Errefuxiatuak. Europa

Ate itxien Europa

Errefuxiatuen krisiak azaleratu egin du Dublingo Hitzarmena sinatu zuten herrialdeen arteko elkartasunik eza. Europa barruko kontrol berriek zirkulazio askeko eremuaren amaiera ekar dezakete. Bitartean, milaka iheslari iristen ari dira Europara.

Ate itxien Europa.
Ane irazabal
Atenas
2016ko otsailaren 14a
00:00
Entzun
Amaitu dira elkartasun adierazpenak, eta iritsi da ultimatumen eta mezu katastrofisten garaia. Errefuxiatuen krisiak ekuazio okerrak eragin ditu, eta kontinente zaharra ez dago asilo eskatzaile gehiago jasotzeko prest. Barne mugen kontrolak domino efektua eragin du Europan. Zirkulazio librearen amaieran ote gaude? Estatuek Schengen eremua kolokan jarri dutela ari da, segurtasunaren izenean barne kontrolak zorroztu baituzte. Alemaniak, Frantziak, Belgikak, Luxenburgok eta Herbehereek 1985ean sinatu zuten pertsonen eta merkantzien zirkulazio askea ahalbidetzeko ituna, eta 26 estatu biltzen dituen esparrua da gaur egun. Grezia, baina, eremutik kanporatua izateko presioak jasaten ari da. EBk aste honetan bertan ohartarazi dio asilo arauak bete ezean auzitara eramango duela; Greziari ez ezik, Estoniari, Esloveniari, Frantziari, Italiari eta Letoniari.

Schengen arauak aurreikusten du «ordena publikoko eta barne segurtasunerako mehatxu larriak» daudenean ezar daitezkeela kontrolak, gehienez sei hilabeterako; baina epe hori bi urtez luzatzearen alde ere agertu dira estatu eta gobernu buruak.

Europa II. Mundu Gerratik izan duen erronka zailenaren aurrean da, eta erantzuna ez da koherentea haren oinarrietan idatzitakoarekin. Schengen eremuko herrialde nagusiek mugak itxiz eta hesituz egin diete ongietorri errefuxiatuei. Hona hemen, hegoaldetik iparraldera, hartu dituzten azken neurri murriztaileak.

GREZIA

Europara sartzeko itsasoko ataria

Europako ate nagusia bilakatu da. Balkanetako ibilbidea ireki ondotik, asilo eskatzaileen %85, milioi bat pertsona baino gehiago, Greziako uharteetatik sartu dira. 2016an, gainera, joera mantentzen ari da. Urtarrilean 62.000 bat pertsonak gurutzatu dute Egeo itsasoa Europa helburu, baina, krisi ekonomikotik burua altxatu ezinik, errefuxiatuen etorrerak argi utzi du Greziako harrera politikaren ahultasuna. Eta hori gutxi balitz bezala, Atenasen eta Bruselaren arteko fronte berri baten aurrean dago, lehen herrialdean erregistratzeak dakarrenagatik, bereziki. Europako Batzordeak ultimatum bat bota dio Alexis Tsiprasen gobernuari, eta hiru hilabete eman dizkio Greziako uharteetara sartzen diren errefuxiatu guztiak identifikatzeko eta erregistratzeko —hara itzultzeko aukera izango lukete errefuxiatuak frogatzen bada handik sartu direla—. Bestela, zirkulazio librearen etena ezarriko zaio, sei hilabetetik bi urtera artekoa. Hainbat erakunderen arabera, errefuxiatuentzako gune handi bat sortu nahi du Bruselak Grezian; batez ere, Turkian tapoi-estatu bat sortzeko saiakera hutsalaren ostean. Oraingoz, 400.000 pertsonarentzako kanpamentu bat sortzeko lanetan ari dira Atenasko aldirietan. Solidarity For All mugimenduko Khristos Giovanopulos kidearen ustez, «Greziaren afrikanizazioa» inposatzen ari dira: «Troikak Europaren periferiara bidali gaitu, eta errefuxiatuen krisiak bakartze politikoa bultzatu du». Zirkulazio librearen etenak ere eragin lezake euroari agur esatea.

