Kanaldude ikus daiteke Orange, Boygues eta Free hornitzaileetan

'Kanaldude telebista zure etxean' kanpaina jarri dute martxan, eta urte bukaerara arte iraungo du

Kanaldudeko langileak eta ordezkari politikoak, asteazkeneko aurkezpenean. GUILLAUME FAUVEAU / MEDIABASK.
Amaia Jimenez Larrea.
2023ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Kanaldude telebista kateak 1997an eman zituen lehen pausoak, Ele Bista izenarekin. Ipar Euskal Herriko kultura eta egitasmo kolektiboak dira bere oinarriak hasieratik, euskara eta herritarrak helburutzat hartuta. Urteen poderioz, aldatuz eta egokituz joan da Kanaldude: antena bidezko lehen emisioak, Interneten agerpenarekin lehen webgunea... Orain, Orange, Bouygues eta Free Internet hornitzaileen boxetan ikusi ahal izango da katea, eta, ekainetik aurrera, baita SFR enpresarenetan ere.

Asteazkenean aurkeztu zuten Kanaldudeko langileek aurrerapena, hainbat ordezkari politikorekin batera.

Hornitzaile horietan euren edukiak emateko aukera izan dute, 2021ean ARCOM erakundeak tokiko ekimen publikoko zerbitzuan sartu baitzuen Kanaldude. Baimen horri esker, telebista boxak proposatzen dituzten Internet hornitzaileak behartzen ditu Kanaldude haien eskaintzan integratzera.

Eta zer egin behar da Orange, Bouygues edo Free hornitzaileen box bat izanez gero Kanaldude ikusteko? Bada, boxa berraktibatu behar da. Gero, Kanaldude aurkituko dute Orangen 358 kanalean, Bouyguesen 339an eta Freen 948an.

Kanaldude telebista zure etxean kanpaina jarri dute martxan katean, hemendik urte bukaerara bitarte hedabideetan eta espazio publikoetan zabalduko dena. «Ikusiak izan nahi dugu, gehiago ikusiak, baita partekatuak eta maitatuak ere», aipatu zuen Pantxika Maitiak, kateko langileak. Etxe guztietara iristeko helburua dute, euskarazko telebistak inoiz baino garrantzi handiagoa izan behar duela uste baitute Kanalduden. «Guretzat, euskarazko lekuko telebista bat tresna garrantzitsua da euskararen garapen eta kultura aniztasunerako», aipatu zuen Eki Pagoagak, telebista kateko langileak.

Berrikuntza gehiago

Hedapen handiagoa izateko aukeraz gain, Kanaldudek webgune berria ere atera berri du. Besteak beste, kalitate bisuala hobetu dute, bai Nahieranen eta baita zuzeneko jarioan. Horretaz gain, webgunearen azpiegitura azkartu dute, ikusle kopuru handiagoak izan ahal izateko. Kanaldude.eus berria edukiak kontsumitzeko dago pentsatua. Pagoagagak gehitu zuen «egitura ergonomiko batekin» erabiltzailearen esperientzia hobetu nahi zutela: «Nabigazio atsegin, intuitibo eta aberatsa bilatuz».

Webguneko edukien berrantolaketa egin dute, gainera, Pagoagaren hitzetan, sailkapen eta programazio «koherente» bat bilatzeko asmoz. Bestalde, katearen aniztasuna webgunean islatzea «erronka» izan dela adierazi du.

Elhuyar Fundazioarekin elkarlanean, eta adimen artifizialaren laguntzaz, euskarazko azpidatziak sortzen ari dira, katearen edukietarako. Datozen hilabeteetan egongo dira eskuragarri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.