I+Gko inbertsioa. Elkarrizketa. Emiliano Lopez Atxurra. Tecnalia eta Petronorreko presidentea

«Tecnalia konturatu da politika teknologikoa aldatzen ari dela Europan»

Tecnaliako presidenteak dio berrikuntzak enpresaren bihotzean egon behar duela, eta premisa hori etxean aplikatzen ari dira, teknologoei protagonismoa emanez.
GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS

Irune Lasa -

2018ko otsailak 11
Euskararen eta teknologiaren arteko distantziarik ez du nahi Emiliano Lopez Atxurrak (Zumaia, Gipuzkoa, 1956). Ibon Sarasola ingeniariak, hainbat fisikarik edo Karlos Santamariak euskarari emandako guztiak gogoratu ditu. Eta bide horretan keinu bat egin nahian, «derrigorrezko» iruditzen zitzaion Tecnaliaren antolamenduan egindako aldaketa handi baten berri lehendabizi BERRIAri ematea.

Funtzionamenduan aldaketa esanguratsua egin duzue. Zer izan da, eta zein helbururekin?

Tecnaliako presidente aukeratu nindutenean, nik eta batzorde exekutiboak egin genuen lehen gauza izan zen antolamendua aztertzea. Hutsune bat ikusi nuen, eta hutsune hori bete nahi izan dugu. Teknologoaren protagonismoaz ari naiz. Teknologoaren indarraz gobernantzaren arloan. Horregatik, eta patronatuaren oniritziarekin, batzorde gainbegiratzaile bat osatu dugu.

Teknologoek osatutako batzorde bat.

Bai. Proposamenak egiten dituzte aurrera begira zer egin behar den Tecnalia Plataforma teknologiko gisa sendotzeko; teknologoen batzorde horren presidenteak parte hartzen du Tecnaliako batzorde exekutibo guztietan, eta hitza du. Botoa ez oraindik, baina hori ere aldatuko dugu.

Noiz jarri duzue hau abian?

2017ko erdialdean. Eta esperientzia zoragarria izaten ari da, aberasgarria guztientzat. Teknologoen inplikazioa, arnasa berria ikusten delako. Eta haien indarra ere hasi delako nolabait finkatzen. Azkenean, Tecnalia ez da egitura burokratiko bat, baizik eta egitura dinamiko bat. Eta hor, pertsonak indartu behar dira, eta haien jakintza bideratu. Gainera, batzorde gainbegiratzaile horretako kideek izugarrizko curriculumak dituzte. Eta lan egiteko gogo handia, Tecnalia mundu berrira bideratzeko. Aldatzeko gogo handia.

Aldatzeko beharra du Tecnaliak.

Tecnalia osatzen duten zentro teknologikoak gure sare industrialetik jaio ziren, gure enpresek sortu zituzten. Fatronik, Inasmet, Labein ezin dira ulertu hemengo enpresen bultzadarik gabe. Ez da esperientzia publiko bat, pribatua baizik. 1980ko hamarkadan, Europako Batasunean sartu ginenean, berrikuntza teknologikoaren bidez euren lehiakortasuna bultzatu beharra ikusi zuten enpresek. Gaitasun teknologikoak merkatuan sendotasuna ematen ziela. Orain, egoera aldatu egin da. Munduko hainbat lurraldek industriaren aldeko aukera egin dute haien garapena sendotzeko. Testuinguru horretan gure lehiakortasuna non ezarri behar dugu, lan kostuetan? Ez. Ingurumen kostuetan? Ezta ere. Gure garapen produktiboa gaitasun teknologikoetan finkatu behar da. Horretarako oinarri teknologiko serio bat behar da. Eta Europako Batzordeak I+Grako finkatzen dituen tresnetara egokitzapena egitea.

Europara egokitu?

Tecnalia konturatu da politika teknologikoa aldatzen ari dela Europako Batzordean. 2021etik aurrera gauzak aldatu egingo dira eta politika teknologikoa ez da diru laguntzei lotuta egongo, baizik eta I+Grako estrategia bati, eta horren inguruan egongo dira hainbat tresna. Tresna finantzarioak izango dira horiek, sustapenerako, baina ez dira diru laguntzetan oinarrituko.

Orain arte, ordea, diru laguntzak izan dira berrikuntza sustatzeko erabili izan diren tresna ia bakarrak.

Batzuetan, esaten da diru laguntzarik ez badago ez dagoela politika teknologikorik. Ez. Politika teknologikoa enpresak egin behar du, eta horren inguruan mekanismo sustatzaileak egon behar dira. Baina, erabaki estrategiko teknologikoak enpresak egin behar ditu.

Arlo pribatuak I+Gan gehiago egin behar duela esaten ditu Arantxa Tapiak.

Ez da sailburuak esaten duena, munduak esaten duena da. Enpresa batek ez badu berrikuntza teknologikori bere ardatz estrategiko nagusi gisa ez du berrikuntza politikarik. Horren aurrean, sektore politikoak egin behar duena da ekosistema bat lagundu hori nolabait ezartzeko. Gure etorkizuna politika teknologiko eta estrategiko batean dago, eta horretarako giharra behar dugu, eta elkarlana, txikiak garelako. ,

Tecnaliak hor rol bat dauka jokatzeko.

