Ahomentan

JOANEKO TXARTEL BAT PLUTONERA

Kontinenteen arteko muga fisikoa baino gehiago da Mediterraneoa; eta Europa, oso gutxik eskuratzen duten ideal bat. Petra Elser eta Silvia Carrizo: emigrante sorterrian, immigrante atzerrian; bi azal larru bakarrean. Bi begirada, migrazioen fenomenoan barrurago joateko.

Petra Elser, Banaiz Bagara elkarteko zuzendaria, eta Silvia Carrizo, Malen Etxeko presidentea, Zumaian. ARGAZKIAK: GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
mikel p ansa
Zumaia
2015eko abuztuaren 23a
00:00
Entzun
Lampedusa; Melilla; Calais. Joseba Sarrionandiaren poema errezitatzeko momentu bat hartu: «Nekez uzten du bere sorterria sustraiak han dituenak». Bai nekez ere, baina amets baten bila atzerrira joaten jarraitzen du jendeak. Lampedusan; Melillan; Calaisen. Albistegiak migratzailez bete dira udan. Hungariak eraiki nahi duen horma berria; David Cameronen esku gogorreko politika; heriotza bat Saloun. Zergatik emigratzen du jendeak? Zergatik arriskatzen dute bizia? Ahanzturaren kutxetan gordeta daude XIX. mende erditik aurrera atzerrira emigratu zuten ehun milaka euskal herritar haien argazkiak; Ameriketara amets baten bila joan zirenak. Buenos Aires; Kalifornia; Idaho. Lampedusa; Melilla; Calais. Emigrazio lurra zena, immigrazio lur bihurtu, eta atzera emigrazio lur berriro. Emigranteak dira Silvia Carrizo Argentinan eta Petra Elser Alemanian; Euskal Herrian, aldiz, immigrante; migratzaileekin lan egiten dute biek, gainera. Eta emigratzeko plan bat egiteko elkartu ditu BERRIAk Zumaian; emigratzeko plan bat, irakurleak uler dezan migrazioen zenbakien atzean zer errealitate dauden. Eta lehen galderatik hasi dira, hasiera-hasieratik: emigratu, edo ez? Zergatik?

- I -

Kanpora joan, edo etxea irauli?

Nekez uzten du bere sorterria
sustraiak han dituenak.

Emigratu aurretik, erabaki behar delako joatea. Sorterria uztea. Nekez bada ere. Edo ez. Hori delako lehen eztabaida: sorterria uztea, edo sorterria aldatzen saiatzea.

SILVIA CARRIZO: Pertsona bakoitzak du bere arrazoia migratzeko. Baina, kapitalismoan, funtsa ekonomikoa izan ohi da. Kontatuko nituzke tratu txarretatik ihesi doazenen, bere sexu joerarengatik ihesi doazenen eta beste askoren istorioak. Hamaika arrazoi egon daitezke, baina, funtsean, lehen arrazoia arazo ekonomikoak dira.

PETRA ELSER: Zehaztuko nuke hori pixka bat. Asko errefuxiatuak dira, gerletatik edo jazarpenetik ihesi doazenak, adibidez orain Mediterraneoan ikusten ditugunak. Baina badaude zerbait hobe bilatzen dutelako joaten direnak ere. Euskal Herrian, hain zuzen, gazte asko kanpora joaten ari dira, hemen ikasi duten lanbide horretan lana aurkitzen ez dutelako, eta joaten ari dira Europako beste herrialdeetara lan bila.

S. CARRIZO: Oinarrian, kapitalismoan, horregatik emigratzen duelako jendeak. Horrela da.

P. ELSER: Hain justu, uste dut hori planteatu eta pentsatu beharko litzatekeela. Egoera ekonomikoa eta, ondorioz, pobrezia eta langabezia, hartzen ditugu norberak aldatu ezin dituen gauzak izango balira bezala. «Ez dut hemen ezer aurkitzen, eta beste leku batera joango naiz», pentsatzen du jende askok. Modu indibidualean, zilegi izan liteke. Baina, luzera begira, oreka ekonomiko bat eraikitzeko, askoz ere garrantzitsuagoa da norberak bere buruari galdetzea zer aldatu behar duen bere herrialdean, hori gerta ez dadin. Aldaketa horietan norberak zer egin dezakeen aztertzea: «Zer sortu ahalko nuke, kanpora joan behar ez izateko, betiere kanpora joan nahi ez badut». Garrantzitsua da gauza berriak sortzea, aliatuak bilatzea, eta dauzkagun baliabideekin eraikitzea.

