Yerai Diaz Ikaran. Kazetaria

«Ez dugu izenburuetan geratu behar»

ETB1eko 'Gaur Egun' gaueko albistegiko aurkezle berria Madrilen berriemaile gisa eginiko lanaz mintzo da, eta euskarazko berri saioak erdarazkoak baino laburragoak izateaz.

Edu Lartzanguren.
2018ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Yerai Diaz Ikaran (Ondarroa, Bizkaia, 1988) ETB1eko gaueko Gaur egun albistegiko aurpegi berria da.

Ondarroatik Madrilera joan zinen ikastera. Nolatan?

Euskal Herrian orduan ez zegoen kazetaritza eta ikus-entzunezko komunikazioa lizentzia bikoitza bost urtean ikasterik. Gainera, gazteleraz ondo ikasi nahi nuen, ez nintzelako oso ondo moldatzen. Mexikon ere egon nintzen sei hilabetez ikasten, eta Txilen ere bai, beste diru laguntza batekin. Mundua ezagutu nahi izan dut beti.

Madrilen zinela, M-15 protesta mugimenduak harrapatu zintuen. Hura izan zen benetako eskola zuretzat?

Garai hartan, unibertsitatean Bologna planaren kontrako mugimendua zegoen, eta, azkenean, inplikatuz joaten zara. M-15 mugimenduak ikusmin handia sortu zuen, eta lagun asko nituen hor. Mugarria izan zen; aldaketa bat izan zen. Eta horren inguruko berriak zabaltzeko aukera izan nuen, han gertatzen zen guztia bertatik bertara ikusteko. BERRIArentzat aritu nintzen horretaz idazten, eta Euskadi Irratitik ere deitzen zidaten horren berri emateko. Hor hasi nintzen kazetaritza munduan lehen urratsak egiten.

Kazetaritza idatzian eta ikus-entzunezkoen artean zuk ez duzu gatazkarik?

Kazetaritza kazetaritza da, ikus-entzunezkoa, idatzizkoa, irratikoa... Ez dut uste bata beste baten kalterako direnik. Irudiaren eta izenburuen munduan bizi gara. Baina ez dugu irudi batekin geratu behar, eta ez dugu izenburuetan geratu behar: ikertu egin behar da, arrazoiak ikusi, sakondu. Komunikazioa ez da 140 karakterreko gauza bat.

Bilbon hasi zinen EITBn, eta, gero, atzera Madrilera itzuli zinen. Zerekin geratzen zara hiri horretan eginiko lanaz?

Beste ikuspuntu batetik aritzeko aukera eman zidan horrek, kazetari gisa, ez ikasle moduan. Azken bi urte eta erdiak oso biziak izan dira, ustekabez beterikoak politika aldetik eta orokorrean. Ikasteko leku oso ona izan da niretzat, gauza asko mugitzen direlako han: politika eta auzitegiak nola dabiltzan ikusteko aukera duzu. Gai batetik bestera aldatzen duzu etengabe. Ezin zara aditu egin gai batean, baina, behintzat, denetik ikasten duzu, eta kontrolpean jartzen ikasten duzu.

Azken boladan egunero datoz izenburuak Madrildik. Krokodilo putzu bat ematen du. Horrenbesterakoa da?

Bai. Beti egon da mugimendua, baina azken bizpahiru urteotan ez dakit zeozerk eztanda egin duen; ez dakigu hemendik astebetera zer gertatuko den. Madrilera joan nintzenean ez zegoen gobernurik. Gero, Rajoyk lortu zuen gobernua osatzea. Itzuli nintzenean, Pedro Sanchez zegoen, zentsura mozioa aterata. Kataluniakoa ere egon da tartean. Bakoitzak bere trikimailuak erabiltzen ditu besteari erasotzeko. Uste dut Madrilen politikak ez dakiela nora doan. Batzuen eta besteen arteko azaleko borrokekin geratzen gara, eta, gero, beste gai batzuetaz ez da hitz egiten.

Zer esango zenieke albistegi bat aurkeztea pantaila batean agertzen diren testuak irakurtzea baino ez dela uste dutenei?

Kazetaritzaren beste adar bat dela. Aurkezlea zara, baina kazetaria: informazioa batu behar duzu, gauza asko idazten ditugu. Ez da bakarrik hor agertzea, lan handia dago atzetik. Talde lan bati aurpegia jartzen diozu. Zorabioa sortzen du. Kalean zaudenean, tarte bat baino ez duzu egiten pantailan. Aurkezle gisa, 45 minutuz zaude kameraren aurrean. Zorabioa, baina emozioa ere bai.

Zer deritzo 'Gaur Egun'-en aurkezle berriak euskarazko albistegiak ETBn erdarazkoak baino askoz laburragoak izateari?

Lantalde bera da. Begiratu beharko genuke zergatik euskaldun askok jotzen duten erdarazko eskaintzara informatzeko orduan. Nik ez dakit zein den arazoa, edo zer falta den. Euskarazko komunikabideok jendea erakartzen saiatu behar dugu. Ni neu saiatzen naiz hori bultzatzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.