Marikita Tambourin. Irakasle ohia eta idazlea

«Nire idatzietan nire bizi pribatuak badu eragina»

Urte luzez irakasle izan da Tambourin, Seaskan hasieran eta Hezkuntza Nazionalean gero; literaturan hainbat liburu argitaratuak ditu, olerkigintzan zein eleberrigintzan.

BOB EDME.
Baiona
2018ko abenduaren 23a
00:00
Entzun
Euskaraz baizik ez zekien Marikita Tambourinek sorterrian (Baigorri, Nafarroa Beherea, 1946), baina euskara albo batera utzi zuen Angelura bizitzera joan zirenean. Errusiarreko irakasle batek berpiztu zion kontzientzia, eta ordutik euskarari emana da.

Mari Ameztoi da zure goitizena, Baigorriri erreferentzia zuzena eginez.

Baigorriko Ameztoia etxaldean sortu naiz. Laborantzatik bizi zen etxalde bat zen. Ohiturazko bizimolde bat bazen han; erran nahi du kasik autarkian bizi ginela, euskaraz baizik ez ginela mintzo, oraindik lehengo ohitura guziak bizi zirela, baita sinesteak ere.

Baigorri, hala ere, aski goiz utzi behar izan zenuen.

Ez nintzen luzaz bizi izan Baigorrin, nire aita-amak behartuak izan ziren joatera, eta Angelura joan ziren bizitzera, 1951n. 5 urte nituen. Arrunt beste mundu batera pasatu ginen: ohiturazko euskal mundu batetik hiri batera pasatu ginen, frantsesa baizik mintzo ez zen leku batera. Ni eskolara joan nintzenean, 5 urtetan, ez nekien hitz bat frantsesez. Aitak ere ez zekien frantsesik garai hartan; nire amak baizik ez zekien.

Toki aldaketa nabarmen horrek eragin handia izan zuen zugan?

Pentsatzen dut inkontzientean baietz, eta orain zahartzaroan ohartzen naiz horrek eragin bat izan duela nire baitan. Nire aita beti euskaraz mintzo zen bere lagunekin, ostatuan; aita-amak beren artean ere bai, baina, noizean behin, entzuten nuen ondoan ziren frantximant batzuek erraten, frantsesez bistan dena: «Geldi zaitezte zuen txarrabian hitz egitetik», eta txarrabia hori arabierazko hitz bat da, frantsesez baliatzen zutena arabiarrei buruz hau errateko: «Ulertzen ahal ez dugun mintzaira hori». Beraz, gaitzetsia-edo ikusi dut mintzaira hori ttipitan. Berehala gelditu nintzen euskaraz hitz egitetik, eta etxean nire aita-amek euskaraz hitz egiten zidaten, baina nik beti frantsesez erantzuten nuen, eta horrela iraun du hamar urtez.

Orain ere Angelun bizi zara.Zer-nolako aldaketa antzeman duzu?

Biziki emeki doa euskalduntzen Angelu. Orain, ikastola biziki azkar bat bada; nire alababitxia eta semebitxia han dira, eta 100 bat ikasle ditu. Nik lehenago ez nuke sekula amestuko horrelakorik, baina oraindik Angelu herri gaskoitzat hartzen da. Euskara gordea, mespretxatua, baztertua eta nolabait higuindua izatetik beste egoera batera pasatu gara. Euskaraz jakitea, euskararen alde izatea orain modan den zerbait da.

Bizitoki aldaketa eginagatik Baigorrira joaten zinen?

Uda guziz. Oporrak biziki luzeak ziren garai hartan, hiru hilabete irauten zuten, eta nire aita-amek biek lan egiten zutenez Angelun, Baigorrira bidaltzen ninduten aita edo amaren etxera. Han iragaten nituen uda guziak. Euskara beti entzuten nuen, nire memorian zen beti euskara, baina nik ez nuen hitz egiten.

Arrazoia?

Trauma bat izan zen, horrela analizatzen dut orain. Gutxietsia zen mintzaira bat ez nuen erabili nahi nolabait, hori zen. Aldaketa gertatu da, hain zuzen, 16 urtetan. Miarritzeko Lizeora joan nintzen ikasketen egitera. Errusiar klasean, irakasleak eskatu zigun ea bazen euskaldunik ikasleen artean. Hasi nintzen begira inguruan ea norbait bazen, eta ikusi nuen nehork ez zuela eririk altxatzen, eta, dudatu ondoan, altxatu nuen eria. Orduan ikusi nuen irakasle hori, anitz mintzaira zekizkiena, euskarari interesatzen zela. Beraz, balio zerbait zuen hizkuntza bat banekiela, nonbait banuela nire memorian eta etxera itzuli nintzenean amari erran nion: «Ama, euskara ikasi behar dut; nire haurrei erakutsiko diet».

