Auxtin Zamora Durruti. Poeta eta ohorezko euskaltzaina

«Eragin zenbatezinek bultzatzen gaituzte gu garena izatera»

Bere baitako ohatzea «preso atxiki» du hogeita hamar urtez, harik eta hizkuntza eta hitza berreskuratzearekin poesiak dion jalgiarazi: libertatea. Geroztik, bertzeei laguntzen die barnekoa ateratzen, euskal poesia elikatuz, Hatsa elkartearen bidez.
GUILLAUME FAUVEAU

Ainize Madariaga -

2019ko azaroak 24
Auxtin Zamorak (Senpere, Lapurdi, 1943) bere burua suertearen semetzat dauka. Eta, une oro da zenbatezinak diren eraginen ondorio. Horregatik, «gizakiak garrantzi gehiegi» ematen dio bere buruari: mundua izan, dagoen bezala bada, ez da gizakiaren ondorioz, baizik eta naturak hala izaten uzten diolako. Teoria horri leial, Zamorak merezimenduak oro bertzeei dizkie ematen, goreneko apaltasunez. Haren ekarpena txalotzen duten frogak badira: Sarako Idazleen Biltzarraren saria bildu baitzuen iaz, bai ere Euskaltzaindiak ohorezko euskaltzain izendatu eta omendu du.

Apezengandik ez urrun, zein ikasketa burutu zenuen?

Apezak etxez etxe sartzen ziren seminarioan sartzeko. Uztaritzeko seminariora igorri ninduten, baina ez nuen baxoa pasatu, ez bainuen jasaten ahal giroa; ez sinesten teoriak, ez katixima... Handik atera eta Baionako Cassin lizeoan pasatu nuen baxoa. Ondotik soldadutza egin nuen Pikardian [Frantzia].

Lanean hasi zinen orduan?

Bizilaguna ezagutu, eta diru biltzerat abiatu nintzen Kanadara, gure arbasoek egin zuten bezala. Komentu batean sartu nintzen, eta kozinatzen ikasi nuen. Baina ez nuen beti toki berean preso segitu nahi; beraz, Euskal Herrirat sartu nintzen, eta ezkondu. Bulta batez arno saltzaile ibili ondotik, arazo sozialak zituzten gazteentzako eguneko zentro batean egona naiz, hogei bat urtez; etxe guzia kudeatzen nuen Jean Iriarte zenarekin, zeina ene zuzendaria baitzen. Pertsona zinez eragingarria izan zait. Lanetik kanpo eman gintuzten biok, segur ere euskaldunegiak baikinen.

Zein kantoitatik zitzaizun agertu poesia?

Badu 30 urte sartu nintzela zinez poesian, ohartu bainintzen euskal poesia ez zela aski baloratua espainola eta frantsesaren artean, ez zitzaidan normala egiten euskara ez aski baloratua izatea.

Ezin errana eman zenion izenburua zure lehen olerki liburuari. Geroztik ezin hori erran ahal izan duzu?

Hamabi bat urtetan poemak idatzi nituen, euskaraz erran nahia frantsesez idaztera behartua nintzen, nire hizkuntzan ez bainintzen alfabetatua. Jendea irriz hasi zen nitaz, eta 30 urtez blokeatua egona naiz.

Galtze handia.

Bai, zeren eta momentuan baitira barnekoak atera behar; fruituak bezala: ezin dituzu gero bildu. Emeki-emeki bildu dut indarra idazteko, baina ez nuen uste sekula helduko nintzenik. Izugarrizko zailtasunak ukan nituen. Nahiko nuke izan zedin orduan oraingo haurrek duten idazteko erraztasun hori. Alta, bai, birsortu zait haurtzaroko euskara xume hori. Ikasketarik batere egin gabe, harritua naiz nola kapaza naizen adituekin batuan elkar ulertzeko. Txillardegirenarengandik izugarri hurbil zatekeen batua, lapurtar batek egin izan balu. Uros izan behar dugu elkar ulertzen baitugu.

Ahozkotasuna eta idatzia. Zein da bakoitzaren tokia?