Ez dakit. Baina bere etorkizuna hor oinarritua du; bestela, etorkizun latza izango du, beste edozein plataforma teknologikok bezala. Eta, hor, teknologoaren protagonismoa oso inportantea da. Tecnaliak plataforma erakargarria izan behar du teknologoak ekarri eta hemen finkatzeko. Eta hori soilik posible da ikerketan eta industria aplikazioan erakargarri bada.

Batzordeak zer egiten du?

Egitura eta ikerketaren antolamendua optimizatu. Zer behar den aldatu sinergiak egoteko, zein gaitasun behar diren helburu estrategiko baterako, elkarlanerako zein plataforma... Askotan gertatzen da distantzia handiagoa dagoela Miramondik Zamudiora, Miramondik Berkeleyra baino. Eta hori nolabait batu egin behar da. Gero, jendearen artean hormak puskatu behar dira elkarlanean eta batera lan egiteko. Horretarako, batzordeak bere garrantzia dauka, jakintza ematen digulako oztopoak identifikatzeko, haiek gainditzeko eta beharrak ezagutzeko. Azkenean, Tecnalia zer da? Ikerlarien antolamendu bat, eta, ikerlariek ez badute protagonismorik, sendotasunik aurkezteko eta adierazteko eta onartzeko...

Distantzia handia al dago zuzendarien eta ikerlarien artean?

Distantzia ez... Findu behar den zerbait da. Azken finean, zuzendarien lana bideratzea da, eta entzun behar dio aktore nagusiari, eta aktore nagusia teknologoak dira.

Eta bihurtu al da hori zerbait konkretua?

Bai. Alde batetik, egungo dibisioak nola antolatu ikusten ari gara, eta, beste alde batetik, zerbitzu teknologikoak eta I+G propioak bereizteko beharra ikusi dugu.

Ikerketaren alor horrek garrantzi berezia dauka.

Gure gaitasun teknologiko guztiak nola bideratu ikusi behar da, eta nola eman balioa enpresa sarean. Hau da, orain aipatzen bada ze garrantzia duten energiaren sorkuntza banatuak, smart grids delakoek, Tecnalian potentzia elektronikan izugarrizko gaitasun teknologikoa bildu behar dugu. Ikusten bada jasangarritasunak garrantzia izango duela eraikuntzan, gaitasunak bideratu behar dira lehiakorra izateko elementu energetikoetan, zero igorpenetan, material berrietan... Digitalizazioan, mugikortasun adimendunean elementu digitalekin jardun beharko dugu. Eta industria 4.0ren alorrean Tecnaliak izugarrizko ahalmena dauka. Horren adibide onak daude industrian, enpresa txikiekin, Ibarmiarekin adibidez.

Enpresa txikiek I+Gan inbertitzea ez dute erraza. Maiz, ez dute produktu propiorik ere. Beharbada, lehiakortasuna, berrikuntza, lortzeko beste arlo batzuk landu beharko dituzte?

Enpresa txikietan berrikuntzak, egiaz, gauza bakarra esan nahi du: gaitasuna produktuari balioa emateko eta teknologikoki aurreratuak izateko, bai produkzioan, bai materialetan, baita zerbitzuen eskaintzan ere. Hor, Tecnaliaren plataformak gure enpresa txikiei izugarrizko mamia eta oinarria ematen die. Baina enpresaburuak berak ere sinetsi behar du bere produktuan. Izugarrizko ikerketen aurretik, oinarrizkoena da borondatea eta apaltasuna izatea, baita ofizioa ere. Ofizioak teknologiarekin bat egiten duenean, izugarrizko gaitasuna ematen dio enpresa txikiari.

Enpresa txikiek jotzen dute zuengana? Edo kostatzen zaie?

Guregana etorri edo ez baino inportanteago, sistema batean sartzea da. Enpresa traktore batek hainbat ETEri produktu zehatz bat eskatzeko orduan, exijentzia, prezioarena bakarrik ez, teknologiarena ere izango da. Eta gure ekosistemak eman behar dio hori lortzeko bidea eta gaitasuna. Eta gaitasun hori du Tecnaliak.

Sistema horrek hobekuntza behar du?

Hobekuntza sakona, gainera. Azken finean, apalak izan behar dugulako. Esan nahi baita: jakin non gauden.

Eta non gaude?

Konfort espazio batean, eta hori askotan ez da izaten ona, ez digulako uzten ikusten mundua nondik datorren. Badu beste ondorio bat ere, osagarria. Zorionez, badaude enpresak mundua nondik datorren ikusten dutenak, eta mundu horretan jarraitzeko izugarrizko gaitasunak dituztenak, lehiatzeko. Eta ez dira enpresa handiak, txikiak baizik. Horrek itxaropena ematen dit. Nik askotan esaten diet enpresa txikiei ez pentsatzeko ezin dutenik. Posible duzue esaten diet ikusi Orkli, ikusi Ibarmia... Oso lan ona egiten ari dira, isiltasunean eta apaltasunean berrikuntza teknologikoak ezartzen. Baina hori nolabait demokratizatu egin behar da. Nola? Esperientziak zabalduz eta pizgarriak eskainiz, ilusioa emanez. Aipatu ditudan enpresa horiek ez dute egin berrikuntza teknologikoa diru laguntza bat zegoelako. Egin dute beharra zutelako.

