Angel Zelaieta. Idazle eta irakaslea

«Betirako gelditu zitzaidan 'Hambre' etxeko umetako kultura»

Abade izatea zen Zelaietaren patua, baina uste baino azkarrago utzi zuen. Ostean, 'Anaitasuna'-ko zuzendari, Verdesko langile eta Lauro ikastolako irakasle izan zen, besteak beste. Gabriel Arestiren lagun hurko izanak itzalean ezagun egin zuen.

RAUL BOGAJO / FOKU.
Zihara Jainaga Larrinaga.
Bilbo
2021eko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Besapean kazetariarentzako liburu bat duela iritsi da elkarrizketara Angel Zelaieta (Mallabia, Bizkaia, 1940). Nikolas Ormatxea Orixe-k euskaratutako Tormesko itsumutila eleberria da, hain zuzen. Verdes liburu dendan argitaratu zen lehen edizioa, denbora batez bertan aritu zen lanean Zelaieta. Baina liburu hori geroago ere editatu zen, Lauro ikastolan, Zelaietak berak prestatua. Bilboko Plaza Barrian jarri du hitzordua Zelaietak, eta Euskaltzaindiari parez pare begira erantzun ditu galderak. Mallabiko Hambre etxean jaio arren, Bilbon bizi da aspaldidanik, eta elkarrizketa hasi aurretik, plazako zein inguruko hainbat bitxikeria kontatu nahi izan dizkio argazkilariari, argazki egokiena ateratzeko. Bere bizitza laburbiltzen duen elkarrizketa ere, memoriak uzten duen neurrian, hala joan da: anekdotaz anekdota.

Mallabiko Hambre etxean jaioa zara.

Eibartik gertu, baina Mallabian zegoen taberna zen Hambre. Aitak pentsatu zuen ezkontzean tabernatxoa ipintzea bidegurutze batean, eta etxe berria egiten hasi ziren. Garai hartan, teilatua ipintzean, montxorra emateko ohitura zegoen, baina amamak ez zien afaririk ematen lanean zebiltzan harginei, eta haiek Hambre izena jarri zioten etxeari.

Zu ere tabernan egoten zinen?

Bai eta betirako gelditu zitzaidan Hambreko umetako kultura. Taberna izanik, jende asko etortzen zen: baserritar jabe handiak, errenteroak, Eibar eta Ermua alboko herrietako langileak, guardia zibilak... denak hartzen genituen. Tabernan beti zegoen norbait inguruan, eta horrek perspektiba aberatsa ematen zidan, modu batean edo bestean berba egiteko talentua. Behin kartel bat jarri nuen tabernan: «Zaharrak ondo bukatu eta berriak hobeto hasi» zioen,eta guardia zibilak galdetu zidan ea eta hitzak zer esan nahi zuen. Irakasle izana nintzen, eta lokailua zela azaldu nion, barre egin zuen.

Nolako haurra zinen?

Garai hartan, Domu Santu egunean landare sorta bat eramaten zen elizara, ahalik eta ederrena, han bedeinkatu eta ortuan jartzeko. Behin, Hambretik ni bidali ninduten, baina ganora gabeko sorta batekin joan, eta haserretu egin nintzen. Ez dut ondo gogoan, baina inguruko baserritar batek esaten zuen orduantxe erabaki nuela etxetik alde egin eta seminariora joatea. Aitak ganbaran hitzartu ninduen, nahi ez banuen ez joateko esan zidan, baina argi nuen, eta joan nintzen. Aurrez lehengusu bat, ni baino zaharragoa, joana zen.

Gainontzekoek nola erreakzionatu zuten?

Aitabitxiak, abade egin nintzenean, Bilbora etorri, kaliza erosi, eta taberna batera eraman ninduen bazkaltzera, ez dakit berak ere ez oste zuen uste guraso ganoragabekoak nituela.

Seminarioko oroitzapenak gordeko dituzu.

Garrantzitsua izan zen garai hura. Kumaldi bereko talde polita bildu ginen, Xabier Amuriza eta Josu Naberan tarteko. Bazterrak nahasten aritzen ginen, sarritan. Kurtsoko bazkariak egiten genituen gerora. Bestalde, seminarioan Jose Angel Ubieta irakaslea ezagutu nuen, oraindik mantentzen dut harremana berarekin. Erresidentziara egiten dizkiot bisitak.

Esan duzu seminarioa bukatueta abade egin zinela. 1966. urtea zen.

Seminarioa bukatu, eta hantxe geratu nintzen. Hala, abadetza amaitu, eta euskaltzale nintzenez, zigor gisara-edo, migranteen parajeetara destinatu ninduten. Etxebarri [Bizkaia] egokitu zitzaidan, eta gustura aritu nintzen han ere. Handik, Galdakaoko Bengoetxe auzora lekualdatu ninduten. Galdakaon, baina, neska bat ezagutu, eta berarekin ezkondu nintzen. Gaur egun arte.

Espero gabeko itzulia bizitzak.

Zaldibarko moja batek esaten zuen auzoko aberatsenarekin ezkondu nintzela. Ez dakit zoriontzea edo madarikazioa zen, baina Maribel ezagutzeak abadetza uztea egin zidan, Vatikanoarekin paperak eta guzti egin behar izan nituen.

Filologia Hispanikoa egin zenuen Deustun. Zer dela eta?

Letretakoa nintzelako, besterik gabe.

Euskaltzalea zinen, euskararekiko kontzientzia handikoa.

Derion bi talde geunden, Morokil eta Asfalto.Morokil ginen baserrietakoak, eta asfalto, berriz, kaletarrak. Harritzekoa bada ere, seminarioko ikasleengan oso bizkor sortzen zen euskara eta herri kontzientzia, eskoletan baino askoz ere gehiago. Ordurako, dezente idazten nuen euskaraz, Zeruko Argia aldizkarirako. Hala hartu nuen euskararekiko konpromisoa. Geroago etorri zen Anaitasuna aldizkariko zuzendari izateko aukera.

Gazteek ez dute jakingo zer zen Anaitasuna.

Euskara batuarekiko joera hasi zen Anaitasuna-n. Artikuluak euskara batuan azpititulu eta guzti argitaratzen genituen. Konkretuki, Imanol Berriatua frantziskotarrak garrantzi handia izan zuen horretan. 1953. urtean berak sortu zuen Anaitasuna,Foruan [Bizkaia]. Imanolek den-dena zuzentzen zuen. Idazteko makinarekin artikulu guztiak pasatzen zituen berriro, dena euskara batuan jartzeko, artikulu guztiak argitaratu aurretik. Azpimarratzekoa da egin zuen lana, akatsik gabe eta batasunarekin atera nahi zuen aldizkaria.

Eta zu nolatan hasi zinen Anaitasuna-n?

Retolaza abizena zuen abade batek Bilbon kalean aurkitu ninduen behin, eta berak esan zidan Anaitasuna berriz ateratzeko bilera bat antolatua zutela eta ea joango nintzen. Anaitasunak krisi ekonomikoa zeukan, eta ez zen gazteengana heltzen. Zoriari esker izan zen ni han azaltzea.

Bilerara joan, eta zuzendari.

Josu Naberanek eta besteren batek proposatu zuten, hain zuzen, ni zuzendari izatea. Ni orduan Galdakaoko Bengoetxen nengoen, eta bertan argitaratzen genuen aldizkaria, Ideal inprentan. Gaitasun txikiko inprenta zen, eta zailtasun asko izaten ziren ale bakoitza ateratzeko. 2.000 kopia inguru egingo genituen.

Zer giro zegoen Anaitasuna-n?

Ilusioz beteriko garaia, ikuspegi eta portaera berriak... Buru-belarri sartu ginen, pasio handiarekin. Lan asko egiten genuen,

euskara batuaren auzia pil-pilean zegoen, eta esango nuke argitaratzen genituen gauzak oso zabalak zirela, euskalgintzako kontuak asko azpimarratzen genituen. Etxean ditut ale guztiak inprimatuta, eta gustatzen zait noizbehinka begiratzea.

Momentu txarrik?

Ahalegindu ginen harremanak izaten mundu guztiarekin. Atxiloketa, istilu eta abarrei buruzko albiste gutxi ateratzen genuen aldizkarian, baina ez zen zentsuragatik, baizik eta zuhurtziagatik. Behin isun bat iritsi zen. Gereñoren artikulu baten argazkiagatik. Baina, bestela, Anaitasuna-n albiste orokorrak ematen genituen. Ez genuen lehiakortasunik. 1972. urtera arte aritu nintzen han. Frantziskotarrak etorri, eta aldizkariaz jabetu ziren. Orduan, aldizkaria erlijiora bueltatu zen.

Anaitasuna-n amaitu, eta Verdes liburu dendara, betiere giro antzekoan, euskal kulturaren inguruan aritu zara.