Ezin da bakarrik idatziarekin egon, lokartzen baita liburuaren barnean. Garrantzitsua da aztarna idatziak finkatzen baitu ahozkoa eta laguntzen baitu, baina badu arriskua latina bezala desagertzeko. Bizi dena ahozkoa da. Frantses testu zaharrak begiratuz, ageri da zein zaila den, ez baita orain bizi den hori. Hieroglifikoek ere gauza bera islatzen dute: adituek baizik ez dakite zer erran nahi duten, aldiz, ahozkoa hor balitz, jakinen genuke.

Etxeko hizkuntza ezin idatzia. Hankamotz zinen. Noiz duzu gabezia hori orekatu?

Idatzia bera baino gehiago, izan da hizkuntza bera, hitza bera. Idatziaren oinarria da hitza. Euskara izan da, enetzat, eskolatik ihes egitea. Eskolak normalizazioa sortzen zuen, eta anitz horretan sartu dira, euskara utziz. Nik ez. Eskolatik ateratzen nintzen eta banuen posibilitatea ene ama hizkuntzarekin eta ene sentimenduekin lotzeko; libreago nintzen sentitzen nituenak errateko. Eskolan fikzioan nintzen. Oroitzen naiz le soleil [eguzkia] idatzi zuela errejentak arbela beltzean, eta, niretzat, marra batzuk baizik ez ziren. Eguzkia euskaraz nuen entzuten eta ikusten, eta berak ninduen berotzen, eskolakoa fikziozkoa zen, ez erreala, ez ninduen batere berotzen. Ene lehen begirada eguzkiari nion eskaintzen leihotik, hori zen enetzat ihes egitea. Hor ikusten da zer inportantzia duen ama hizkuntzak.

AEKtik iragan zinen zeure burua alfabetatzeko?

Ene baitan nituen hitzekin moldatu nintzen, hiztegien laguntzaz. Ez nuen eskolako teknikaren beharrik, nire baitan bainituen jadanik euskararen fonetika eta sistema osoa: inkontzientean. Utzi behar diozu barnekoari den bezala ateratzen, zaren bezalakoa, eta gero bai: teknika ezarri zure zerbitzuko; hobetzeko eta indartzeko. Lehenik atera zure adierazpidea, eta gero landu. Eskolak ematen dizu ardatza, eta ezin zara gehiago hortik atera. Beraz, lehenik zure ardatza atera, zure libertatea atxikiz. Libertatea da denen ohatzea.

30 urtez arrunt zokoratua zenuenaren bila joan zara. Eta horrekin aski ez, partekatu ere egin duzu.

Partekatzea bertzeei hartzea da, bertzeekin baitzara harremanetan, bertzeek baitizute ekartzen, zuk ematen duzuna baino gehiago da. Ez zara zu nagusi, uste duzu zure libertatea dela, baina eragin zenbatezinek bultzatzen gaituzte gu garena izatera: Lurrak, teknikak... Ez baitakizu hemendik hamar segundoren buruan zer hitz aterako zaidan, libertateaz harago da. Guk ez dugu manatzen. Poesia horretan da: deusetik ateratzen da, momentukoa, errepika ezina.

Senpereko (Lapurdi) parkean Christiane Giraud-en Hodeiak eskulturan zure olerkiek hori isurtzen dute: natura bera da denen gainean dena, manatzailea.

Ezin definitua eta zenbatua da. Zientzia izugarri ederra da, mirakuluak egiten dituzte, baina ez dira zientzialarienak. Lehenik naturaren imitazioak dira, demagun, hegan egitea. Eta ez dutelarik imitatzen, mundua poetikoki asmatzen dute. Zientifikoak poetak dira.

Adibidez?

Mundua Big Bang batetik sortu dela, nolaz hori? Amets bat da hori. Ez dute zientifikoki frogatzen ahal, izugarri murriztuak baitira ikerketak. Gure baitan miliarka gauza dugu. Medikuntzan zinez nagusi bagina, ez ginatekeen hilen. Uste dugu sekulako boterea dugula, nagusi garela denaz, baina ez da egia.

Gizakia horrela badabil naturak uzten diolako da, hori duzu erran nahi?

Bai, natura diot hitz bat definitzeagatik. Ez gara hemengoak, nonbait, espaziokoak gara, oro hari lotua baita: denbora, espazioa... ez gara haren mugetaraino heltzen. Apal ikusi beharko genuke geure burua.