S. CARRIZO: Bi kontu ñabartuko nituzke. Migrazio asko daude, nire kideenak adibidez [compañera hitza darabil gaztelaniaz], bakarka planteatzen direnak, norberaren bizitzaren sakrifiziotik planteatzen direnak... Emakume horiek uzten baitiote eskubide eta desio subjektuak izateari, esklabo bihurtzeko —gizarte demokratiko batean—. Gure elkartearen [Malen Etxearen] esperientziaren arabera, itzulera ez da gertatzen. Itzultzea oso zaila da. Gure herrialdeetan egoera ez delako aldatzen, edo alaba bat ekarri duena —ni, adibidez— agian itzuliko delako, baina bere alaba ez, ez delako itzuliko. Uste dut ez dagoela bizitzan bi migrazio jasan ditzakeen gorputz-arimarik. Migrazio bat egin, eta itzulera maletan gelditu zitzaizun, itzultzeak esan nahi duelako berriz dena haustea. Nik ez nuke ez gorputzik ez arimarik izango hori egiteko. Nire alaba ez delako itzuliko.

Eta ñabartuko nuke beste puntu bat ere. Jatorriko herrialdeetan eta esaten ahal dizute: «Zu joan zinen hemendik, eta ez zenuen ezer egin zure herrialdearen alde». Izan liteke egia, baina pertsona guztiek eskubidea dute beren bizitzekin nahi dutena egiteko eta nahi duten tokian bizitzeko. Nire ustez, ezin dugu galdu gurutzatzen gaituen kapitalismo horren perspektiba. Egia da alternatibak bila daitezkeela. Nola? Hori beste kontu bat da. Hor ere, iristen delako puntu bat... Begira, Fronte Sandinistan ibilitako emakume kide askori gertatzen zaie, komandante gisa ibili zirenak eta... Orain hemen daude, 50-60 urterekin, kaka garbitzen. Horiei ezin diegu esan ez dutela alternatibarik egin beren herrialdea aldatzeko. Heroizismoak, aldaketak, ilusioak... horrek guztiak zure seme-alaben etorkizuna baldintzatzen duenean... Zuk mundura ekarri zenituen ongi bizi zitezen, eta ez sufritzeko. Puntu horretara iristen bazara, esaten duzu: «Kito. Astindu behar da hau, ez dudalako eskubiderik nire seme-alaben etorkizuna baldintzatzeko». Eta eroriko zara lekuren batean, eta eraikiko dituzu aldaketa eta itxaropen alternatibak han ere. Baina migrazioa hain gogorra eta zaila da...

P. ELSER: Bai, ados, betiere pertsona bakoitzaren bideei eta mugei dagokienez. Baina esan nahi dut gizartean, eta nazioarteko harremanetan, jendea serio hartu behar dugula, parez parekotzat. Bestela, beti gauza paternalista edo karitatibo bat egiten ariko gara. Europan edo herrialde aberatsetan bizi garenok ardura bat dugu, munduan dagoen desoreka ekonomikoa naturaltzat ez hartzeko, baina desoreka hori pairatzen duten herrietako pertsona eta erakundeekin elkarlanean, maila berean jarrita. Migrazioak ez du desoreka hori aldatzen; alderantziz, ondorioa da. Eta, askotan, jende prestatuak eta gaitasun handiak dituztenak joaten dira kanpora. Noski, norberaren bizitza edo askatasuna arriskuan baldin badaude, pertsona horrek babesa jaso beharko luke beste leku batean; batere baldintzarik gabe. Hori horrela da. Baina hori beste gai bat da. Esan nahi dudana da beti eraiki daitezkeela gauzak, egoera zailenetan ere bai.

S. CARRIZO: Bai, hori, leku guztietan.

- II -

Europa... edo Pluton!