Amak zer erantzun zizun?

Erran zidan: «A, no, ez diten hi bezain kaskagogorra izan beharko euskaraz hitz egiteko!» [irriak]. Hurrengo ostegunean Baionara jin ginen, liburutegi batera eraman ninduen, eta euskal gramatika liburu bat eta frantses-euskara hiztegi bat erosi zizkidan, eta horiekin hasi nintzen nihaur berreskuratzen euskara. Luzaz jarraitu dut horrela, bakarrik, zeren eta, bistan dena, garai horietan ez zen inon irakasten euskararik.

Irakasle horrek zerbait berpiztu zizun.

Harrotasuna eta kontzientzia. Baita altxor bat banuela nire baitan ere, eta, geroztik, horrela kontsideratu dut euskara: altxor bat, landu behar zena. Eta aukera izan dudanean erakusteko, gogotik onartu dut haurrei erakustea. Banekien haur guziak euskara galtzen ari zirela. Hori 1970ean zen. Orduan proposatu zidaten ea nahi nuen andereño izan ikastola batean. Ordurako lanean ari nintzen, beste lan mota bat banuen. Ez nekien ikastola zer zen; ez nuen sekula entzuna, ez bazenik ere, biziki konfidentziala zen. Eskatu zidatenean Arrangoitzen zen ikastola, eta zer zen ikusi nahi nuela erran nien. Libe Goñik ikasleekin zer egiten zuen ikustera joan nintzen, eta arras gustaturik baiezkoa eman nion Seaskari. Nire lana utzi nuen, eta ikastaldi batzuk egiten hasi nintzen.

Zenbat denboraz aritu zinen Seaskan?

Hamazazpi urte egin ditut Seaskan, 1986ra arte. Lehenik, Donibane Lohizuneko ama eskolan bost urtez; gero burasoek pentsatu zuten lehen maila bat ireki behar zela. Lehen Mailan bost urte egin nituen, eta, gero, Baigorrira bizitzera joan ginen, 1981ean. Han momentu berean ikastola bat ireki zuten. Haren sortzea ere egin dut, baina maluruski bost urte baizik ez zuena iraun.

Gero beste urte bat egin nuen Donibane Garazin, eta Seaska utzi nuen arazoak bazirelako; diru arazoak. Ni bakarrik nintzen lau pertsonako familia bat biziarazteko: senarra, ni eta bi haur. Ez genekien ordainduak izanen ginen, maiz langabezian sartzen gintuzten, eta, hala ere, jarraitzen genuen lanera joaten. Niretzat egoera zaila zen; ez nuen hilabete sariaren segurtasunik. Hori ikusirik, Hezkuntza Nazionalean sartzea erabaki nuen, euskara irakasteko. Hamazazpi urte egin ditut Hezkuntza Nazionalean, bigarren mailako ikastetxeetako sail elebidunetan, bai euskara irakasten eta bai gaiak euskaraz irakasten.

Giro aldetik oso desberdina izango zen.

Oraindik zailagoa zen Hezkuntza Nazionalean. Denak kontra ziren: zuzendaritza, irakasleak, sindikatuak... Eta maiz euskarako irakasle bakarra izan naiz ikastetxe batzuetan. Seaskan bezala, Hezkuntza Nazionalean euskara irakasle izateko benetako militantea izan behar zenuen.

Konpentsatzen zizun?

Seaskan zein Hezkuntza Nazionalean, izugarri maitatu dut egiten nuen lana: maite nuen haurrei euskara irakastea. Beraz, edozein baldintzatan egingo nuen; poz handia eman didan lan bat da, eta prest nintzen sakrifizio anitz egiteko.

Zure izena, bestalde, literaturari ere lotua da. Irakurzale amorratua omen zara, gazte-gaztetatik.

Irakurtzen ikasi orduko, izugarrizko enbeia sortu zitzaidan irakurtzeko. Gure etxean ez zen libururik, ez zen eskaintzen ere libururik; beraz, liburuak behar nituen. Nire amak herrimina zuenez, ostegun arratsalde guziz bizikleta atzean ezartzen ninduen eta Angelutik Baionara joaten ginen Saint-Andre plazara. Nik hori aprobetxatzen nuen eskatzeko amari liburu dendara joateko eta liburu txiki bat erosteko. Beti izan dut zaletasun hori.