Krisialdiak inbertsioa jaitsi zuen I+Gan. Pentsatzekoa litzateke ordea hazkunde ekonomikoko egoerak balio behar duela horri itzulia emateko. Zein izan beharko litzateke helburua?

Inbertsioak zenbat izan behar diren jakitea erraza da. Gizarte aurrerakoia izan nahi badugu Europan lehen mailan dauden erregioen ehunekoetan ibili behar dugu.

BPGaren %3ra, beraz.

Horra jo behar dugu. Ez gara hain aberatsak, eta ezingo gara horra heldu, baina hurbiltzeko ahalegina egin beharko dugu.

Konfort maila aipatu duzu. Hainbat analistek diote Euskal Herrian neurri batean autokonplazentzian bizi garela.

Nik bakarrik dakit orain errealitate ekonomiko industrialean jarraitu egin behar dugula bizkortzen. Eta esaten duenak oso ondo gaudela, gora gu eta gutarrak, edo ez dauka ideiarik ere zer den nazioarteko industria mundua, edo ez da egia esaten ari.

Dena den, industria politika hemen zerga politikara mugatzen dela dirudi batzuetan. Zenbait enpresa handik eskatzen duten lehen gauza hori da... Sozietate zerga jaitsi ostean ere.

Enpresa baten geroa zerga politikan badago, ez dauka etorkizunik. Garrantzitsuena da gure industria ekosistemak jende oso ondo prestatua edukitzea, antolamendu malguak izatea eta berrikuntza enpresen bihotzean. Fiskalitateak garrantzia dauka, baina ez da garrantzitsuena.

Baina eskaera hori egiten dute patronalek eta...

Nik dakidana da Petronorrek ez duela behin ere hori esaten, eta gu enpresa garrantzitsua gara. Petronorrentzat, garrantzitsuena seriotasuna da, seriotasuna politika askotan, lanbide heziketan, hezkuntzan, eta abarretan. Gero egon daitekeela dumping fiskal bat munduan? Noski, ingurumen dumping bat dagoen moduan, lan kostuen dumping bat dagoen moduan. Fiskalitateari zergatik ez diot garrantzirik ematen? Europako Batasuneko harmonizazioan fiskalitatea Europa erdialdekoek eta ardatz frankoalemanak gidatuko dute. Ez Irlandak, baizik eta Alemaniak, Danimarkak, Holandak, Suediak... Beste kostu batzuei garrantzi handiagoa ematen diot. Eta sektore publikoari eta politika industrialari eskatzen diodana da hezkuntza sistema oso ona edukitzea eta gure umeak hezkuntza izugarri sendoa edukitzea, izan daitezela berritzaileak, ekintzaileak, ezagut ditzatela erreminta berriak, jakin dezatela elkarlanean aritzen. Zergatik ez diogu lehentasuna ematen Lanbide Heziketari?Industria politika hezkuntza politika ere bada.

Petronorren nola doa berrikuntza?

Hainbat proiektutan buru-belarri sartuta gaude. Orain gutxi aurkeztu dugu biltegi birtuala. Digitalizazioan ere bagabiltza, fabrikazio aditiboan... Antolamendua berritzen ari gara Petronor mugikortasun eta energia plataforma industrial bat bihurtzeko. Eta barneko aldaketetan ari gara Petronor Innovacion ezarrita dago, adimen artifizialean ere proiektuekin gabiltza...

Jendea dantzan jartzen duzu.

Ardurak ematen badizkizute... Ardura ardura da. Tecnalian sartu nintzenean, teknologo oso onak zituen organizazio batekin egin nuen topo. Nire ardura da, eta batzorde exekutiboarena, haiek gabe ez bainaiz ezer. Nire ardura da, Tecnalia eta hura osatzen duten 1.400 pertsonek etorkizuna izatea. Ardura horrek eskatzen dizu gauzak aldatu egin behar baldin badira aldatzea. Jendea dantzan jarri behar baldin bada dantzan jartzea, edukazio guztiarekin baina beldurrik gabe. Hemendik gutxira emango ditugu urteko emaitzak; ez dira txarrak izan, baina ni ez nago konforme. Tecnaliak dauzkan emakumeei eta gizonei begirunea diedalako, jende oso ona delako. Eta Petronorrekin gauza berbera. Seguru baldin banago energiaren sektoreak nora joan behar duen... Gauza gutxi dakizkit, baina horretaz pixka bat bai. Eta ni ezin nintzen geldirik egon, errespetua diodalako Petronorri, zergatan suposatzen duenari, hemengo ongizatearentzat suposatzen duenari. Horregatik gauzak lasai -lasai eta apal-apal baina egin egin behar dira.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna