Emakumeen Nazioarteko Eguna. Mobilizazioak

Zaintza eskubidearen alde, grebara

Mugimendu feministak kaleak bete ditu Martxoaren 8ko manifestazioetan. «Zaintzarako eskubide kolektiboaren aldeko greba feminista orokorra» iragarri dute

3. Baiona. Atzoko manifestazioan aldarrikapenez bete zituzten Baionako kaleak ere. GUILLAUME FAUVEAU.
Olatz Silva Rodrigo - Garazi Aduriz Zuñeda - Gotzon Hermosilla
2023ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
Zaintzarako eskubide kolektiboa izan da Euskal Herriko mugimendu feministaren ardatz nagusietako bat Martxoaren 8 honetan. Herri eta hiriburuetan egindako manifestazioetan eskubide horixe aldarrikatu dute, eta, horrez gain, mugimendu feministak iragarri du greba orokor baterako prozesua abiatuko duela, zaintzarako eskubidearen alde.

«Zaintzak negozio izateari uztea nahi dugu; greba feminista orokor batera goaz, eta Martxoaren 8a lehen urratsa da», azaldu zuten feministek atzo, Bilbon egindako agerraldi batean. Otsailean abiatutako borroka dinamikari jarraikiz, Denon Bizitzak Erdigunean izeneko prozesua jarri du martxan, zaintzaren auzia erdigunean kokatzeko eta gaia herriz herri jorratzeko: «Aliantzak eta proposamenak bateratu nahi ditugu herri mugimenduekin eta eragile soziosindikalekin, eta horrela aldarrikapen agenda bat sortu». Argi dute helburua: «Borroka artikulatu bat planteatzen dugu gaurtik aurrera greba feminista orokor baterantz».

Ez dute zehaztu greba orokorrerako egunik, baina Martxoaren 8tik kanpo egingo dute. «Epe ertaineko prozesu bat izango da, eta indarrak artikulatu nahi ditugu; egun jakin bat dugunean, publikoki jakinaraziko dugu», argitu zuen Naia Torrealdai mugimendu feministako kideak. Julia Marti kideak, bestalde, gehitu zuen greba orokorra eraikitzeak lana ekarriko duela: «Greba orokorra ez da bakarrik egun jakin bat izango: aurretik mobilizatu beharko dugu, eta espero dugu prozesura jende asko batzea».

Greba orokorra izanik, gizonek ere «egiteko» bat izango dute, Torrealdaik adierazitakoaren arabera. Eta aurrerantzean eztabaidatuko dute zein izango den rol hori. «Zaintza guztion afera da, ez bakarrik emakumeena; sistema honetan, guztiok nahi dugu duintasunez zainduak izan, baina orain hori ez da gertatzen: orain, zaintzak erabat merkantilizatuak daude».

Manifestazio jendetsuak

Mobilizazio nagusiak arrats partean egin zituzten, eta oso jendetsuak izan ziren. Baionakoa izan zen lehenengoa: 15:00etan abiatu zen, merkatutik, zenbait eragile feministak deituta, eta «etiketarik gabekoa» izan zen, Nous Toutes elkarteko kide Lilas Dinclauxek esan zuenez: «Emazteek jasaten duten berdintasunik ezean jarri dugu arreta, baita hedabideetan zabaltzen den emazteen irudian ere». 300 bat emaztek parte hartu zuten mobilizazioan.

Manifestazioa abiatu aurretik, antolatzaileek hitza hartu zuten, eta Martxoaren 8a «borroka egun» gisa definitu zuten. Esan zutenez, arlo intimoko biolentziari, lan arloko desberdintasunei, botere guneetan ordezkaturik ez izateari eta beste zenbait aferari «aski» esateko bildu ziren: «Nazkatuta gaude errespetu falta hauetaz; nazkatuta gaude gizarte biolentziaz».

Manifestazioak geldialdi bat egin zuen herriko etxearen aurrean, eta han Amaia Fontang Zutik talde feministako kideak hartu zuen hitza. Baionako kultur hautetsi Yves Ugalde hartu zuen ahotan: joan den abenduan, hiriko hondakin sistema berriari buruzko iritzi artikulu bat idatzi zuen Ugaldek, eta han emazte ilehori batekin alderatu zituen zakarrontziak: «Horri misoginia deitzen zaio, eta usain txarra du». Ugalde irudikatzen zuen kartoizko panpina bat hartu, eta herriko etxearen aitzineko zakarrontzira bota zuten.

Kazetariak ere izan zituzten begi miran: «Ze ahalkea horrelako solasak hedatzen dituzten kazetariei». Berriro ekin zioten ibilbideari, musikaz eta kantuz, eta, geldialdi batzuk egin ondoren, Patxa plazan amaitu zuten mobilizazioa, askari batekin.

Gainerako manifestazioak iluntzean egin zituzten. Donostiakoa 18:30ean hasi zen, Antigua auzoko tuneletik abiatuta, Zaintzarako eskubide kolektibo baten alde aldarrikatzen zuen pankarta baten atzean.Kontxa paretik igaro ostean, erdigunera sartu zen oihu, kantu eta danbor hotsen artean, eta Bulebarrean amaitu zen. Ordu erdi geroago hasi zen Gasteizko mobilizazioa, San Anton plazatik,Zaintzak irauli dena aldatzeko leloa idatzita zuen pankarta baten atzetik, eta hor ere milaka emakume batu ziren.

