Next Generation

Landare labirintoaren korapiloa

Gasteizko Udalak labirinto begetal bat eraikiko du Next Generation Europako diru laguntzen bidez. Olarizun eraikitzeko asmoa du, baina bizilagunek haserrea erakutsi dute kokapena dela eta.

Gasteizko Udalak Olarizun eraiki asmo duen landare labirintoaren proiektua. BERRIA.
Leire Yue Ortubay Ibabe
Gasteiz
2023ko irailaren 1a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Gasteizko Eraztun Berdean dago Olarizu. Zelai handia dauka, eta herritarrek aisialdirako erabili ohi dute gunea. Azken egunotan, ordea, euren haserrea erakutsi dute Gasteizko Udalak eraikiko duen labirinto begetalaren harira. Udalak iragarri duenez, 1,70 metroko altuerako landare hesiarekin osatuko dute labirintoa eta hatz aztarnaren forma edukiko du. Proiektuak Next Generation Europako diru laguntza jaso du.

Olarizuko bizilagunek «desadostasuna eta ondoeza» adierazi dute Gasteizko Udalak labirinto begetala eraikitzeko hautatutako lekuarekin, eta inguruko bizilagunekin nahiz bertan aisialdiaz gozatzen duten herritarrekin «konfrontazio argian» sartzen dela salatu. Labirinto begetalak eta bertan jarriko dituzten tirolinek egungo parkeko aisialdiaren amaiera ekarriko dutela salatu dute idazki baten bidez. Olarizuko parkea herritar askok erabiltzen dute eguzkitan egoteko, txakurrak paseatzeko, ospakizunetarako eta beste hainbat jardueratarako, eta horien bukaera ekarriko duela ohartarazi dute. Olarizuko bizilaguna da Karla Fernandez de Labastida, eta egoeraren berri eman du: «Gu izango gara gehien kaltetuak, baina zelaia erabiltzen duten beste gasteiztar askori ere eragingo die».

Zarata eta segurtasunik eza

Aukeratutako kokalekua hainbat arazoren sorburu dela adierazi dute idazkian. Landare hesia altuera berean mantentzeko lanak direla eta, zarata handia egongo dela salatu dute auzokideek; izan ere, etxebizitzetatik 5-10 metrora eraiki nahi dute labirintoa. Bestalde, segurtasun arazoak sor daitezkeela ohartarazi dute,«leku korapilatsu eta ilunetan posible delako jokabide ez-zibilei bidea erraztea». Gainera, horrelako toki batek berez trafiko arazo handiak dituen gunearen egoera «okertuko» duela diote. «Olarizuko parkea hain handia izanik, ezin dugu ulertu arazoak ekarriko dituen kokaleku hau aukeratu izana», laburbildu du Fernandez de Labastidak.

Proiektua Next Generation diru laguntzen irizpideen beren aurka doala adierazi dute bizilagunek. Izan ere, funtsek azpiegitura berdeen areagotzea dute helburu, baina, salatu dutenez, labirintoa eraiki nahi den eremua baso belardi erdi naturalez osatuta dago, eta eraikitzeko zuhaitzak moztu beharko dituzte. Gaineratu dute lurzorua mantentzeko ura eta energia asko gastatuko direla, eta proiektuak ez duela ekarriko biodibertsitatea eta naturagunearen hobekuntzarik. «Ingurumena babesteko helburua duten funtsak kontrakoa egiteko erabiltzen ari dira», salatu du Fernandez de Labastidak.

Abuztuaren 16an izan zuten eraikitze lanen berri bizilagunek, udaleko teknikariak gunea aztertzen ikusi zituztenean. «Gehien kaltetuak izanda ere», euren iritzia ez dela kontuan hartu salatu dute, eta, eurekin «premiazko» bilera bat izan arte, lanak eten ditzatela eskatu dute. Landare labirintoaren kokalekua dela-eta dituzten kezkak eztabaidatu nahi dituzte udalarekin. Orain dela astebete udalarekin harremanetan jartzen saiatu ziren, baina ez diete erantzun oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.