Pastor
DARWIN ETA GU

Seme-alabak eta ilobak

2023ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Ilargiak ortzia argitzen du. Aita-semeak plazan barrena doaz, eskutik helduta. Umeak atzamarraz seinalatu du zeru iluneko dirdira. «Begira, aita!». Semeak erakutsi dion lekura jiratu du gizonak burua: «¡Sí, tío!».

Lauzpabost urte izango ditu mutikoak. «Sí, tío», entzun du aitaren ahotik. Ez «seme», ez «ume». Izenaz ere ez dio deitu gizon gazteak. «Sí, tío. Eta mekix bat egingo bagenu orain, ilargiari begira?». Halakorik ez dio esan, baina batek jakin. Itxaron, denborari berea eman behar zaio eta.

Seme-alaba nerabeekin haxixa erretzen duten gurasoren batzuk ezagutu ditut —tira, legalki oraindik adin txikikoak diren umeekin tabernetan sartu eta alkohola edaten duten gurasoak ere badira, baina hori ez dago batere txarto ikusia gure herri honetan—. Bada farmaziara korrika joan den amarik ere. Zertarako eta alabarentzako kondoiak erosteko. «Suhi» gibel-handi arduragabeak ez du babesteko ezer ekarri haien etxera. Deus ez, ezpada larrutan egiteko zakil gosetua. Eta amak, gainera, ohea utzi die alabari eta mutil-lagunari jarduteko, agian libururen bat irakurtzen ari den artean, belarrietan tapoiak jarrita. Seme-alabekin pornoa ikusten duten gurasoak ere badaude —ez dut, zorionez, halako alerik ezagutzen; nik dakidala, behintzat—. Erromatar Inperioaren gainbehera da ala denak balio du bizi garen garaiotan?

Euskal rock abeslari bati irakurri diot seme-alabekin ederki moldatzen dela. Maite du haiekin egotea. Hala behar du. Haurtzaroa gero eta laburragoa dugu egun. Haurtzaro sozialari buruz ari naiz. Ez dut uste haurtzaro biologikoa funtsean aldatu denik. Gorputzean, baliteke; buruan, aldiz, ez. Areago: helduaro psikologikoa gero eta beranduago iristen delakoan nago.

Gurasoek gero eta tarte txikiagoa dute haur txikien xalotasunaz gozatzeko, haien benetako umetasunaz. Denbora ziztu bizian doa. Aprobetxatu egin behar. Hala ere, musikari horrek argi utzi du ez dituela gurasoen eta seme-alaben rolak nahasten. Haien aita da, ez laguna. Logikoa, batzuek, antza denez, hori ahazten duten arren. Izan ere, noiztik izan behar dute amak eta aitak umeen lagunak? Noiztik egon behar dute maila berean, umeak adin txikikoak diren bitartean? Azken batean, gurasoek umeen gaineko erantzukizuna dute, haiek ume diren bitartean. Guztien arteko adostasunak bilatzea komeni da, baina akordiorik ez badago, gurasoena izango da azken hitza, haurrari ondo argudiatuta. Ez gaizki ulertu: ardura da hori, ez diktadura.

Nola erlazionatuko dira ilargiaren azpiko aita-semeak haurra koskortzen denean? Semeak 8 urte dituenean tío esango dio aitak oraindik? Eta hark aitari, nola deituko dio? Tío? Colega? Campeón? Buddy? Bro? Edo sobrino, aitak tío deitzen segitzen duelako? Semeak 14 urte dituenean den-dena kontatuko dio aita kolegi horri, egiten dituenak eta egiten ez dituenak? Espermaz zikindutako izarak erakutsiko dizkio? «Nola garbituko dut lefa hau, tío? Norit, Dixan ala Ariel-ekin?». Eta mutilak nota txarrak baditu eskolan, zer esango dio aitak? «Bola egiten zaizu ikasgaia? Enrolla zaitez, tío. Bestela, mekix hori niretzat izango da».

Lagun bati asteon gertatu zaio, gelan. «Hey, tío», deitu dio 18 urteko mutil batek. Eta erdaraz segitu du. Hurbildu, eta hiru gauza esan dizkio irakasleak: «Bat: euskarazko adarrean gaude; bi: ni ez naiz zure osaba; hiru: errespetua zaharragoekin». Nik ere bizi izan ditut halakoak. Ikasleari begiratu, eta «zer duzu, sobrino?», bota diot. Begiak zabal-zabalik geratu da. Gero, bi iloba baditudala azaldu diot, baina horietako inor ez dagoela jadanik unibertsitatean. Begiak are zabalago so egin dit, behiak trenari bezala.

Beste batean harritu antzean mintzatu zitzaidan neska bat, ez dakit zeri buruz ari zela: «¡Es que esto es la polla, tío!». «La polla? Zer polla? La Records ala bestea?», pentsatu nuen. Ez nuen oso egun ona eta, neure burua ezagututa, nahiago izan nuen barrenak jan eta ez entzunarena egin. Badaezpada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.