Etorriko diren esperoan

Jatetxeei galera nabarmena ekar diezaieke bezeroek erreserba bat egin, ez direla joango abisatu ez eta, azkenean, ez agertzeak. Horrelakoak ez gertatzeko, hainbat jatetxe bezeroei bermeak eskatzen hasi dira erreserba egiten duenean, bezeroak lotzeko eta galerak gutxitzeko.

Erreserbetan bermeak eskatzen hasi dira hainbat jatetxe. BERRIA.
unai etxenausia
2023ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
«Aiba! Ahaztua neukan. Duela bi hilabete egin genuen erreserba jatetxean. Baina ufa, a ze galbana... Ez gara joango, ezta, laztana?», esan du batak, nekatuta.«Ez, ez, hobe etxean», erantzun besteak, lasaiturik. «Deituko dugu ez garela joango esateko?», galdetu dio lehenak. Bigarrenak, lasai: «Ez, berdin dio; bi bakarrik izanda, ez zaie axola guk ez abisatzea». Eta egiazko kasu bat balitz? Uste baino eragin handiagoa daukate horrelako erabakiek: jatetxeko janaria galtzen da, gastuak ez estaltzeko arriskua dago, askotan ezingo dute bete hutsik geratutako mahaia... 

No show bat egin duela esaten da denborarekin erreserba bat bertan behera utzi gabe bezeroa agertzen ez denean. Era guztietako jatetxeek eta establezimenduek izaten duten arazoa da, baita bestelako negozio batzuek ere. Hori dela eta, aldez aurretik bermeak eta ordainketa aurreratuak eskatzen hasi dira batzuk. Erreserbak bertan behera gera ez daitezen, edo, agertu behar ez badira, bi aldiz pentsa dezaten.

Euskal Herrian hain ohikoa ez den zerbait izan arren, gaiak hautsak harrotu ditu azken hilabeteotan. Zeresan handia eman dute Gipuzkoan gertatutako bi kasuk. Donostiako Amelia jatetxeak, esaterako, 510 euro kobratu zizkion Bilboko bezero bati, mahaia erreserbatu zuelako eta ez zelako agertu. Bezeroak salaketa ipini zien, baina epaiketa irabazi zuten jatetxekoek. Ataungo Urbitarte sagardotegiko jabeek ere Tuterako (Nafarroa) futbol talde bateko 44 pertsona ez agertu izana salatu zuten.

Sagardotegi batzuek, ordea, Interneteko sistema baten bidez kudeatzen dituzte erreserba guztiak; Urbitarten gertatutakoa ez gertatzeko aukerak askoz ere gutxiago izan daitezen. Izan ere, «bezeroek aldez aurreko berme bat ordaintzen dute» erreserba gisa, azaldu du Olatz Mitxelena Euskal Sagardoa jatorri izeneko teknikariak: «Gurekin lan egiten duten sagardogileek dena sarean kudeatzeko aukera daukate. Erreserba aurrerakin batekin kudeatzen dugu, berme batekin; sagardogileak ere horretara ohitu dira».

Bermeak sarean

Sagardogileek beren webgunean txertatu dezakete erreserba sistema. Koordinatzaileak azaldu duenez, pertsona bakoitzeko 5 edo 10 euroko bermea eskatzen dute sagardogileek normalean; horrek eragiten du bezeroek errespetu handiagoz jokatzea.«Aurretik zati bat ordaintzen denean, jende gehiagok errespetatzen du erreserba. Gainera, erreserba hiru eguneko aurrerapenarekin ezeztatzen badute, dirua itzultzen zaie», gehitu du. Lehen, bezeroek erreserba egun bat lehenago ezeztatzen bazuten ere, diru guztia itzultzen zitzaien. Baina aldatzea erabaki zuten, ez baitzen denbora nahikoa.

Sagardotegietako garaiak aldatu dira, baina dena ez dute Internet bidez kudeatzen. Kasu askotan, bezeroak telefonoz deitzen du lehendabizi. Orduan, sagardogileak bi aukera ditu: erreserba eskuz apuntatzea edo bezeroari erreserba webgunetik egin dezan eskatzea. Bigarren aukera hautatu ohi dute normalean. Mitxelena: «Sarean erreserbatzeak lagundu egiten die mahaien kudeaketan, eta ez dituzte hainbeste dei erantzun behar».

