Joxepa Madariaga. Gerriko kultur elkarteko teknikaria

«Erdarazko kultura soilik kontsumitu, eta luzitzen garen bezala luzitzen gara»

Euskara eta euskal kultura bultzatzen dihardu Madariagak bizi guztian: irakasle, gai jartzaile... Aralar parke naturalaren defentsan ere ari da. Batean edo bestean, beti ari da lanean.

GORKA RUBIO / FOKU.
Maialen Unanue Irureta.
Lazkao
2019ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Lazkaotarrek ez dute sinisten Joxepa Madariaga (Lazkao, Gipuzkoa, 1963) Zaldibian (Gipuzkoa) bizi denik. Lazkaoko Gerriko kultur elkarteko dinamizatzailea da: euskara eta euskal kultura bultzatzen lan egiten du. Saltsa askotan ibilitakoa da, eta dabil, oraindik ere.

Aguazilaren alaba zara: gogoratzen zara udaletxean bizi zineteneko garaiaz?

Garbi daukat etxearen egitura. Senide asko gara, zazpi: ni, gazteena. Etxe txiki bat zen: nesken gela, mutilena, eta gurasoena. Eta gurasoen gelan bi ohe, batean gurasoak eta bestean hiru neska gazteenak. Hormaren alde batean etxea zegoen, eta bestean, alondegia. Gure aitak gaiztakeriatan ari ziren mozkorrak preso sartzen zituen, mozkorra pasatzera: gauez komunera joan behar, eta ahizpari eskatzen nion laguntzeko, horma jotzen eta oihuka egoten baitziren.

Nolakoa zen zazpi senideko etxe batean haztea?

Guraso asko izan ditut: bi mutil eta bost neska gara, eta bi mutilak aitak izan dira niretzat, eta bi neska zaharrenak, amak. Adinez, izan zitezkeen: hasierakoak nahiko segidakoak ziren, baina ni berandu etorri nintzen. Bi anaiak nahiko gazte hasi ziren CAFen, eta haien soldatari esker erosi ahal izan zuten gurasoek etxea; aitaren soldatarekin ez zen posible. Ahizpa zaharrenak irakasletza ikasi nahi zuela esan zuen, eta bere kabuz konpondu behar izan zuen. Nire aurreko bi neskak neskame hasi ziren ikasketak utzita, eta niri esaten zidaten: «Ez egin guk bezala: ikasi».

Zer bide hautatu zenuen?

Irakasletza egin nahi nuen, baina ahizpak ezetz: «Nahi duzuna, baina irakasletza ez». Azkenean, pedagogia ikasi nuen.

Zeure kabuz, zuk ere?

Zorte handia izan nuen: bi familiatako umeak zaintzen nituen Lazkaon, eta horietako bat Donostiara joan zen bizitzera. Nire asmoa zen joan-etorrikoa egitea trenez egunero, baina etxekoandreak esan zidan nahi banuen haiekin bizi nintekeela: janaren eta aterpearen truke arratsaldeetan umeen ardura hartuta. Beste lantxo batzuk egiteko denbora ere ateratzen nuen: Ikasbide ikastolan ordezkapenak egin nituen, Martuteneko ikastolan ere antzerkia ematen aritu nintzen: euskara lantzeko nahi zutela eta...

Zuretzat aldaketa handia izan zen unibertsitatera joatea?

Bost urte oso on pasatu nituen. Talde polita osatu genuen: euskaraz ikasi ahal izan genuen lehenengoak izan ginen. Beldur nintzen horrekin: gazteleraz irakurtzeko eta idazteko arazorik ez nuen, baina ahozkotasunean, beti motz. Esan egin nahi gauzak, eta ezin. Matrikulatzera joan, eta «euskaraz ala gazteleraz?» galdetu zidatenean, zer lasaitua!

Nola iritsi zinen Gerrikora?

Ikasbiden nengoela, Goierriko Euskal Eskolak esan zidan kultur elkarteak teknikari bat behar zuela. A zer buruhausteak izan nituen: lanagatik baino gehiago, Donostian edo Lazkaon bizi erabakitzea zen buruhaustea. Jada zure txokoa egin duzu herritik kanpo, eta berriz ere herrira itzultzea; logikoena gurasoenera joatea zen. Lanak erakartzen ninduenez, etortzea erabaki nuen, baina neure kabuz; gurasoentzat gogorra izan zen, baina gustura nago egindakoarekin.

Zein lan egokitu zitzaizkizun?

1989an jarri zuten martxan Gerriko idazlan lehiaketa, orain ikerlan beka dena: horri heltzea tokatu zitzaidan. Gogoan dut bilera batean Iñaki Larrañagak esan zuela azterketa soziolinguistiko bat egin beharko genukeela; Siadecon egiten zuen lan. Azterketa hark erakutsitako emaitzekin hasi ginen lanean: umeentzat ekintza asko zeuden, baina gazte eta helduentzako zerbait egin beharra zegoen: hitzaldiak, ikastaroak...

Lazkao euskalduna da, baina ez da berez gertatu... Nekeza da euskaldun izatea Lazkaon?

Oso erraz esan duzu herri euskalduna dela: euskalduna bada, baina ez uste bezainbeste. Eustaten 2016ko ezagutzaren datuek diote euskaldunak ia %65 garela; ulertzeko gai, %13. Asko da, baina erabileran, zer? Iazko udazkenean egin zuen Soziolinguistika Klusterrak azterketa, eta emaitza izan zen euskaraz %44,8 aritzen dela, gaztelaniaz %53, eta beste hizkuntzetan, %1,8. Datu negatiboa da. Positiboak ere badaude, noski: Maizpidek zenbat jende euskaldundu duen, zenbat alfabetatu... Maizpide, gainera, Goierriko Euskal Eskolaren jarraipena da: hura sortzean erabaki genuen guk kultur elkarte moduan euskalgintzara dedikatzea. Euskaltegiek beti garbi izan dute dena ez dela euskara klaseak ematea: kalean behar dugu euskara.

Bertso munduari lotua egon zara: bertsotan baino gehiago, gai jartzaile. Nolatan?

Bertsolariak gorroto nituen haurra nintzenean, ez nituen aguantatzen. Aita ez zen bertsolaria, baina zalea bai; Lazkao Txikiren lagun handia zen, auzotarra. Herriko festetan, udaletxeko balkoitik kantari entzuten nituenean bertsolariak, ni, neure artean: «Tontoak tontakeriak esaten». Unibertsitate garaian, Sopelako [Bizkaia] festetara joan ginen: Algortako bertso eskolakoak hantxe tokatu zitzaizkigun, parrandan. Puntutan hasi ziren, eta ezin zen txanda pasa egin: primeran pasatu genuen. Hurrengo ikasturtean Donostiako bertso eskolan hasi nintzen.

Nola aldatzen diren gauzak.

Astero elkartzen ginen Parte Zaharrean, Arrano Beltza elkartean; Josu Zelaia genuen irakasle. Asteburuetan Lazkaora etorri, eta han ikasitakoak kuadrillan praktikatzen genituen, afari baten bueltan. Ordiziako bertso eskolan ere parte hartu nuen, Tolosakoan.... Hain zuzen, Tolosakoan nenbilenean, Beotibarren egin behar zen saiorako norbait behar zen gaiak jarri eta aurkezteko. Gaiak denon artean egin genituen, baina Jexux Mari Irazu eta biok animatu ginen. Geroztik, batetik eta bestetik deiak jaso, eta saio dezente egin nituen, baina nekosoa zen. Atsedena behar nuelako utzi nuen, hamar bat urteren ostean.

Ez zenuen bertigorik sentitzen?

Errespetu handia. Lan handia da bertso saio baterako gaiak jartzea, egitura pentsatu, zenbat bertso, gai motak, ariketak... Jendeak beti esaten zidan oso lasai ikusten ninduela, baina nik barruan neraman ardura. Bertigoa beti izan dut: esperientzia ona izan zen, gustura ibili nintzen, baina kito. Oso mundu maskulinoa zen: oraindik ere bai, baina orduan gehiago. Emakume gai jartzaileak oso gutxi ginen, eta hori neukan beti buruan: sentitzen nuen gehiago behar zirela. Saroi Jauregi hasi zenean, «bale, erretiratzeko moduan naiz», pentsatu nuen.

Irakurri duzu Uxue Alberdiren Kontrako eztarritik?

Oraintxe ari naiz. Laurdena edo irakurri dut, eta oso lan ona egin duela iruditzen zait. Jaso dituen testigantzak, sentsazioak... Denok bizi izan ditugu hor azaltzen direnak, era batera edo bestera. Gauza horietan pentsatu gabea nintzen: irakurri, eta...

Besteak beste, aipatzen dute adin jakin batetik gorako emakumerik ez dagoela plazetan; ez da askorik aldatu, antza.

Ez, gaiak jartzen... Arantzazu Loidi bazebilen, Martxeli... ez dut gogoan abizena, Alegiakoa. Hortik aurrera... inor gutxi. Gipuzkoako gai jartzaile taldean beste bat ere bazen, Elgoibarkoa, Mariasun, ez dakit abizenik... Baginen, baina gutxi. Bertso eskolan ere gizon artean ibili naiz ia beti. Eta horren eragina ikusi egiten da.

Zuk nabaritu duzu eragin hori zugan?

Egia esan, ondo sentitu izan naiz beti: ez naiz gaizki sentitu gizon artean. Baina ez dakit nola jokatuko nukeen emakume gehiago egon izan balira.

Nola ikusten duzu bertso mundua, gaur egun?

Oso osasuntsu dagoela esango nuke: lan pila bat egin da eta egiten da. Onarpen izugarria du gizartean, jende asko eta alde askotakoa inguratzea lortu du. Gaien aldetik, lehen lantzen ez zirenak ere entzuten dira: burutik pasatu ere egiten ez zitzaizkigunak. Dudarik gabe, estilo hau aberatsagoa da, eta gehiago gustatzen zait.

Zer eman dizu bertso munduak?

Hasieran, euskara lantzeko tresna moduan hartu nuen. Familia euskaldunekoa, ikastolan ikasia, unibertsitatean ere euskaraz... Baina zer, hor bukatzen al da? Egunero-egunero landu beharra daukagu gure hizkuntza. Zenbat astakeria entzuten ditugun! Lehenengo aldian min ematen dute, baina gero onartzen hasten gara, normalizatu arte: ikaragarria da. Kultur mailan lan ikaragarria daukagu egiteko. Eta euskaldun-euskaldunez ari naiz, tituludunez: irakurri, antzerkira joan, zinemara... Eskaintza badago, eta ez dugu aprobetxatzen: erdarazko kultura soilik kontsumitzen dugu, eta, gero, luzitzen garen bezala luzitzen gara.

Siadecok Elkarrentzat egin zuen azterketa oso argigarria izan zen, arlo horretatik...

Uste dut Xabi Payari irakurri niola: elikadurarekin ikasi dugu saskia nola bete, 0 kilometrokoa, garaian garaikoa... Kultur saskia nola bete ez dugu lantzen, ordea. Kontsumitzen dugu euskarazko kultura? Ez asko, eta zabor pila bat jaten dugu.

Duela hogei urte liburu bat argitaratu zenuten Aralarri buruz. Gaurko panorama ez zenuten imajinatu ere egingo, ezta?

Etor zitekeela, bai. Borroka luze doa, eta luzea izango da. Pisten alde eta pisten kontra, horretara mugatu dugu Aralarko auzia, eta ez dut uste hori denik kontua. Orain lortu dute beste pista zati bat egitea, eta pixka batera lortuko da beste bat, eta beste bat. Txikizioa txikizioaren atzetik joan liteke, eta niri izugarrizko mina ematen dit, zeren horrek ez dauka mugarik. Ez da dudarik bertako artzainen lan baldintzak hobetu behar direla, baina ez horrela. Badaude beste alternatiba batzuk: ez zaie heltzen, eta pena ematen dit. Txikitzen ari gara, lurra jaten, eta horrek ez dauka atzera-bueltarik.

Ezkor zara?

Dezente. Min egiten dit, alternatibak badaudelako. Hitz egin behar da, baina ez artzainek, ganaduzaleek edo politikariek bakarrik. Mendian ibiltzen garenok ere badugu zer esana. Jar gaitezen denok elkarrekin, eta denoi komeni zaiguna egin dezagun.

Lana taldean egitearen garrantzia nabarmendu izan duzu. Zergatik da hobea, zure ustez?

Ez da hobea, derrigorrezkoa baizik: bakoitzak dakiena eman, eta elkarrekin egingo dugun pastela askoz hobea izango da. Harremana izan, eta aberastu: ez pertsona gisa bakarrik, baita talde gisa ere. Baina horrek esan nahi du lana egin behar dela. Askoz samurragoa da norberak berea egitea, eta kito. Elkar gaitezen: nor bere aldetik arituta baino askoz aberatsagoa izango da.

Gertutik ukitzen zaituzten gaietan inplikatu zara: inplikatzea da bide bakarra?

Inplikaziorik gabe, zer egiten duzu? Ez baduzu iritzirik ematen, zure alea jartzen lan batean edo bestean... Egia da jende asko saltsa askotan gaudela sartuta, eta horrela ez dela lana ondo egiten. Uste dut gure garaitik inplikazio sozialak atzera egin duela. Anbizio handiagoz jardun beharko genuke lanean elkarteetatik, jendea aktibatuz. Mugimendu soziala eta jende olatua harrotu; euskalgintza, euskal kulturgintza, indartu. Horixe egin beharko genuke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.