Maizago, luzeago, bortitzago

Klima aldaketaren eragina gero eta nabariagoa da mundu osoan. Parisko Hitzarmeneko konpromisoak betetzetik urrun dira gobernuak, eta, egungo erritmoan, hondamendiak ugaritu eginen dira.

Ion Orzaiz.
2022ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Suteak, bero bolada luzeak, lehorteak, uholdeak, ekaitz bortitzak... Muturreko fenomeno naturalak ugaritzen ari dira pixkanaka, klima aldaketaren eraginez, eta ugariagoak izanen dira etorkizunean. Aste honetan bertan, «anomaliaz» hitz egin du Euskalmet agentziak, urriko batez besteko tenperatura «sail historikoetako beroena» izan baita. Idorteak ere kalte ekonomiko handiak eragin ditu Euskal Herriko hainbat tokitan. Azken hilabeteetan piztutako suteak ere horren isla dira, beroaldi luzeak, hego haizeak eta lehorteak hauspotu baitituzte.

Berotze globalari eta klima aldaketari hertsiki lotutako fenomenoak dira horiek guztiak, eta, zientziaren arabera, ugaritzera joko dute datozen urteetan. «Klima aldaketaren eraginak bi motatakoak dira: alde batetik, batez besteko tenperaturen igoera progresiboa dugu, eta horrek epe ertain eta luzera nekazaritzan, ekosistemetan edo horniduran eraginen dituen aldaketak; bestalde, ugaritu eta indartu eginen dira muturreko egoerak», azaldu du Efren Feliuk, Tecnalia zentroko klima aldaketaren egokitzapeneko arduradunak.

Ugaritzera joko duten fenomeno horien artean daude idorteak, beroaldi luzeak eta prezipitazio bortitzak. Feliuren esanetan, muturreko gertaera horiek ikertzeko modua da «intentsitatea, iraupena eta maiztasuna» neurtzea, eta hiru aldagai horiek gora eginen dute: «Ondorioztatu dugu klima aldaketak hori guztia bizkortuko duela. Bero boladetan, adibidez, tenperaturak handiagoak izanen dira, gehiago iraunen dute, eta maizago gertatuko dira».

Klima aldaketak ibaietan eta prezipitazioetan duen eragina aztertu du Ane Zabaletak. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Geologia saileko ikerlaria da, eta, esan duenez, ondorioak ez dira baikorragoak: «Bizkaiko golkoaren inguruko esparru zabal batean azken 60 urteetan jasotako datuak aztertu ditugu, eta ikusi dugu emariek behera egin dutela nabarmen, udazkenean batez ere».

Ur emariaren beheranzkoa

Jaitsiera udazkeneko hilabeteetan gertatzea, hain zuzen, «kezkatzeko modukoa» dela uste du Zabaletak. «Udazkenean ohikoa da prezipitazioak eskasagoak izatea, tenperaturak oraindik beroak edo epelak izatea eta uraren parte handi bat atmosferara itzultzea, lurruntze prozesu naturalaren bidez. Horren ondorioz, ibaien emaria txikiagoa da berez. Azken urteetan, baina, ohi baino gehiago murriztu da emaria, eta horrek tentsio handiko egoerak sor ditzake».

Izan ere, aurrera begirako eredu klimatikoak eta hidrologikoak aztertuta, beheranzko joerak segida izanen duela ondorioztatu dute adituek. «Etorkizunean, uraren eskuragarritasuna ez da bermatua egongo. Ohituta gaude ura eskuragarri izatera beti; txorrota ireki eta hortxe edukitzera. Baina klima aldaketak ekarriko du muturreko fenomenoak ugaritzea; horrek eragina izango du ziklo hidrologikoan ere».

Hori dela eta, EHUko hidrologoak uraren gaineko gogoeta «ahal bezain laster» egitera premiatu ditu erakunde publikoak eta gizartea, oro har. «Hau ez da gizartea asko mugiarazten duen auzi bat, gurean ura ez baita inoiz izan kezkarako iturri: iruditzen zaigu hemen euria egiten duela franko, eta arazoa ez dela hainbesterako, baina bada: aurrerantzean, gerta daiteke ziur ez jakitea noiz izango dugun ura eskuragarri, eta pentsatu beharko dugu nola aurre egin ziurgabetasun horri», ohartarazi du. Are: «Neurri zorrotzak» eskatu ditu ur horniduraren auzian. «Energiaren, gas isurien eta berotze globalaren esparruan konpromisoak hartu diren bezala, erabaki estrategikoak behar dira uraren aferan ere».

Ertz anitzeko konponbidea

Egoerari buelta emate aldera, «ertz anitzeko konponbidea» proposatu du Feliuk ere: «Lehenik eta behin, apustu irmoa egin beharra dago deskarbonizazioaren alde, gasen isuriak murriztu ahal izateko». Helburua berotze globala gelditzea ez, haren efektuak leuntzea dela gogorarazi du Tecnaliako klima aldaketaren egokitzapenerako arduradunak.

«Berotze globala ez da etorkizuneko kontu bat edo hipotesi bat: errealitate bat da, eta hemen dugu jada». Hori dela eta, deskarbonizazioaren aldeko politika sendoekin batera, errealitate berrira egokitzeko prozesu bat galdegin du ikerlariak: «Egokitzea ezinbestekoa izanen da jarduera ekonomikoetan, osasunean, larrialdien kudeaketan... Azpimarra jarri beharko da ezagutzan, zientzian eta berrikuntzan, erantzun hobeak diseinatzeko».

Gobernuek orain arte hartutako neurriak «eskasak» direla salatu du NBE Nazio Batuen Erakundeak aste honetan. Feliuren ustez, administrazioek «argi» dituzte helburuak, baina ez dira horiek behar bezala betetzen ari. «Diziplina anitzeko planak behar dira: neurri legegileak, tresna ekonomikoak, jendearen ohitura aldaketak erraztuko dituzten sentsibilizazio kanpainak... Transformazio sozial oso bat behar da: politika publiko indartsuak, sektore pribatuaren konpromisoa eta gizarteak zenbait ohitura aldatzea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.