Nerea Osinalde.
Zientzia. ARGI ALDIAN

Mehatxupean

2019ko maiatzaren 10a
00:00
Entzun
EHUko Biokimika Saileko irakaslea

Nazio Batuen Erakundeak gure planetako bioaniztasunaren inguruan aste honetan bertan argitaratutako txostenak argi dio: egoera errotik aldatu ezean, existitzen diren zortzi milioi espezieetatik milioi bat desagertuko da hamarkada gutxiren buruan. Gehiegizko ustiapena, kutsadura, klima aldaketa... asko dira hondamendira garamatzaten zergatiak. Baina, antza, badago esperantzarako zirrikiturik. Txosten berean irakurri daitekeenez, adituen arabera, tartea txikia bada ere, oraindik garaiz gabiltza egoera aldatu eta suntsipena saihesteko. Baina nola? Nondik has gaitezke? Lehenik eta behin, mehatxu nagusiak identifikatu behar dira; eta ondoren, horietako bakoitzak bereziki zein espezie kaltetzen duen ezagutu. Horrela, mehatxu bakoitzari aurre egiteko eta gehien mehatxaturiko espezieak babesteko neurri zehatzak har daitezke.

Batzuen aburuz klima aldaketa engainu hutsa bada ere, ebidentzia zientifikoak ukaezinak dira. Lur Planetako tenperaturak erruz egin du gora azken mendean. NASAk argitaratutako datuen arabera, 1880az geroztik gure planetako gainazala batez beste 0,8 ºC berotu da. Itsaso eta ozeanoetako ura ere berotu da, baina, inertzia termikoa deitzen den fenomenoa dela eta, beroketa askoz txikiagoa izan da. Neurri zorrotzak hartu ezean, hurrengo urteetan berotzea are larriagoa izango da, eta adituek aurreikusten dute atzera-bueltarik gabeko egoera baten aurrean egongo garela. Zer gertatuko da? Zer gertatuko zaigu bertan bizi garenoi?

Arestian esan bezala, Lurreko gainazala ur-masa baino askoz azkarrago ari da berotzen. Hori dela eta, pentsa zitekeen klima aldaketak batez ere lurrean bizi diren espezieak zigortuko dituela. Baina Nature aldizkari ospetsuak argitaratu berri duen lan batek kontrakoa erakusten du.

400 espezierekin baino gehiagorekin egindako ikerketa baten arabera, egoera errotik aldatu ezean espezie urtarrak izango dira lehenak desagertzen, bereziki tropikoetan bizi direnak. Izan ere, lurrean bizi diren animaliek ez bezala, uretako espezieek ezin dute beroa saihestu. Ezin dira gerizpean jarri, edo ezin dira gotorleku baten ezkutatu berotik babesteko. Ikerketa bideratu duen ikertzaile nagusia Malin Pinsky ekologoa da, eta, haren hitzetan, «historikoki, itsasoko animalien ekosistema apenas aldatu den tenperaturari dagokionez. Horregatik, imajinatu behar dugu animalia horiek oso errepide estuan dabiltzala, eta bi aldeetara tenperatura labar izugarriak dituztela».

Datu horiek aintzat hartuta, klima aldaketaren ondorio lazgarriak saihesteko erronkan itsasoko bizidunak babestea da lehentasuna. Horretarako, negutegi efektua eragiten duten gasen igorpena murrizteaz gain, gehiegizko arrantza gelditzea ezinbestekoa da. Baita itsas habitaten suntsipena saihestea ere.

Baina ezin ditugu espezie lurtarrak ahaztu. Klima aldaketaren aurrean urtarrak baino erresistenteagoak dira, berotik babesteko ahalmena dutelako. Beraz, ahalmen hori ez galtzea bermatu behar dugu. Nola? Besteak beste, oihanen ustiapena geldituz. Zuhaitzik gabe ez baitago itzalik. Bestela gogoratu udako egun beroenetan zeinen gustura egoten zareten gerizpetan...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.