'Brexit'-ari buruzko akordioa. Eztabaida politikoa

Westminsterrek du giltza

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak gobernuaren babesa lortu du EBrekin 'brexit'-erako egin duen akordioan. Alderdikide kritikoek Mayri konfiantza mozio bat aurkeztea aztertuko dute

Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa Downing Streeteko 10. zenbakitik ateratzen prentsaurrekoa emateko, atzo iluntzean. ANDY RAIN / EFE.
mikel rodriguez
2018ko azaroaren 15a
00:00
Entzun
Jakin-mina, jakin-nahia, eta eztabaida, eztabaida anitz eta gogorrak. Horiek izan ziren atzoko eguna azaltzen duten egoera nagusiak. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroa bortz ordu inguruz egon zen elkartuta bere gobernuarekin Downing Streeteko 10. zenbakian. Denbora gehiegi, atarian zain zeuden berriemaileek adierazi zutenez. Helburua beteta atera zen May. «Kabinete honen erabaki kolektiboa izan da onartu egin beharko lukeela [Erresuma Batua Europako Batasunetik] erretiratzeko akordioaren zirriborroa». Etxean gainditu beharreko lehenbiziko koska pasatu du Mayk, baina zailenari ekin beharko dio gaurtik aitzinera: parlamentuaren babesa lortzeari. Brexit gogorraren alde dauden alderdikide batzuek konfiantza mozio bat aurkezteko aukera ere aipatu zuten atzo.

Telegraph egunkariaren arabera, 29 ministrotatik 11 Mayk proposatutakoaren aurka agertu ziren. Mayk adierazi zuen herenegun egindako akordioa indarrean paratu ezean, bi aukera baino ez direla egonen: «Ez da brexit-ik egonen, edo akordiorik gabe eginen da brexit-a». Esaldi horrek zeresana eman zuen, hainbat kazetarik eta politikarik erran baitzuten lehenbiziko aldia litzatekeela Mayk aitortu duena posiblea dela 2016ko erreferendumaren emaitza ez bete, eta Erresuma Batuak EB Europako Batasunean jarraitzea.

Ministroekin izandako eztabaidari dagokionez, Mayk adierazi zuen «bereziki» zaila izan zela Irlandako mugaren auziari emandako irtenbidearekin ados paratzea. Lehen ministroak adierazpena egin ondoren argitaratu zuten Dominic Raab Erresuma Batuko negoziatzaileak eta Michel Barnier EBkoak negoziatu duten 585 orrialdetako testua. Horren arabera, brexit-a gauzatzeko trantsizio aldia bukatzerako (2020ko abenduaren 31rako) bi aldeek ez badute ezarri etorkizuneko harremana nolakoa izanen den, EBk eta Erresuma Batuak aduana batasun bat osatzen jarraituko dute, eta Irlandan merkatu komuneko arau batzuek indarrean jarraituko dute, Irlandako Errepublikaren eta Ipar Irlandaren artean pertsonen eta gaien zirkulazio librea ez oztopatzeko. Horren ondorioz, Britainia Handitik Ipar Irlandara produktuak sartzeko kontrolak ezarriko lirateke «EBko irizpideekin bat egiten duten konprobatzeko», akordioan zehazten denez.

Backstop erran dioten badaezpadako neurria da hori, eta indarrean sartzea beharko balitz, ez luke epe mugarik izanen; bertan behera uzteko, aldeetako batek eskatu beharko luke, eta prozedura bat hasiko litzateke bi aldeen artean adosteko bukaera. «Suposatzen da backstop-a ez dela erabili beharko, asmoa dugulako trantsizioa bukatu baino lehen egitea EBren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza harremana», erran zuen atzo Barnierrek Bruselan, Mayk Londresen solas egin ondoren egin zuen prentsaurrekoan.

May, gaur parlamentuan

Egutegia aktibatu da horrenbertzez. Europar Kontseilua bilkura berezi batera deitzekoa da EBko 27 estatuek —Erresuma Batua ez bertze guztiek— akordioa berretsi dezaten; Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroaren arabera, «seguruenera» hilaren 25ean elkartuko dira.

Baina aitzinetik jakina zen bezala, brexit-a akordio bidez gauzatzeko pausorik zailenak eta erabakigarrienak Erresuma Batuan eman behar dira. Mayk atzo goizean Westminsterren defendatu zuen ituna, nahiz eta oraindik ez zegoen argitaratuta. Bi helburu nagusi bete zituela erran zuen: bata, «herriak bozkatu zuena» betetzea; eta, bertzea, Erresuma Batuaren lurralde batasuna mantentzea. Gaur Westminsterrera itzuliko da azalpen gehiago ematera, eta bart sortu zen zurrunbiloa ikusita, ekaitza izanen du zain.

Izan ere, brexit gogorraren aldekoak matxinadaren puntuan mintzatu ziren atzo. Mayren bazkideak dira horiek; anitz, alderdikideak. Jacob Rees-Mogg parlamentariak Alderdi kontserbadoreko parlamentari guztiei bidali zien eskutitz bat akordioaren aurka bozka dezatela eskatzeko. ERG Europarako Ikerketa Taldea izenekoaren burua da Rees-Mogg, Alderdi Kontserbadorearen barrenean brexit gogorraren aldekoek sortu zuten taldekoa. Haiek diotenez, 40 bat parlamentarik bat egiten dute ERGrekin, eta oposizio osoak akordioaren aurka bozkatuko balu, ordezkari tory horien kontrako botoarekin Mayk galdu eginen luke —315 diputatu dituzte kontserbadoreek, eta 320tan dago gehiengo osoa—.

Rees-Moggek eskutitzean ez zuen aipatu May kargutik kentzeko asmorik, baina BBCk atzo iluntzean jakinarazi zuenez, parlamentari batzuk prest daude gaur Mayren aurkako konfiantza boto batera deitzeko pausoak ematen hasteko.

Irlandako DUP Alderdi Demokratiko Unionista, berriz, azken egunotan gero eta gehiago hurbildu da tory gogorrenen jarrerara. Alderdi Kontserbadoreak DUPen hamar parlamentarien babesarekin dauka gehiengo osoa. Arlene Foster alderdiko buru eta Ipar Irlandako lehen ministro ohia atzo iluntzean Mayk bilera noiz bukatuko zain zegoen lehen ministroarekin elkartu ahal izateko. «[Mayk] Inoiz onartuko ez zuela erran zuen akordioa da», kritikatu zuen Sammy Wilson DUPek Westminsterren duen diputatuetako batek. Parlamentuan bozketa noiz eginen duten zehazteko dago, baina Eguberrien aitzinetik izan behar du. Bazkide kritikoek edo oposizioko norbaitek iritzia aldatu ezean, Mayk hagitz zail izanen du akordioa onartu eta agintean jarraitzea.

«Ez da berri ona ingeniaritza zerbitzuen enpresentzat»

«Bizikidetza arazoak» itsasoan ere
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.