Nekez uzten du bere lurra zuhaitzak
ez bada abaildu eta oholetan.

Nola erabakitzen den nora emigratu. Migrazio gehienak hegotik hegora egiten diren arren, logikoa dela Europara etorri nahi izatea, nahiz eta «bizpahiruk» soilik lortzen duten iristea. Baina Europa ere ez dela «paradisu bat» eta, horregatik, Pluton izango ote den emigratzeko leku ideal bakarra.

S. CARRIZO: Nora joango garen? Plutonera ez bada... Ez dakit, ba... Plutonera ez bada, horrelako lekuren batera izan beharko du. Ea: nik emakumeekin lan egiten dut eta, ikuspegi horretatik, hartzen duzu munduko mapa bat, eta hasten zara Latinoamerikatik, adibidez: giza eskubideen urraketak, sexu eskubideak murriztuta, soldata ezberdintasunak... Pasatzen zara Asiatik, Afrikatik, nahi duzun tokitik, berdin du. Europa, zoritxarrez, onerako edo txarrerako, giza eskubideen onarpen bat dagoen espazio politiko bakarra da. Nik nahiago nukeen Europan jaio banintz. Eta hori esaten dut kontuan hartuta Europa ez dela inor lezioak emateko berdintasunari eta giza eskubideei buruz. Baina eskubideen aitortza bat dagoen espazio bakarra da. Kontrako eztarritik joango zaigu Melillan edo Lampedusan gertatzen dena, kontrako eztarritik joango zaigu Frontex [Europaren Kanpoko Mugei buruzko Elkarlanaren Kudeaketarako Agentzia], eta nahi duzun guztia, baina... logikoa da Europara joan nahi izatea.

Bestalde, uste dut Frontexek definitzen duela Europa zer den: Europak migrazioaren arazoari ematen dion soluzioa hegoaldeko muga militarizatzea da. Hori da Europaren erantzun politiko bakarra. Eta okerragora doa. Mediterraneoan gertatzen ari dena onartezina da: odolez bustitako uretan bainatzen ari gara.

Gero, kontuan hartu behar da jendea ez dela joaten, berez, Europara; jende gehienak hego-hego ardatzean migratzen du berez. Europa ideal bat da, paradisu bat, bizpahiruk iristen dutena; gainerakoek txikitutako herrialdeetatik txikitutako herrialdeetara migratzen dute, hegoaldetik hegoaldera. Latinoamerikan, herrialde beren artean migratzen dute. Adibidez, emakume argentinarrok esplotatzen ditugu emakume boliviarrak, paraguaitarrak... [neskame lanez ari da]. Horregatik: ez badugu Plutonera migratzen, ez dakit nora joango garen.

P. ELSER: Bai, baina galdera da, baita ere, zergatik etortzen den jendea, zein diren horren atzean dauden egoerak, zeintzuk diren gatazkak... Guk, mendebaldean, edo iparraldean, gure gobernuei, instituzioei edo botere ekonomikoei begiratzen diegu, eta onartzen ditugu edo gaitzesten ditugu hartzen dituzten neurriak, baina gutxi dakigu Afrikako edo Asiako benetako egoerei buruz. Nork ezagutzen ditu, hemen, politikari pakistandarrak, nork daki Afrikan emakume politikariek zein politika defenditzen dituzten, zeintzuk diren Nikaraguako gaur egungo gizarte erakundeak... Eztabaidatzen dugu nolakoa izan beharko lukeen migrazio politikak, baina ez gara beste kontinenteetako ordezkariekin elkarrizketan sartzen. Gure komunikabideetan ez dira agertzen Pakistango edo Senegalgo erakundeen ordezkariak, haien herrialdeetako exodoari buruz hitz egiteko. Debatea mendebaldean zentratua dago, baina beharrezkoa da haiek gai horiei buruz zer esaten duten jakitea, haien ikuspegiak ezagutzea: zergatik joaten den jendea, zer egin behar den hori aldatzeko, han eta hemen.

- III -

Izateari utzi, desagertu

Nekez uzten du gezalak itsasoa
ez hare harriak basamortua.

Herrialde berri batera heldu eta nola hasten den hutsetik. Zeinen zaila den instituzioen laguntza eskuratzea: papergabeen itolarria. Nola badiren emigranteentzako zirkuituak, halere. Autoantolakuntzaren garrantzia. Zeinen ezberdina litzatekeen gobernuek emigranteei eskubide guztiak hasieratik aitortuko balizkiete.

P. ELSER: Hasteko, Plutongo instituzioetara jotzea da aukera bat, segun nolakoak diren Plutongo instituzioak [barre txiki batekin jarraitu dio Plutonera emigratzeko planari]; igual ezin da beti fidatu. Baina eskuzabalak badira, edo interesa badute, hara joango gara. Eta ez badira, zure herrialdekoengana joango zara, gero beste migratzaileengana, eta gero ezagut ditzakezun bertakoengana, plutondarrengana. Leku guztietara jo behar duzu, ezin duzu zeure burua mugatu, ahal dituzun harreman guztiak egin behar dituzu. Baina batzuetan ematen du itxita gelditzen direla zirkuluak.

S. CARRIZO: Badago pertsona migratzaileen zirkuitu bat. Instituzioetatik abiatzen da. Baina hor ez zara inor. Eskubide subjektu izatearen inolako aitortzarik ez duzu. Ilegalizatuta zaude, ez duzu paperik, ez zaude, ez zara. Hortaz, instituzioen bidea hor eteten da, ez zaituzte ikusten. Denborak pasatu behar du instituzioak aintzat har zaitzan. Legeak argi esaten dizu: desager zaitez hiru urte nire estatutik, ez zait batere inporta zure bizitza. Hil zaitzakete, bortxatu... berdin zait. Eta ez zaitzatela lapurretan ikus! Hiru urte horrela pasatzen badituzu, has gaitezke zerbait egiten. Hortaz, instituzioena bada bide bat, eta ez da. Denok joaten gara haietara, baina handik bost segundora konturatzen zara ez duela askorako balio. Beraz, zirkuitua mugatzen da karitate zirkuituetara, zure herrialdeko jendearen zirkuituetara, eta horrelakoetara.

Eta beste pausoa antolakuntza da, argi dago. Hori da gure esperientzia. Gure elkartea emakume emigranteen zirkuitutik sortu zen, Caritasen eta ez dakit non elkarri aurpegiak ikustetik. «Horrela ezin dugu jarraitu», esan genuen, eta horrela sortu zen elkartea. Geure buruak lagundu eta salbatzeko estrategia bat zen. Begira, egun hauetan esaten ari dira zein ederra den Euskal Autonomia Erkidegoko babes soziala. Ez dut ukatzen, baina egia da murrizketak ugaritu direla; lehen unibertsalak ziren —eta, beraz, migranteei ere iristen zitzaizkien— zerbitzu batzuk galdu dira. Adibidez, duela hiru urte emakume migratzaileek lortzen zituzten ikastaroak; gaur egun, ezin da. Lanbideko ikastaroak, adibidez, migratzaileentzat murriztu egin dituzte. Ez migratzaileak direlako, baina orain eskatzen dizute zure herriko ziurtagiri bat, duela bost urte eskatzen ez zizutena.

Eskubideen gabezia da migrazioaren gatazkaren oinarrietako bat. Estatuak bermatzen duelako egongo dela esplotatu ahal izango duten pertsonen armada bat. Adibide bat, estatistikek esaten dutena emakumeen tratari buruz: 250.000 emakume trafikatuak Europako muga demokratikoetan. Trafikatzaileen arazoa da, edo estatuen arazoa da? Estatuek bermatu egiten dute. Ez dago tratarik, ez dago narkotrafikorik, estatuen eta indar publikoen konplizitaterik gabe. Hori argi dago. Nik hor ikusten dut gakoa: ez badituzu eskubideak aitortzen, ari zara aukera ematen jendea esplotatzeko. Oso plutondarrak izan gabe ere, jendeari eskubideak onartuz gero beste kontu bat litzateke. Iritsi bezala esango balizute: «Zu herritar bat zara; eskubideak dituzu aitortuta —salaketak egin ditzakezu, etxea aloka dezakezu, medikura joan zaitezke, zure ikasketak konbalida ditzakezu zailtasunik gabe...—», oso diferentea izango litzateke.

- IV -

Korronteak eramanik; edo haize kontra

Ez du niniak begia uzten
ez bada erroi edo arrubioen mokoetan.

Harrerako herriak nola ezartzen dion leku bat immigranteari. Zeinen zaila den leku horretatik ateratzea edo korronteak eramaten ez uztea. Eta zeinen garrantzitsua den norbere gaitasunak garatzea, sorterrian bezala atzerrian.

S. CARRIZO: Normalean, migrazioak ez du aukeratzen nora joan eta zer egin. Batez ere, beteko duen espazio batera joaten da; eta espazio horrek baditu baldintza sozial batzuk, badu klase sozial bat… zehaztutako txoko bat da. Migrazioa beti lotua dago helburuko gizarteak migratzaileari ematen dion lekuarekin eta gizarte horrek dituen beharrekin. Eta helburuko gizarteak rolak ditu, klaseak... Zehazturiko txoko horretan sartuko da, eta ezingo du gehiago egin. Ez espero gehiago. Emakumeak ere guztiz sailkatuta daude txoko batean: emakume migratzailearen tokia zaintza eta erreprodukzio zerbitzuak dira; emazte, prostituzio, zaintza eta garbiketa beharrak betetzen dituzte. Eta kito. Hori da lekua.

P. ELSER: Pertsona guztiok ditugu gaitasun potentzial handiak. Batzuek hezkuntzaren edo prestakuntzaren bidez lortu eta garatu dituzte; beste batzuek, esperientziaren eta bizitzako erronken bitartez; eta beste batzuek ezin izan dituzte garatu beren gaitasunak, aukerarik izan ez dutelako, nahiz eta potentziala baduten. Beste herrialde eta kulturetatik datozen pertsonen esperientziak eta gaitasunak ezagutzea eta partekatzea aberastasun handi bat da herrialde guztientzat. Oso garrantzitsua da horren inguruan gure ikuspegia aldatzea eta aukerak sortzea, ahalduntzea posible egiteko. Diplomek, bere horretan, ez dituzte frogatzen gaitasunak. Ikastea bizitza osoko prozesu bat da, eta gaitasunak garatzeko programak, laguntzak eta babesa eskaini behar dituzte instituzio publikoek eta pribatuek. Baina, gizarte aberatsek migratzaileei emandako leku horien inertziak hausteko, bi aldeak behar dira. Leku berri batera joaten denak ez du zergatik garbitzailea edo saltzailea izan bere herrikide guztiak hori direlako. Norberak definitu dezake zein izango den bere rola gizartean, eta definizio horren alde lan egin. «Edozer dugu posible» leloak ez du balio, soilik, klase ertaineko gazteentzat. Pertsona guztientzat balio du. Eta gizarte barruko kohesioarentzat ere garrantzitsua da herritarrek ez lotzea lanbide jakin batzuk beltz edo latinoekin. Abokatu beltzak eta irakasle latinoak ezagutzea garrantzitsua litzateke.

- V -

Plutondar bihurtzeko ariketak

Ez du liliak udaberria uzten
ez elurrak zuritasuna.

Kultur aniztasuna. Integrazioa. Elkar ezagutzea. Errespetua. Nola eraikitzen diren harremanak bertakoen eta kanpotarren artean.

P. ELSER: Gizarteetan gero eta kultur aniztasun handiagoa izango da, zeren mugikortasuna munduan gero eta handiagoa baita. Hori borondatean oinarritzen bada, edo elkarrekin harremanetan sartzeko nahian, positiboa da printzipioz. Funtsa da elkar ezagutzea, irekitzea eta, hortik aurrera, elkar errespetatzea. Oso gauza malgua izan behar du. Ez dago ona denari buruzko irizpide bakar bat: integrazioa, ezagutza, elkarbizitza... Hainbat formula izan daitezke, eta pertsonaren araberakoak dira. Batzuetan, hizkuntzaren gaian adibidez, esaten da: «Etorkinek ez dute ikasi beharrik euskara; ikasiko dute haien seme-alabek». Baina seme-alabak igual hemengoak dira, ez dira ja etorkin sentitzen. Baina badago jendea, baita ere, belaunaldiak pasatu arren, esaten duena, adibidez: «Bai, ni hemen jaio naiz, baina marokoarra sentitzen naiz». Eta hori ere zilegi da. Erlijioa, iritzi politikoa, jateko ohiturak... Horien guztien gainetik errespetuak egon behar du, eta horrek aberasten ditu gizarteak.

S. CARRIZO: Errespetua; bai, hori da. Begira, orain denak aztoratuta daude meskitekin. Baina gizarteak aldatuz doaz, eta, funtsean, egongo zara integratua, edo horko parte izango zara sentitzen baduzu eskubide berak dituzula. Frantzian erabiltzen duten terminoa, adibidez, ez zait batere gustatzen: bigarren belaunaldiko immigrantea. Aizu, ume hau ez da immigrantea! [Adiskide baten semea ekarri du elkarrizketara] Honen ama nikaraguarra izango da, baina ume hau zumaiarra da. Nire bilobak ezin dira immigranteak izan. Migratu dutenei ez, ez zaie inoiz ahaztuko migratu zutela. Baina hemen jaiotakoa? Paseatzera joango da, musulmana izango da, tangoa dantzatuko du, boludo esango du... Baina zumaiarra izango da. Gainerakoa bere bizitzarekin dakarren eranskin kultural bat da, eta horrek ezin dizkio mugatu bere eskubideak. Integrazioa eteten da eskubideak murrizten direnean.

P. ELSER: Zuk ezin diozu eskatu hona etortzen denari antzerkia egiteko, hemengoa balitz bezala egiteko, edo Ocho apellidos vascos-eko euskaldun bat bihurtzeko. Ez da posible, eta ez litzateke positiboa izango. Bakoitzaren identitatea aberasten du hemengoak, bere izaerarekin, bere jakintzarekin, bere ohiturekin... Baina beste gauza bat da euskara ikastea. Hortik aterako nuke. Euskara ikastea ez da folklorea. Euskara ikasteak esan nahi du, adibidez, gurasoen bileran zerbait esan dezakezula, parte hartu... Eta hori bai, hori ikusten dut garrantzitsua: hona etortzen denak, hemen parte hartu eta erlazionatzea. Eta kriketa ezagutzea hemengo jendeak ere, eskolako festan txerrikirik gabeko janaria egotea, eta abar... Bakoitzak bere izaera mantenduz, egon behar dute zenbait leku edo plaza komun. Eta plaza komun hori eraikitzeko hizkuntza behar da, elkarrekin hitz egin eta ulertzeko.

S. CARRIZO: Guztiz ados.

- VI -

Itzultzeko txartela

Bere sorterria nekez uzten du
sustraiak han dituenak.

Nola Plutonera iristea bezain zaila den Plutondik berriro alde egitea. Edo ez. Zergatik den batzuentzat errazagoa itzultzea. Baina zeinen luzea den bizitza; eta zenbat gauza gerta daitezkeen oraindik. Eta zeinen zaila den geroa igartzea.

P. ELSER: Itzultzea edo beste herrialde batera aldatzea, erabaki hori, pertsonaren araberakoa da. Askotariko kasuak ezagutzen ditut, eta batzuentzat lotura ez da hain handia. Beste leku batetik baldin bazatoz, eta ez baldin baduzu bertako bikotea, edo umeak, errazago joaten zara kanpora berriz. Batzuk, ez denak. Baina bestelakoak ere badira. Adibidez, garai batean Alemanian egon ziren hainbat espainiar bueltatu egin dira, nahiz eta umeak eta bilobak Alemanian gelditu. Horregatik esaten dut erabaki horiek oso gauza pertsonalak direla. Alemanian bertan, alderantzizkoa ere gertatzen da; familia turkiar asko ez dira bueltatu, adibidez. Bi bide ezberdin dira. Bizitza luzea da, eta ezin da seguru jakin zer gertatuko den. Nahiz eta gizarte honi oso lotua egon ere, gerta liteke aldatu nahi izatea bat-batean.

S. CARRIZO: Uste dut inoiz ez dela erabat ixten itzultzeko atea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.