Roane Carey. Kazetaria

«Alderdi Errepublikano osoa ustelduta dago»

Deustuko Unibertsitateak antolatutako hitzaldi batean parte hartu du Careyk. AEBetan paperezko egunkariak topatzea oso zaila dela azaldu du, eta egunkari txikiak desagertzeak kalte egiten diola demokraziari.

GORKA RUBIO / FOKU.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko martxoaren 19a
00:00
Entzun
The Nation-USA aldizkariko erredaktoreburu izan zen 1989tik 2021era, eta duela bi urte hartu zuen erretiroa Roane Careyk (Atlanta, AEB, 1960).

Nola aldatu da kazetaritzaAEBetan hasi zinenetik gaur arte?

Aldaketa handiak iritsi dira, izugarriak. Batzuek ekonomiarekin eta politikarekin dute zerikusia, eta beste batzuek teknologia aurrerapenekin. Argi dago aldaketarik handiena Internet izan dela. Horrek dena aldatu du.

Mundu digitalak, alegia.

1989an US Nation aldizkarian hasi nintzenean, paperezko aldizkari bat besterik ez zen. Dena 36 orrialde horietan zegoen. Asteazkenero bidali behar izaten genuen errotatibara. Oholak jartzen ere aritzen ginen. Eskola zaharreko kazetaritza zen hura. Gero, pixkanaka, Internet iritsi zen, eta oso poliki hasi ginen aldizkarian sartzen. Oso zuhurrak izan ginen. Ez genuen diru asko inbertitu nahi, ez genuelako diru askorik. Poliki egin genuen. Baina orain albisteak kontsumitzeko modua erabat aldatu da. Gehienek ez dute paperezko kazetarik erosten, batez ere gazteek.

Zertan da papera AEBetan?

Espainian, Herrialde Katalanetan eta Euskal Herrian bidaiatzen dudanean, gustatzen zait paperezko egunkariak kioskoetan ikustea. Izan ere, AEBetan zaila da paperezko egunkaribat aurkitzea. Garai batean prentsa kioskoak leku guztietan zeuden, baina egun ez daude hainbeste. Dena aldatu da. Politika ere bai.

Politika: Donald Trump AEBetako presidente izatera iristeak nolako eragina izan zuen?

AEBetako eskuin muturreko botere politikoaren hazkundearen azken fruitua izan zen. Trump bera da horren gailurra. Faxismoaren antzeko zerbaitera hurbildu ginen. Trumpek faxisten buruzagi baten oinarrizko ezaugarri asko ditu: demokraziarekiko mespretxua, boterearen gurtza eta komunikabideekiko gorrotoa. Komunikabideei herriaren etsai deitzen die. Faxisten klasiko bat da hori. Kazetaritzaren ideiari berari erasotzen dio. Trumpek benetan uste du zilegia den kazetaritza bakarra bere alde dagoen kazetaritza dela.

Baina dena ez da Trumpen araberakoa, ezta?

Trumpismoa ez da Trump bakarrik, Alderdi Errepublikano osoa pozoituta dagoelako ikuspegi faxista horrekin. Orain alderdi hori da zuzenean eta argi saiatzen ari dena AEBetan demokrazia suntsitzen. Alderdi Errepublikano osoa ustelduta dago.

Bestalde, Noam Chomskyk manufacturing consent kontzeptua erabili zuen hedabideen otzantasuna azaltzeko. Errotuta al dago hori gaur egun?

Chomskyk esaldi hori lehen aldiz erabili zuenean, forma askoz sotilagoa zuen. 1970eko eta 1980ko hamarkadatan, hedabide kapitalista liberalek neutralak balira bezala jokatzen zuten, baina, izatez, boterearen aliatuak ziren. Chomskyk duela 30 edo 40 urte kritikatzen zituen hedabide horiek ez dira inoiz hain muturrekoak izan, egun diren bezala. Askoz ere muturrekoagoa da orain egoera, eta arriskutsuagoa.

Zer informazio eman ohi dute AEBetako komunikabide nagusiek Israelek Palestinari egindako erasoei buruz?

AEBetako Gobernuak uste duena eta Israelgo Gobernuak nahi duena islatzen dute gehienbat. Ez zara egiara hurbilduko, hedabide nagusiei entzuten badiezu.

Tokiko hedabide asko ixten ari dira AEBetan. Zer eragin du?

Demokraziari kalte egiten dio, hiri txiki eta ertainetako jendeak ez duelako konfiantzazko informaziorik. Egunkari txiki horiek desagertu ahala, eskuin muturreko irrati hizlarien hazkundea iritsi da. Egun osoan ari dira gezurrik muturrekoenak zabaltzen.

Esan izan duzu kazetaririk onenek editoreak asko estimatzen dituztela.

Kazetari on batek badaki bere lana hobea bihur daitekeela. Editoreak lagundu egingo dio artikuluak hobetzen. Lan prozesu kolektibo bat da hedabide batena.

Kazetaritza ona egin al daiteke 2023. urtean?

Arazo ugari daude kazetaritzan. Baina beti egin daiteke kazetaritza ona: kazetariak bizkor ibili behar du, galdera egokiak egin, iturri onetara jo, ondo dokumentatu, eta informazioa dotore eman.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.