Bilboko manifestazioa Jesusen Bihotza plazatik hasi zen. Jende asko bildu zuen, batez ere Plaza Eliptikotik aurrera, ehunka emakume han baitzeuden zain, manifestazioa noiz igaroko. Bizkaiko Foru Aldundiaren jauregira iritsitakoan, geldialdia egin zuen mobilizazioak, aldundiak zahar etxeetako langileekin izandako gatazkak gogoan. «Zaintza sistema publikoa», «Zaintzarik gabe duintasunik ez» eta antzeko oihuak ozenago entzun ziren orduan. Iruñeko manifestazioa izan zen azkena,20:00etan hasi baitzen, Antoniuttitik, eta bloketan antolatua abiatu zen: zahar etxeetako langileek, pentsiodunek, lesbianek, landa giroko emakumeek eta beste sektore batzuek izan zuten euren blokea mobilizazioan.

Zaintzaren «zentralitatea»

Manifestazioen osteko ekitaldi politikoetan ere leku handia hartu zuen zaintzen aferak. Zaintza lanen «zentralitatea» aldarrikatu zuten Bilbon: «Zainketak bizitza eta bizia bera ahalbidetzen duten lanak, denborak eta ahaleginak dira, baina sistemak ikusezin bilakatzen ditu, eta ez dira lan gisa aitortzen: heteropatriarkatuak familiaren instituzioan ezkutatzen ditu, arrazakeriak esklabotzaren ikur bihurtzen ditu, eta kapitalismoak negozio bilakatzen ditu».

Gasteizko eta Donostiako manifestazioetan, gogora ekarri zuten zaintza lanen zama emakume migranteen bizkar uzten dela askotan: «Emakume migranteak dira etxeak eta ospitaleak garbitzen dituztenak, zahartzaroan dauden pertsonak egunerokoan laguntzen eta zaintzen dituztenak». Salatu zutenez, langile migrante horietako asko «preso» egoten dira lantokian, ez dute atsedenik hartzeko eskubiderik, ez dute legezko soldata kobratzen, eta «mehatxuak» ere jasotzen dituzte paperik ez dutelako: «Euskal Herritik exijitzen dugu Atzerritarren Legea indargabetzeko eta pertsona guztiak erregularizatzeko orain».

Feministek «zaintza iraultzea» proposatzen dute, beharrizan oinarrizkoak bermatu ahal izateko eta «nor, noiz eta zenbateraino zaindu» erabaki ahal izateko: «Zaintza iraultzea dena eraldatzea da, eta emakumeok beti bizi izan dugun indarkeriaren eta desberdintasunaren ardatz nagusietako bat kolpatzea eta astintzea».

Zaintza sistema irauli eta beste bat ezartzeko aliantzak eta elkarlana beharrezkoak direla uste dute feministek: «Gure artean aliantzak eta sareak josten jarraitu behar dugu, auzoz auzo eta herriz herri», esan zuten Donostiako ekitaldian. «Euskal Herriko feminismoak gai gara artikulatzeko, batzeko eta herri mugimenduekin, mugimendu sozialekin eta sindikatuekin aliantzak sortzeko», berretsi zuten Bilbon. Iruñean, berriz, gainerako herri mugimenduekin batera «eraldaketa soziala» bultzatzea proposatu zuten, «askotariko aliantzak eraikiz; bideak partekatua izan behar du».

Goizean Bilbon egindako deialdiak greba orokor baterako prozesu bat abiarazteko oihartzuna izan zuen arratsaldeko mobilizazioetan ere. Guztietan deitu zuten indarrak batzera, greba «historikoa» izan dadin: «Mugimendu feminista potentzia gara, indarra gara, desira gara, eta erresistentzia gara. Amaitu zaizue zainketarekin negozio egitea. Feminismoa da alternatiba».

Bestelako aldarrikapenak

Zaintzarako eskubide kolektiboa ez ezik, bestelako aldarrikapenak ere aipagai izan ziren Martxoaren 8ko mobilizazioetan. Jazarpenaren eta sexu abusuaren normalizazioa, feminizidioen gorakada, azpiegitura publikoetan egindako murrizketak, osasunaren eta lehen mailako arretaren prekarizazioa, bizitzaren garestitzea, etxebizitza eta bestelako arazoak salatu zituzten manifestazioetan.

Iruñeko mugimendu feministak, esaterako, gogora ekarri zuen etxeko langileek «lan baldintza negargarriak» dituztela eta zenbaitetan «lanaldi luzeegiak eta esklabotzara hurbiltzen diren egoerak» pairatzen dituztela. «Oraindik ere asko gara, gehiegi, egoera administratibo irregularrean gaudenak. Gizarte Segurantza ez da unibertsala, eta pentsioak gero eta murritzagoak dira; bizitza, aldiz, garestitzen ari da. Oraindik ere erailtzen gaituzte, bortxatzen, ezerezten gaituzte gure bikotekideek, bikotekide ohiek, gure aitek eta lagunek».

«Faxismoaren gorakadari» ere erreparatu zioten feministek, eta salatu zuten ultraeskuindarrak «harrotuta, genero disidenteen aurkako diskurtsoak bultzatzen eta feminismoaren kontrako oldarraldian» daudela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.