ITALIA

Saharaz hegoaldeko iheslarien helmuga

Libian nagusi den kaosak oztopatu egin du errefuxiatuek Mediterraneoa gurutzatzea, eta Italiak iaz baino asilo eskatzaile gutxiago jaso ditu (158.000 pertsona). Baina, aldi berean, 2015eko ezbeharrik handienaren protagonista izan da. Iragan apirilean, 900 pertsonatik gora ito ziren Siziliako kanala gurutzatzeko hamaikagarren saiakeran —iaz 3771 errefuxiatu zendu ziren Mediterraneoan—. Orduz geroztik, itsasoa zaintzeko Triton operazio militarra indartu du Europako Batasunak, eta Siziliako kanalean itotako migratzaileen kopurua murriztu egin da. Italiak Saharaz hegoaldeko Afrikako errefuxiatuak jasotzen ditu batez ere, Sudan, Eritrea, Somalia eta Nigeriakoak, eta gehienentzat Erroma ez da helmuga bat. Giza eskubideen aldeko erakundeek behin eta berriz kritikatu dute Italiako harrera zentroen egoera tamalgarria, eta ekintzaileek salatu dute migratzaileei laguntzeko kooperatiba asko mafiaren eskuetan daudela. Edonola ere, Schengen akordioen defendatzailerik sutsuena bilakatu da Matteo Renzi lehen ministroa. Italiako gobernuburuak zirkulazio librearen aldeko diskurtsoa sakondu du, Europako nukleo gogorraren aurrean.

HUNGARIA

Ateak itxi dituen aurreneko estatu kidea

Errefuxiatuei ateak itxi dizkien lehen herrialdea izan da. Victor Orbanen eskuineko gobernuak 40 kilometroko hesi bat eraiki du Serbiatik iristen ziren errefuxiatuei sarrera oztopatzeko. Budapesten erabakiak Balkanetako ibilbidearen aldaketa ekarri du, eta, ondorioz, Kroazia eta Eslovenia migratzaileen geltoki berriak bilakatu dira. Aldi berean, Hungaria Greziaren etsairik handiena da Bruselan. Orbanek ez du bere iritzia ezkutatzen. EBri eskatu dio Mazedoniari eskainitako diru laguntzak handitzeko eta Skopje eta Atenasen arteko mugan dagoen hesia sendotzeko. Hungariako gobernuburuak aho betez proposatu du Europako muga Mazedonian ezartzea —Schengen eremuko kide ez den arren— eta Atenas kanpoan uztea.Budapestek ere talka egin du Angela Merkel kantzilerrarekin, eta ez du onartu 160.000 errefuxiatu birkokatzeko kuoten gaineko akordioa.

AUSTRIA

Pertsonen zirkulazio librea behin-behinean etenda

Vienak ere behin-behinean eten du zirkulazio librea. Azken hilabeteetan, Werner Faymann kantziler sozialdemokratak biziki gogortu du bere jarrera: iheslarien eta migratzaile ekonomikoen arteko banaketa azkartzea defendatu du, eta soilik asilo eskatzaileak onartu. Schengen txiki bat ezartzeko prest ere agertu da, hau da, Europa hegoaldeko herrialdeak, Italia eta Grezia, kanpoan utziko lituzkeen hitzarmen berri bat. Faymannek ere gogorki kritikatu du Atenas, eta proposatu du Mazedoniaren eta Greziaren arteko mugan Europako Polizia eta armada zabaltzea. Kuota sisteman jaso beharreko errefuxiatuen %30 barkatu diote orain.

ALEMANIA

Errefuxiatuen helmugarik kutunena

Koloniako erasoek Angela Merkelen gaineko presioa handitu dute, batez ere, CDU alderdian eta gobernu koalizioan. Alemania errefuxiatu gehienen helmuga da, eta 1,1 milioi pertsona hartu ditu 2015ean. Berlinekkalkulatu du 500.000 asilo eskaera jasoko dituela aurten.

Merkel «Turkiako irtenbidearen» defendatzaile sutsua da. Kantzilerrak tapoi-estatu bat sortu nahi du Egeo itsasoaren beste aldean, eta Europak Ankarari 3.000 milioi euro ematea nahi du errefuxiatuen etorrera geldiarazteko. Horren truke, Recep Tayyip Erdogan presidenteari zin egin dio EBn sartzeko prozesua azkartzen lagunduko diola. Merkelek Istanbulera bidaiatu du aste honetan; Ahmet Davutoglu Turkiako lehen ministroarekin elkartu da, eta aste honetan beste bilera bat da egitekoa herrialdeko ordezkariekin, oraingoan Berlinen.

Alemaniak bultzaturiko kuota sistema, berriz, porrot hutsa izan da. Bi urtean 160.000 errefuxiatu jasotzeko konpromisoa hartu zuten estatu kideek, baina 497 lekualdatu dituzte bakarrik.

Testuinguru horretan, Merkelen onarpenak nabarmen egin du behera, eta, ondorioz, jarrera gogortu behar izan du. Berlingo gobernuak esku artean dituen neurri berrien artean, deportazioak azkartuko dira; batez ere, «atzerritar delitugileen» kanporaketak. Errefuxiatu familiak bateratzea zaildu egingo da, eta Maroko, Aljeria eta Tunisia herrialde seguru izendatuko dituzte, bertatik datozen migratzaileei asilo eskaera ukatzeko. Bitartean, Alemaniak ez ditu aldi baterako kontrolak etengo. Lekutan geratu da uda honetako harrera beroa.