Hala da, baina urtebete soilik egin nuen Verdesen.

Gabriel Aresti eta Bernardo Atxaga elkartzeko balio izan zuen urtea.

Atxagak inoiz idatzi izan du horretaz ere. Verdesen nengoela, Borobila eta puntua antzerki lana ekarri zidan, eta nik Arestiri pasatu nion, eta Arestik gutun bat bidali zion Atxagari, uste dut zaharrari ez zitzaiola asko gustatu idatzia, baina idazle gaztea zoriondu egin zuen, gutun bidez.

Gaur egun Atxaga denaren erru apur bat orduan zurea.

[Barreak]. Hala al da?

Zure izena Interneten bilatu, eta saihetsezina da Arestirekin topo ez egitea. Non batzen dira zuen bideak?

Ez dut ondo gogoan. Bilboko Irala auzoan bizi zen Aresti, frantziskotarren komentuaren ondoan; esango nuke han egin nuela harremana, baina, ezagutu, 1966. urtean ezagutu genuen elkar Eibarren, Juanito San Martinen etxean. Gerora, emazteak lagun egin ziren, eta horrek asko eragin zuen, gure adiskidetasuna indartzeko. Halaber, oraindik bizi da Arestiren emazte Amelia Esteban, Melitxu, Zazpikaleetan bizi ere, eta egun Whatsapp bidez hitz egiten dugu.

Nor zen Aresti?

Bilbotarra, baina euskal herritarra zen gizon bat. Euskal Herriak eman duen pertsonarik humanoena. Sozialismorako joera zuen

Haren biografia idaztera ausartu zinen. Zerk bultzatuta?

Deustuko Unibertsitatean ikasten nengoela izan zen.

Inork baino sekretu gehiago zenekizkien Arestirenak?

Harreman handia genuen.

Zer zor zaio Arestiri?

Munduarekiko ardura, baita langileriarekikoa ere. Biografia tendentzia horretan eginda dago. Gizon indartsua zen

Anekdotez ari zarela. Semearizer dela-eta jarri zenion Ahoztar izena?

Arestik proposatua izan zen. Auñamendi entziklopedian ere agertzen da izena. Gaur egun, asko aritzen naiz Auñamendi kuxkuxeatzen etxean, telebista ikusi baino nahiago dut.

Garai haietako euskal kulturatik zer gordetzen duzu?

Jon Juaristirekin harremana mantentzen dut. Gizon berezia da, Madrilen bizi da egun, baina hitz egiten dugu batzuetan.

Verdesen zinela, Lauro ikastolara joan zinen irakasle.

1973. urtean Julieta Berrojalbizek deitu ninduen, euskaltzale fama nuen, euskaraz egin eta idazten nuelako, eta irakasle izateko aukera sortu zitzaidan. Laurok fama dauka, eta soziologikoki ere jendea maila batekoa da; lehen, batez ere.

Nor zen Julieta Berrojalbiz?

Lauro ikastolako zuzendaria izandakoa. Gaizki bukatu zuen han, euskararekiko grina zuen berak, baina Batzorde Nagusian beste interes batzuk zeuden, eta kritikoa izateagatik kendu zuten. Gerora, Eusko Jaurlaritzak eskatuta, Bidegileak bildumako ale bat idatzi nuen Julietari buruz. Hantxe aipatzen dut, arazoak arazo, Julieta Berrojalbizek ilobak ere Lauron inskribatu zituela. Liburua idatzi nuen garaian iloba ikasle nuen, eta, etxean hura irakurri zutenean, ez ziela graziarik egin aitortu zidan. Berrojalbizek azken urteetan ez baitzuen Lauroz ezer entzun nahi. Nire asmoa nolabaiteko elkartasuna lortzea zen, esango nuke lortu nuela.

Irakaskuntza gogoko zenuen?

Bai, gustura aritzen nintzen. Ikasleren batekin mantentzen dut harremana. Halaber, erretiroa hartzeko data ere luzatu egin nuen. Bertan egin nituen ikerketen artean bat azpimarratuko nuke: euskal armarrietan agertzen diren latinezko esapideak aztertu nahi izan nituen. Ave Maria da gehien errepikatzen dena.

Erretiroa hartu zenuenetik, zer berri?

Alaitasunez bizi naiz. Bakiora joatea gogoko dut, etxea dut han. Bestalde, Whatsapp mundua gustatzen zait, eta Bidebarrieta liburutegira joateko tendentzia dut.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.