Sagardotegiak ez dira Euskal Herrian bermeak eskatzen dituzten establezimendu bakarrak. Bilboko El Informal jatetxeak bezala, hainbatek uste dute hori dela jendeak erreserbak errespetatzeko modu bakarra. El Informalen duela urte erdi hasi ziren bezero batzuei bermeak eskatzen, Gabonetako erreserbak hasi zirenean. Ane Velez jabeak gaineratu du «ondorio kaltegarrienetik» babestu nahi duela haren jatetxea: «Pertsona bakoitzeko 10 euro inguruko aurrerapena eskatzea erabaki genuen. Hori bai, soilik zortzi pertsona edo gehiago direnean eskatzen diegu». Halere, kopuru hori handitzea pentsatzen ari da.

Bizum sistemaren edo transferentzien bitartez ordaintzeko aukera eskaintzen diete bezeroei. «Bazkaldu ostean, ordaindu beharreko kopurutik kentzen diegu bermea», azaldu du. Eta, berme bidezko erreserba sistema aplikatu duen arren, azpimarratu du, penatuta, jende askok gauza bera egiten jarraitzen duela.

Bestalde, ostalari askok ez dituzte oraindik pandemiak eragindako kalteak gainditu. 2020tik 2021era bitartean ezin izan zuten beren enpresa jarduera normal garatu, itxiera dekretuen ondorioz. Egoera horri gehitu behar zaio inflazioaren ondorioz zenbait lehengai gero eta garestiago daudela —horien artean, zenbait elikagai—. «Pandemiaz geroztik, gehiago eragiten digute horrelako jokaerek; ez gaude janaria botatzeko moduan», esan du Velezek.

Bestelako negozioetan

Hitzorduak ez errespetatzea edo berandu agertzea ez da soilik ostalariei eragiten dien arazoa. Beste gremio askotako langileei ere gertatzen zaie: dentistei, fisioterapeutei, psikologoei, ile apaintzaileei... Lorena Gurendez gimnasta erritmiko gasteiztarrak hamalau urte daramatza Ciento80o fisioterapia zentroa kudeatzen. Azaldu du «gutxitan» bada ere gertatu zaiela jendeak erreserba bat izatea eta ez agertzea. Halere, uste du kasu guztiak berdinak ez direla, eta bi soslai mota bereizi ditu.

«Batzuetan, hamar urte baino gehiago guregana etortzen diren pazienteei ordua zeukatela ahazten zaie. Gugan konfiantza izanda, eta gutxitan gertatzen bazaie, ez da ezer gertatzen. Lehenago abisatzen dute normalean, bost minutu lehenago bada ere». Gehienetan saioko dirua kobratzeko esaten diete, gainera. «Baina ez diegu onartzen», nabarmendu du fisioterapeutak.

Desberdina da huts egiten duen pertsona ohiko bezeroa ez denean. «Askotan, esaten zaien laugarren aldira arte ez dira etortzen, eta, gainera, gehienetan berandu», azaldu du Gurendezek. Horrek negozioarentzat galera dakar, eta «errespetu falta bat»da. Fisioterapeuta gehien kezkatzen duena, baina, ez da dirua galtzea, baizik eta beste bezero askok ordu hori aprobetxatuko luketela jakitea; «ziurrenik falta izan direnak baino gehiago».

Bermeak ezartzea pentsatu badu ere, ez zaio guztiz bidezkoa iruditzen; arrazoi justifikatuengatik edo modu puntualengatik huts egiten duten bezero leialenei eragingo liekeelako: «Guztiei edo inori ez. Asko pentsatu dut. Baina ez zait bidezkoa iruditzen nire bezero leialenei berme bat kobratzea agertzen ez den jendearen erruz. Horregatik ez dut egiten».

Gakoa, «errespetua»

Hirurek diote edozeini ahaztu dakiokeela hitzordu batera agertzea. «Bestearekiko errespetua» izatea da eztabaidagarria ez dena. Hau da, agertu ezin badira, behintzat abisatzea eskatzen dute. «Besteen lanarekiko errespetua izatea da garrantzitsuena. Gastu handiak ditugu», gehitu du El Informal jatetxearen jabeak.

«Zorionez», Mitxelenak badaki ez dela asko gertatzen den zerbait, eta jendeak errespetuz jokatu ohi duela normalean. «Lehen gehiago gertatzen zen jendea ez agertzea. Orain, zorionez, esango nuke jendeak gehiago errespetatzen duela».

Azken finean, bezeroak nahi duelako erreserbatzen du, hala adierazi du Gurendezek: «Beste pertsonak eskaini eta itxaron egiten dio. Beraz, agertu beharko da, ez?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.