Sormena, laborategitik plazara

Tabakalerako ikus-entzunezko berritzaileentzako programako hiru prototipoak aurkeztu dituzte

Ezkerretik eskuinera, Sergio Arca, Pello Reparaz, Ander Iruretagoiena eta Jone Arriola, Tabakaleran. GORKA RUBIO / FOKU.
jakes goikoetxea
Donostia
2021eko ekainaren 6a
00:00
Entzun
Sormena badago. Ilusioa, zer esanik ez. Eta lanerako gogoa ere bai. Horren erakusgarri, Tabakalerako 2deo ikus-entzunezko laborategiak bultzatzen duen Prototipoak programako emaitzak. Gazteek gazteentzako euskaraz eduki berritzaileak sortzea da helburua. Iragan ostegunean aurkeztu zituzten prototipo izatera iritsi diren 2020ko deialdiko hiru proiektuak. Bi telesail eta norberari egokitutako bideoklipak sortzen dituen plataforma bat.

Abian da 2021eko deialdia. Ekainaren 15era arte aurkez daitezke proiektuak. Aukeratutako bost egitasmoek 2deoren laguntza jasoko dute, bai dirutan, bai baliabidetan, baita parte hartzaileek asko estimatzen duten aholkularien babesean ere.

JONE ARRIOLA
Emakume indartsuak 'Larrugorritan' telesailean


Jone Arriolak iaz bukatu zituen Ikus-entzunezko Komunikazio ikasketak, EHUren Leioako campusean (Bizkaia). Urtebete geroago, gradu amaierako lana telesail proiektuaren zero kapitulu indartsu bihurtu da, eta jende gehiago batu du egitasmora.

Larrugorritan izena du telesailaren proiektuak. Gazteen kuadrilla baten gorabeherak kontatzen ditu. Lau emakume eta gizon bat. Batek lan egiten du, eta gainerakoak ikasten ari dira, unibertsitatean eta lanbide heziketan.

Emakumeak dira protagonista. «Emakume indartsuak, ausartak eta ahaldunduak», zehaztu du Arriolak. Pentsatzen dutena esateko eta egin nahi dutena egiteko konplexurik gabeak: «Normalean emakumeetan ez dugu ikusten jarrera lotsagabea eta gainerakoek esaten dutena axola ez zaiena. Normalean halakoak ez daude ondo ikusiak, zatarrak direla esaten da... baina ez da hala». Horrelakoak dira Larrugorritan telesaileko protagonistak. Haien ahuldadeak ere islatu ditu Arriolak.

Arriola konturatu zen proiektu konplexua zela, eta laguntza behar zuela. Katz Estudioa ekoiztetxea sartu da proiektuan. Kapituluak eta gidoiak idazten ari dira, «diru laguntzetara aurkezteko eta ekoiztetxeen ateak jotzeko».

ZETAK
Norberari egokitutako bideoklipak


Zetak taldeko kideek sistema linbikoaren berri izan zuten duela urte eta erdi: «Geure buruan dagoen mekanismo bat da, subkontzienteki orotariko estimuluak ideia bihurtzen eta gordetzen dituena». Pello Reparaz Zetak proiektuko musikariarena da azalpena. Mekanismo horretan oinarrituta, hasieran bideoklip interaktibo bat sortu nahi zuten.

Baina 2deoko laborategia baliatuta, eta, Sherpa Ai enpresarekin abiatutako lankidetzari esker, emaitza beste bat da: «Sormena eta adimen artifiziala uztartzen dituen abesti eta bideoklip mugagabea», definitu du Reparazek. Zehatzago esanda, erabiltzaile bakoitzarentzat kanta bat eta bideoklip bat sortzen dituen plataforma bat, algoritmoetan oinarrituta.

Erabiltzailea plataformara konektatzean, konektatze hutsarekin, hari buruzko informazioa izango dute: gailua, kokapena, ordua, leku horretako eguraldia... Horrez gain, erabiltzaileak hautatu egin beharko du hainbat aukeraren artean: aldartea, musika mota, une horretan egin nahiko lukeena... «Horrekin guztiarekin», azaldu du Reparazek, «algoritmoak audio eta bideo pieza berezi hori sortuko du». Bakarra. «Parametro asko daude jokoan eta, batzuk oso antzekoak atera badaitezke ere, ia ezinezkoa da pieza bera ateratzea». Osteguneko aurkezpenean Reparazen ahotsarekin sortutako kanta beraren hainbat bertsio entzun ziren, hiru dimentsioko irudiekin osatutako bideoklipetan.

Proiektua aurreratuta dago, emaitzarekin pozik daude, baina Reparazek nabarmendu du «esperimentu hutsa» dela.

SERGIO ARCA ETA ANDER IRURETAGOIENA
'Nahiak',websailetik telesailera


Bazterkeria jasaten dutenei ahotsa emateko ahalegina da Nahiak. Emakume transexual bat da protagonista. «Hala ere, ez dugu ezberdintasuna nabarmentzen, ezaugarri bat gehiago da. Estereotipoak hautsi nahi ditugu, eta istorio unibertsal bat kontatu». Zuzendari eta ekoizle eragileetako bat da Ander Iruretagoiena.

Berez, websail bat izan behar zuen. «Baina gidoiak idazten hasi ginenean konturatu ginen istorio handiagoa behar genuela, beste estetika batekin eta kalitate handiagoarekin», azaldu du Sergio Arca La Traca ekoiztetxeko ekoizle eragileak. Horrek handitu egin du aurrekontua, eta Gehitu elkartea sartu da proiektuan. Hogei minutu inguruko kapitulu bat osatu dute. Telesaila telebistaren batean eskaintzea da haien helburua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.