FRANTZIA

Parisko atentatuen arrastoan

Larrialdi egoera beste hiru hilabetez luzatu ondotik, Frantziako gobernuak segurtasunaren izenean eten du zirkulazio librea. Parisko atentatuek eragina izan dute migrazio politikan, eta Manuel Valls lehen ministro sozialistak EBeko harrera sistema kritikatu du. Errefuxiatuen krisia «Europarentzako mehatxurik handiena» iruditzen zaio, eta eskuinerako birak krisi sakon bat piztu du gobernuan. Hain zuzen, Christiane Taubira Justizia ministroak eta Laurent Fabius Atzerri ministroak dimisioa aurkeztu dute, eta Francois Hollandek aldaketak egin ditu gobernuan, ezkerrari keinuak eginda.

Parisko atentatuek kolokan jarri dituzte integrazio politikak, baina iraganetik ikasteko intentziorik ez du erakutsi gobernuak. Egun, beste patata bero baten aurrean dago: Calais. Kanpalekuaren erdia suntsitu, eta mila laguni alde egiteko alternatiba eskaini die; izan ere, 4.000 pertsona baino gehiago batzen dituen kanpamentu horretan kaosa da nagusi, oihanaren legea, asilo eskatzaileen esanetan. Erresuma Batura joatea amets duten milaka migratzaile tunelaren beste aldean geratu dira blokeatuta. Frantziaren eta Londresen gelditasunak errefuxiatuen kanpaleku iraunkor bat sortu du Europaren bihotzean.

DANIMARKA

Errefuxiatuen dirua konfiskatzeari ekin dio

Azken hilabeteetako neurririk polemikoena hartu du, errefuxiatuei 1.350 eurotik gorako ondasunak konfiskatzeko legea onartuta. Asilo eskaerak iraun bitartean, errefuxiatuek beren egonaldiaren gastuak ordaindu beharko dituzte. Ez da Kopenhageren erabaki bakarra izan, ordea. Familiekin elkartzeko eskubidea daukaten asilo eskatzaileek hiru urte itxaron beharko dute, eta kanpamentu itxietara eramango dituzte.

Lars Lokke Rasmussen lehen ministro liberalarentzat ezinbesteko neurriak dira errefuxiatuei harrera duin bat eskaintzeko, baina, datuak eskuan, erabakiari itxura txarra hartzen diote askok. Kopenhagek soilik 21.000 asilo eskaera jaso zituen iaz, eta ez dago kuota sistema onartzera derrigortuta. Horregatik, lege berriak hautsak harrotu ditu Bruselan. EBeko herrialderik aberatsenak elkartasun txikia erakutsi du krisi humanitario honetan.

Halere, Kopenhageren erabakia azkar kopiatu dute beste hainbat estatuk. Suitzak 900 eurotik gorako konfiskazioak ezarri ditu, eta Alemaniako Bavaria eta Baden-Wurttemberg estatu federatuetan neurri beretsuak hartu dira.

SUEDIA

Asilo eskatzaileen herrialde abegikorrena

Alemaniarekin eta Austriarekin batera, Europara iritsi diren errefuxiatuen 90% jaso ditu, baina 2016a ez da berdina izango. Asilo eskatzaileentzako herrialderik abegitsuenak ate itxien politikari heldu dio. Stockholmen arabera, iheslariekin eskuzabalegi jokatu dute, eta, ondorioz, harrera sistemak gainezka egin du. Hala, iaz asilo eskaera egin zuten 163.000 errefuxiatutik 60.000-80.000 kanporatuko dituzte. Helduen babesik gabe iritsi diren iheslari adingabe gehien jaso duen herrialdea da Suedia, 35.000 inguru, eta Koloniako erasoek eragina izan dute bertako iritzi publikoan. Stefan Lofven lehen ministro sozialdemokratakjarrera gogortu du eskuin muturreko SD alderdiak gora egin ostean. Lofvenek gutxiengoan gobernatzen du, eta haren onarpena asko jaitsi da azkenaldian. Stockholmenek kontrolak zorroztu ditu Kopenhage eta Malmo batzen dituen Oresundeko zubian, eta atzerapenek 300 milioi euroren gastuak eragin dituzte.

Norvegia, estatu kide ez bada ere, Schengen eremuko kidea da, eta aste honetan bertan iragarri du beste hilabete batez luzatuko dituela mugako kontrolak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.