Albistea entzun
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez
Emakumeen aurkako indarkeriari ez

'Zorrotz' hedabidea sortu dute

Hilaren 28an jaioko da 'Zorrotz.eus' hedabide digitala. Saiakera liburuak ere argitaratuko dituzte
Igor Meltxorrek sortu du <em>Zorrotz</em> hedabide eta argitaletxea, beste lagun batzuekin batera.
Igor Meltxorrek sortu du Zorrotz hedabide eta argitaletxea, beste lagun batzuekin batera. ANDONI CALLENADA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Urtzi Urkizu -

2021eko azaroak 21

«Proiektuan jende librea nahi dugu, pentsamendu kritikoa duena eta klase kontzientziarekin». Hala dio Igor Meltxorrek, Zorrotz hedabide berriaren sortzaile eta koordinatzaile nagusiak. Gaur zortzi jaioko da, hilaren 28an, Zorrotz.eus. Aldi berean, Zorrotz Liburuak abiaraziko dute: argitaratuko duten aurreneko liburua Itziar Ituñorekin egindako elkarrizketa liburu bat izango da —gaztelaniaz—, Meltxorrek berak idatzia. Zorrotz.eus atari digitalean, artikuluak euskaraz, gaztelaniaz, katalanez eta galegoz irakurri ahalko dira. Era berean, elkarrizketak audio eta bideo formatuan ere zabalduko dituzte.

Euskal Herrian, Onintza Enbeita kazetari, bertsolari eta BERRIAko zutabegileak —Bira idazten du egunero— euskarazko elkarrizketak egingo ditu. Hark koordinatuko ditu euskarazko edukiak. Madril-Gaztela inguruan, berriz, gaztelaniazko elkarrizketak Bea Talegon politikari eta zutabegileak gidatuko ditu.

Meltxorrek argi du: «Ez da zentsurarik egongo. Kolaboratzaileek edozertaz idatzi ahalko dute, eta egingo ditugun zuzenketa bakarrak ortografikoak izango dira». Bestalde, hauxe ohartarazi du: «Ez da izango aktualitateko egunkari bat, ezta ikerketa kazetaritzako hedabide bat ere. Ez dugu egunerokoekin lehiatu nahi. Aldiz, elkarrizketa eta erreportaje zainduak egin nahi ditugu».

Zorrotz.eus atariko artikulu guztiak irekian egongo dira: ez da ordaindu beharko irakurri ahal izateko. Hala ere, harpidetzak sustatu nahi dituzte. Urtean 48 euro ordainduta Zorrotz laguntzeko aukera egongo dela nabarmendu du Meltxorrek. «Harpidedunek ahalbidetuko dute kolaboratzaile gehiago egotea, eta beherapenak izango dituzte Zorrotz-en dendan».

Euskal Herriko kolaboratzaileen artean, hauek daude: Jabier Salutregi Egin-eko zuzendari ohia, Amparo Lasheras kazetari eta idazlea, Ibai Zabala pilotari ohia, Lander Iruin kazetari eta dokumentalgilea, Txente Rekondo nazioarteko analista, Jonathan Martinez kazetaria eta Laura Perez Podemos Nafarroako idazkari nagusi izandakoa. Gizarte gaiak lantzen arituko dira, bestalde, Ziortza Karranza psikologo eta sexologoa eta Naroa Martinez psikopedagogoa.

Kataluniako kolaboratzaileek gaztelaniaz zein katalanez idatziko dute: David Fernandez CUPeko bozeramaile ohiak, Albano Dante Kataluniako Podemeko idazkari nagusi ohiak, Jordi Borras kazetariak eta Marta Sibina En Comu Podemeko diputatu ohiak. Galiziako kolaboratzaile bat izango du Zorrotz-ek bere hastapenean: Suso del Toro idazlea. Gaztelaniaz zein galegoz idatziko du. Madrildik, Guillermo Toledo aktoreak idatziko du, baina ez da izango hango sinadura bakarra.

Hiruzpalau urte dira Meltxorrek proiektua buruan zuela. Pandemiaren aurretik sortzeko asmoa ere bazuen. «Baina pandemiarekin eta itxialdiarekin, denbora egon da ideia gehiago mamitzeko, eta izena ondo erabakitzeko ere bai». Nabarmendu du Euskal Herriko kolaboratzaileei asko gustatu zaiela izena. «Eskaintza zorrotza egitea da asmoa. Zera nahi dugu: kolaboratzaileek ez dezatela arazorik izan honetaz edo hartaz idatzi nahi badute. Elkarrizketetan, bestalde, ez ditugu betiko galderak egin nahi».

Enbeitaren 'Izurritea'

Zorrotz-ek argitaratuko dituen lehen liburuen artean, Onintza Enbeitaren Izurritea egongo da. Honela iragarri du bertsolari eta kazetariak: «Azken urteari buruzko gogoetak dira; oso pertsonalak, agian, baina bizi izan dugunaren gaineko hausnarketak».

Beste liburu bat Tasio marrazkilariarena izango da. Gorka Garmendiak hitzen esanahien inguruko liburu bat ere plazaratuko du. Eta, otsail alderako, Cabacas auziaren inguruko liburu bat iritsiko da. Itziar Ituñoren elkarrizketa liburua, berriz, datorren astebururako izango dute prest.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Netflix Euskaraz herri mugimenduaren agerraldia, Durangon, apirilaren 17an. ©Endika Portilo / Foku

Hizkuntzen berdintasunaren alde lan egiten dutenek salatu dute legean ez dagoela urratsik

Paulo Ostolaza - Urtzi Urkizu

Euskalgintzaren Kontseiluak eta katalanaren eta galegoaren eskubideen alde lan egiten duten erakundeek adierazi dute ikus-entzunezkoen lege berrian hizkuntza aniztasuna aitortu, defendatu, bermatu eta sustatu behar dela printzipio gisa.

 ©JON URBE / FOKU

«Egin kontu: ez daukat gonarik, ez mototsik, baina liburuzaina naiz»

Enekoitz Telleria Sarriegi

Topikoen kontrako borrokaz eta liburutegien egiteko berriez ari da Juarez. Muskizko liburuzaina da, eta haien elkarteko burua. 30 urte bete ditu elkarteak berriki. 'Antolatzearen diziplina' liburua itzuli dute.
'Leonard' kometa, azaroaren 19an, Mungiatik ateratako argazkian. / ©Alex Escartin

'Leonard' kometa ez da hautsi, eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da

Jon Ordoñez Garmendia

Espero zen bidea egiten ari da Leonard kometa, eta datorren astean begi hutsez ikusi ahal izango da Euskal Herrian. 80.000 urtean behin hurbiltzen da Lurrera.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.