu baziren ere, geroz eta jende gazteagoak erabiltzen ditu gaur egun gailu horiek. Oso eskura dituzte zigarreta elektronikoak, Internetetik oso modu errazean eros baititzakete.

2018 eta 2019 artean Espainiako estatuan egindako Estudes inkestaren arabera, 14 eta 18 urte bitarteko gazteen %48,4k erabili dute noizbait zigarreta elektroniko bat. «Oso datu kezkagarria da, ia erdiek probatu baitute horrelako gailu bat, eta, probatu badute, eskura izan dutelako izan da», esan du Mari Luz Ibañezek, Tolosako osasun zentroko lehen arretako medikuak.

Ibañez tabakoaren kontrako ekintzetan ibiltzen da, bai Osakidetzaren barnean, baita Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eta Espainiako elkarte batzuekin elkarlanean ere. Hitzaldiak eta tailerrak ematen ditu eskola eta institutuetan, eta gailu berri horiek izaten dituzte hizpide, besteak beste.

Zigarreta elektronikoen aerosolek, esate baterako, propilenglicol eta glizerina substantziak izaten dituzte, baita eztainua, beruna eta nikela ere; azken hori tabakoan baino kantitate handiagoetan. Substantzia horiek arnasbideetan sartuz gero, infekzioak eta gaixotasunak eragiten dituzte. Zapore ugaritako zigarretak zapore emaileei esker lortzen dira, eta, zehazki jakin ezin den arren horiek denbora luzez arnasteak zer ondorio ekar ditzakeen, kalteak dituela azaldu du lehen arretako medikuak.

Eta gazteak ez dira jabetzen arrisku horiez guztiez. Ibañezek eta haren lankideek honela deitzen diote jarrera horri: gazteen pentsamendu magikoa. «Eskoletara hitzaldiak ematera joaten garenean asko entzuten dugu: 'gu gazteak garenez, guri ez zaigu ezer gertatuko'», aipatu du lehen arretako medikuak.

Baina ez da hala. 2019 eta 2020 artean Evali gaixotasuna zabaldu zen AEBetako gazteen artean, kalamua zigarreta elektronikoen bidez erretzeagatik. 2.800 pertsona pasatxo izan ziren ospitaleratuak pneumonia zantzu larriekin. «Gazte ugari agertu ziren sare sozialetan 'ni gaztea naiz eta hau gertatu zait; kontuz ibili' esanez», oroitarazi du Ibañezek.

Aldaketak kanpainetan

Medikuak azaldu du gailu horiek agertu direnetik tabakoaren kontrako elkarteen kanpainak beste modu batera bideratu behar direla: «Institutu batera joan behar dut laster hitzaldi bat ematera, eta ur pipen eta zigarreta elektronikoen inguruan hitz egingo diet, horien arriskuak ere azaldu behar zaizkielako».

Lan gehiago egin behar dela uste duen arren, Ibañez baikorra da. Hego Euskal Herrian zigarreta elektronikoak eta tabakoa maila berean daude, hau da, leku itxietan biak ala biak debekatuta daude. «Hala ere, tabakoak dituen neurri berak jarri behar zaizkiola uste dut, gazteentzat hain eskuragarriak ez izateko», gehitu du.

Aitziber Torre Bizkaiko Psikologoen Elkargoko kidea da, eta argi du zein den zigarreta elektronikoen arrakastaren gakoa: «Saltzeko era oso garrantzitsua izan da; marketin ona egin dute, eta moda bilakatu da». Gazteen artean duen presentziaren azalpena ere badu: «Nerabezaroan, esaterako, oso garrantzitsua da talde baten barnean sentitzea, eta, talde horretan erretzaileak badaude, errazagoa da erretzen hastea onartua izateko», esan du Torrek.

Psikologoaren ustetan, zigarreta elektronikoak ez dira erretzeari uzteko tresna on bat, erretzeko modu bat beste batengatik ordezkatzen baita. «Ez dugu ahaztu behar nikotina droga bat dela, alkohola bezala. Biak ala biak drogak dira, eta oso kaltegarriak dira gure osasunerako», aipatu du.

Substantzia psikoaktibo bat da nikotina, eta kontsumitzeari uzten zaionean gorputzak abstinentzia sindromearekin erreakzionatzen du. Torrek azaldu du batzuetan tratamendu farmakologikoa beharrezkoa izaten dela abstinentzia sindrome horri aurre egiteko, estutasunari, antsietateari eta lo egiteko arazoei, besteak beste, aurre egiteko.

Sintoma fisikoek pare bat aste irauten dute, gutxi gorabehera, eta desintoxikazio fasea deitzen zaio epe horri. «Hain zaila da erretzeari uztea, non dependentzia psikologikoa ere sortzen den», argitu du Torrek. Lantzen zailena den fasea dator gero: desohitze fasea hain zuzen. «Fase horretan garrantzi handia dute talde psikoterapeutikoek; oso lagungarriak dira», aipatu du psikologoak. Talde horiei esker, egoera berean daudenek etengabe erretzeko duten gogo hori baretzen laguntzen diote batak besteari, bakoitzaren erronkak helburu kolektibo baten parte direla sentituz. «Frustrazioa lantzen eta ohitura batzuk eraikitzen laguntzen diote kideek elkarri», gehitu du Torrek.

Aitor Gutierrezek uste du zigarreta elektronikoak gailu baliagarriak direla erretzeari uzteko. Bilboko eta Gasteizko Factoria del Vapeo denden jabea da, eta aitortu du gailu horien salmentek gora egin dutela azken hilabeteetan: «%25 inguru», hain zuzen.

Bezeroei erretzen uzten laguntzen diete Factoria del Vapeon, zigarreta elektronikoen nikotina dosia kontrolatuz. Gehienbat erretzaileak joaten dira dendara. Erretzeari utzi nahi dion bezero bat iristean, egunerokotasunean erretzen duen zigarreta kopurua jakin nahi izaten dute, bezeroak zer nikotina kantitate hartzen duen jakiteko.

Horren arabera, nikotina dosi jakin bat duen likido bat ematen zaio bezeroari, bere zigarreta elektronikoa bete eta erabiltzeko. Astez aste likidoaren nikotina kantitatea jaisten joaten da apurka, nikotinarik gabeko likidoa erabiltzen hasten diren arte. «Beste baliabide batzuek baino arrakasta handiagoa dute zigarreta elektronikoek», argitu du Gutierrezek.

Adin guztietako bezeroak izaten dituzte dendan: elkarrizketa baino une batzuk lehenago 88 urteko gizon bat joan zaiela kontatu du jabeak. Azkenaldian, ordea, jende gaztea geroz eta gehiago joaten da dendara, behin erabiltzen diren zigarreta elektronikoen inguruan galdezka: «Baliabidea probatzeko beste modu bat da. Ongi datorkiela ikusten badute, erabilera anitzeko zigarretak erosteko aukera dute», azaldu du dendaren jabeak.

Hala ere, Gutierrezek argitu nahi izan du espezializatuak diren dendetan bakarrik erosi behar direla gailu horiek: «Internetetik erositako gailuak edota likidoak badira, zigarreta elektronikoak arazoak eman ditzake». Bestalde, nikotinaren dosiaren jaitsiera era kontrolatu batean egin behar dela dio, denda espezializatuetan eta irizpide zehatzak dituzten profesionalekin betiere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.