Poesia lanak argitaratzen hasi aurretik hasia zinen olerkigintzan.

Orain argitaratu berria dut olerki bilduma bat; horiek dira nire bizi guzian idatzi ditudan olerkiak. Beraz, 1965etik orain arte. Liburu hori bi hizkuntzetan da; garai hartan ez nekien euskaraz idazten, eta ikastolan hasi nintzenean hasi nintzen euskaraz idazten. Olerkiak diren mintzairan agertzen dira. Orotara, 350 bat olerki dira liburuan.

Idazkera aldetik euskara batuan idaztearen alde egin duzu beti, hautu militante bat dela esanez.

Beti euskara batuaren aldekoa izan naiz, 1970etik horren hautua egin nuen Donibane Lohizuneko ikastolan irakasteko. Alde batetik, nire euskararen zola Baigorrikoa da. Egin nituen ikasketak andereño izateko Gipuzkoan, eta euskara Donibane Lohizunen irakatsi behar nuen. Euskara batuan irakastea horregatik erabaki nuen. Ordurako aipatzen zen euskara batua. Jone Forcada gurekin zen, Txillardegiren emaztea, eta Txillardegik klase batzuk eman zizkigun.

Eleberriak ere argitaratu dituzu.

Nire lehen liburua ikerketa liburu bat izan zen. Baigorriko etxe izenez egin nuen ikerketa bat Bordeleko unibertsitatearentzat, etnologia edo antropologia ikasketak egiten nituenean. Ikerketak Euskal Herriari buruz egin nahi nituen, baina horretarako metodologia bat nahi nuen, eta nola egiten ahal ziren ikasi nahi nuen.

Bizipen pertsonalek zure idatzietan ere eragina izan dute.

Nire idatzietan nire bizi pribatuak badu eragina. Erran nezake denetan, bai ikerketetan eta bai eleberrietan. Erraten ahal nuke eleberriak autofikzioak direla nolabait, eta ikerketak ere ikerketen zergatia ontsa begiratzen bada, deiturak zergatik... Dagoeneko nihaurek izen biziki berezi bat badut, izena eta deitura. Nire izena badakit nondik heldu zen: Argentinatik heldu da. Eta deitura nahi nuen jakin nondik heldu zen, eta hori ere ikertu izan dut. Horrekin batera, nahi nuen jakin zein zen nire sortetxearen istorioa, eta horiek guziak ikertuz eman dituzte liburu batzuk.

Zure izenak Argentinarekin lotura du, beraz?

Nire amaren aldetik batez ere badugu familia askoz ere handiagoa Argentinan hemen baino. Nire amatxiren bi ahizpa eta hiru anaia Argentinara joan ziren, eta ahizpa horietarik batek bazuen alaba bat, Marikita deitzen zena—Mariquita idatzita—. Neska hori amak ezagutu zuen, Ameztoira jin baitzen. Biziki gazterik hil zen, 20 urtetan Erroman serora zelarik. Ni ondotik sortu nintzen, eta haren oroitzapenez ezarri zidan izen hori.

Politikak ere eragin handia izan du zugan.

Sortzez arrasatearra baina hemen bizi zen gizon batekin ezkondu nintzen, eta bi haur baditugu. Kontua da gizon horrek jasan zuela atentatu bat, orain laster eginen ditu 40 urte, urtarrilaren 13an. 1979an, Donibane Lohizunen tirokatu zuten. Geroztik, ezindua gelditu da, eta bista galdua. Ez da inoiz inor arrestatua izan; nehor ez da jujatua izan. Ez nire senarra, ez ni, ez gure haurrak ez gara kaltetu moduan kontsideratuak izan, ez Frantzian, ez eta Espainian ere. Beraz, inoiz ez damu domaiarik, ez laguntzarik, inoiz ez. Atentatu egileak ziren hirurek aldarrikatu dute: Batallon Vasco Españolek, Guerrilleros de Cristo Reyk eta Triple Ak.

Idazteak lagundu dizu hori guztia eramaten ?

Nik betidanik idatzi izan dut, baina, egia erran, idazteak laguntzen du. Ez banu hori izan... Idaztea terapia bat bezalakoa izaten ahal da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.