Poesiaren sozializatzailea zara: Hatsa elkartea sortu baitzenuen, eta bertan, olerki bilduma eta eguna bultzatu...

Bertzeen beharra banuen. Sentitu dut gizaki guziek badutela beren baitan berezitasun bat beraiena dutena, aberatsa, nonbait gordea, ez duguna agertzen, baina hor dagoena, eta azaldu behar dena; atxiki gabe. Errazena haurrekin egitea da, ez baitute aurreiritzirik, zuzenean ateratzen baitute barnekoa. Horiek dira lehenik lagundu behar espresatzen. Eskolan baitira hitz egiten eta idazten ikasteko, baina behar ditugu lotu beraien barruan dutenarekin, zeina ez baita egiten. Haurtzaroa da inportanteena eta bereziena gure baitan. Hastapen hori bakarra da, haur bakoitzak badu arroltze hori. Eta helduak ere haurrak izaten segitzen dutenez, eta bultzatzeko barnean duten hori ateratzea sortu nuen duela 21 urte Hatsa elkartea. Denei irekia da, ez bakarrik dakitenei: gaizki idatzita ere, barruko gauza ateraz eta bertzeekin lotuz egiten da aberastasuna. Idazten hasten delarik, formak ez dira onak, baina igual zait, zuk baizik sentitzen dituzunak badira. Gero heldu dira hobetzeak.

Zer irizpide baliatzen duzu hobekuntza horiek baloratzeko?

Adierazteko moldea ederragoa eta landuagoa delako, erran nahi duena ez da kanbiatzen, baina hobeki idatzia da, ulergarriagoa da; funtsean bere burua hobeki adierazten du. Apala izan behar zara bertze baten laguntza ere onartzeko: haurrekin hori dut egiten; beraien barnekoa hunki gabe, espresatzen laguntzen diet.

Preseski, segitzen duzu haurrei olerki tailerrak ematen?

Guti, bertsolaritzan ari baitira. Alta, bertsolaritzak beharko luke poesia haboro, eta idatzi gehiago, sakonagokoa ateratzeko. Poesia egiteko ez da profesionala izan behar.

Urte guziz argitaratzen duzue olerki liburua?

Irauten duenak badu laster doanak baino indar handiago, eta bertzeak akuilatzen ditu abiatzeko edo segitzeko, horregatik da hain garrantzitsua urte guziz liburu bat ateratzea. Eredu gisa ere egonen da gerokoentzat.

Baduzu tirriatu zaituen poetarik?

Ez, baizik eta poesiak, orokorki. Edozein poesiak eragiten dute, sentitzen badut hunkitzen nauela, nornahi izan daiteke. Izenak ahanzten ditut. Pentsatzen dut ni hunkitu banaute bertze batzuk ere eginen dituela, bere eragina ukanen baitut ene baitan. Badira pertsona asko inguruan balio anitzekin, baina baloratuak ez direnak. Alta, gizarteak lehia du nahi, zeina akats handia iruditzen baitzait. Horregatik, poesia lehiatik kanpo da.

Hitzak dira hitzak, argazkiak ere ematen dituenak.

Duela dozena bat urte hasi nintzen argazkiak egiten, ohartu bainintzen zein garrantzia duen orainaldiak gure bizian, zeinak baztertzen baititu iragana eta geroa. Argazkiak ematen dizu segundo horren aztarna. Erabat lotua da suertearekin, zeinean asko sinesten baitut: jestu horrek zein eragin izanen du geroan? Argazkiaren %90 suertearen nahimenenaren menpekoa da, gainerako %10 nire partea da.

Argi «hitz»kiak erakusketa paratuko duzu laster, nolakoa da?

Ikas zentroan, abenduaren 2tik 13ra. Nik egin argazkiei 2019ko Hatsaren olerki bildumako testu zatiak txertatu dizkiet. Argazkiek eta testuak elkar azkartzen dute. Argazkiak kanpoko zerbait erakusten duten argiak dira, eta hitzak, berriz, argiak ere dira, baina barnekoak. Urtarrilean, Irunen [Gipuzkoa] ere erakutsiko ditut.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna