'Brexit'-ari buruzko negoziazioak

Hasi baino lehen, ondo itxi

Aferaren muinera jotzeko eta eztabaidan «aurrerapauso egokiak» emateko beharra nabarmendu dute Erresuma Batuaren eta Europako Batasunaren negoziazio taldeetako buruek, lehen egunean

David Davis brexit-erako Erresuma Batuaren negoziazioburua eta Michel Barnier EB Europako Batasunekoa, atzo Bruselan. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Igor Susaeta.
2017ko uztailaren 18a
00:00
Entzun
EB Europako Batasunarekin brexit-az negoziatzen hasi aurretik, Erresuma Batuaren asmoa zen eztabaida horietan hausturaren nondik norakoez hitz egitea, bai, baina baita etorkizuneko merkataritza harremanari buruz ere mintzatzea. Baina azken hilabeteetan Bruselak behin baino gehiagotan errepikatu dio Londresi harreman berri bat hasi aurretik aurrekoa ondo itxi behar dela; Michel Barnier EBko negoziatzaile buruak aurreko astean esan bezala, aurrena «konpromiso finantzarioak» bete behar ditu Erresuma Batuak.

Eta atzo Bruselan, brexit-ari buruzko negoziazioen bigarren bilera sortako aurreneko egunean, David Davis Erresuma Batuko negoziazio taldeko buruak ez zuen ezetz esan. Barnierrekin batera egin zuen agerraldia bilerei ekin aurretik, eta «aferaren muinera» jotzea tokatzen zaiela adierazi. Nabarmendu zuen, gainera, «oso inportantea» dela «aurrerapausoak» ematea. Barnierrek baietz esan zion buruarekin, eta «aurrerapauso egokiak» ematea dagokiela. Aurrera egitea, hain zuzen ere, bi aldeek lehentasuntzat jotako hiru gaietan: herritarren eskubideak, finantzaketa, eta mugak. Gai bakoitzak lantalde propioa dauka. Europako Batzordearen egoitzan ari dira egiten bilerak, eta etzi amaituko dira —urrira bitarte, gutxienez, hilero astebetez negoziatzeko asmoa dute bi taldeek—. Orduan, batzar sortak eman duenaz informartzeko, agerraldia egingo dute Barnierrek eta Daviesek.

Lehen bilera sorta ekaineko azken-aurreko astean egin zuten, eta hartan zehaztu zituzten negoziazioetarako egutegia eta metodologia; eta EBk, bide batez, haren neurrirako bide orria marraztu zuen. Izan ere, Bruselak badakiLondres posizio ahulean dagoela. Bai, iazko ekainaren 19ko erreferendumean EBtik ateratzearen alde bozkatu zuen britainiarren %52k, baina Alderdi Laborista ez dago sasoiko, ez, aurreko ekainaren 8ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Westminsterren gehiengo osoa galdu eta gero. Alderdi barruan ez da giro: batzuk brexit gogorraren aldekoak dira eta beste batzuek, aldiz, nahigo dute leuna.

100.000 bat milioi euro

Barnierrek ez du, oraingoz, kopuru zehatzik eman, baina, haustura prozesua gauzatzekotan, Erresuma Batuak 100.000 bat milioi euroko faktura ordaindu beharko lioke EBri. Hori ondorioztatu daiteke, behintzat, gaiari dagokionez Europako Batzordearen jarreraren berri ematen duten dokumentuei erreparatuta. Hiru kontzepturi heldu diote faktura hori osatzeko: oraindik ordainduta ez dauden baina jada adostu dituzten konpromisoak—2014 eta 2020 artekoak—; Europako funtzionarioen pentsio eskubideak; eta emandako maileguak, Londresek berak sinatutakoak EBtik alde egin aurretik.

Kopuru horren berri eduki eta berehala, Boris Johnson Erresuma Batuko Atzerri ministroak adierazi zuen, lehengo astean, «gehiegizkoa» iruditzen zaiola eta Brusela oso oker dagoela Londresek diru hori ordainduko duela pentsatzen badu. Johnson izan zen brexit-aren alde gehien bultza egin zuenetako bat. «Haizea hartzera joan daitezke», gehitu zuen. Londresek, bien bitartean, ez du kopururik eman. Eta Barnierrek erantzun zion faktura ordaintzea «ezinbesteko baldintza» dela «etorkizuneko harremanaz» hitz egiten hasteko. Alegia, hasi baino lehen itxi egin behar dela.

Eta etorkizunean ere EBrekin merkataritza harreman sendoa eduki nahi du Erresuma Batuak. Batetik, haren esportazioen ia erdia EBra bideratzen duelako. Eta, bestetik, egiten dituen erosketen %54 EBko herrialdeei egiten dizkielako. Datu horiek jakinaraziditu Lorden Ganberak. CBI Erresuma Batuko patronal nagusiak egindako inkesta baten arabera, hango enpresen %42ri iruditzen zaie brexit-ak kalte egin diela inbertitzeko orduan.

Aurrena, estatuekin

Erresuma Batuan bizi diren EBko herritarren eskubideez Londresek daukan planteamendua Theresa May lehen ministroak aurkeztu zuen duela aste batzuk. Erresuma Batuan bost urte daramatzaten EBko herritarrek ez dituzte herrialdetik alde egitera behartuko, baina «bizileku dokumentu berezi bat» eskatu beharko dute. Denbora kopuru hori betetzen ez dutenei ere beren egoera arautzeko aukera eskainiko zaie, Mayk adierazi zuenez. EBko 3,2 milioi lagun bizi dira Erresuma Batuan, eta ikusteko dago, aldi berean, zein estatus edukiko duten EBn bizi diren 1,2 milioi britainiarrek. Proposamen hark ez du, inondik ere, Europa asebete.

Johnsonek pentsatzen du, ordea, eskaintza «oso serioa, eta bidezkoa» dela. Atzo ahoratu zituen hitzok, Bruselara, beste bilera batera, heldu zenean. «Espero dut jende askok eskaintza horri merezi duen espirituarekin heltzea, eskaintza ona baita». Davisek ez zuen horri buruz ezer esan. Izan ere, Mayren intentzioa daestatuburuekin eta gobernuburuekin solastea, aurrena, horri buruz.

Bien bitartean, Daviesek pentsatzen du inportanteena ez dela gauzak nola hasten diren, «nola bukatzen diren baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.