Martxoak 8: greba feminista

Indarra errotzeko garaia

Emozio, oroitzapen eta hausnarketarako gai ugari eragin ditu Euskal Herrian eginiko bigarren greba feministak. Eragileek nabarmendu dute ostiraleko mobilizazioek berriro gainditu dituztela aurreikuspenak, eta beharrezkotzat jo dute lanean jarraitzea.

MIlaka emakumek parte hartu zuten ostiralean Euskal Herri osoan izandako mobilizazio feministetan; irudian, Bilboko manifestazioaren amaiera, eguerdian. L. JAUREGIALTZO / FOKU.
Edurne Begiristain. Maite Asensio Lozano
2019ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Osasuna, sormena, irmotasuna, umorea, zeharkakotasuna, eta, batez ere, indarra. Berriz ere, erakustaldia eman zuen mugimendu feministak Martxoaren 8an, emakumeen grebaren harira. Aurreikuspenak gainditu zituzten, aspaldiko handinahienak izan arren. Iazko eztandaren ondoren, espero izatekoa zen aurten ere milaka emakume kalera ateratzea, baina horrek ez zien emoziorik kendu ostiraleko mobilizazioei. Hain justu, hunkituta agertu dira eragileak biharamunean, BERRIAk balorazio bat eskatu dienean —mugimendu feministak astelehenean egingo du analisiofiziala—: gertatutakoa ia barneratzeko astirik gabe, argi dute kalean agertu den indar hori antolatu eta errotu behar dela, eta aldarrikapen bihurtu.

AMAIA ZUFIA Bilgune Feminista

«Ez dugu argi morerik nahi, konpromiso zehatzak baizik»

Greba feministak «aurreikuspen guztiak gainditu» dituelako oso pozik agertu da Amaia Zufia Bilgune Feministako kidea. Ostiralean Euskal Herrian berrehundik gora mobilizazio antolatuko zirela uste zuten, baina askoz gehiago izan direla ziurtatu du. «Inoiz mobilizazio feministarik egon ez den herrietan ere kalera atera ziren emakumeak». Zufiaren ustez, arrakasta hori ulertzeko gakoetako bat izan da grebari begira mugimendu feministak «akuilu lana» egin duela aldarrikapen zehatz batzuei ahotsa emateko, eta horrek «kualitatiboki eta kuantitatiboki indartu» egin duela deialdia. Argi dauka Euskal Herriko erakunde nagusiek ezinbestez erantzun beharko dietela andreen eskaerei, hitzez harago, neurri zehatzak hartuta: «Ez dugu nahi argi morerik, argazkirik eta diskurtsorik; neurri eta kopromiso zehatzak nahi ditugu».

Azken urteotan mugimendu feministaren mobilizazio masiboek «mugarri» bat ezarri dutela uste du Zufiak, eta orain, aurrera begirako erronkei heldu aurretik, gogoetarako garaia dela uste du: «Patxadaz hausnartu behar dugu non gauden, zein den Euskal Herriko andreen egoera, zein den mugimendu feministaren errealitatea, eta zeintzuk diren erronka, aukera eta arrisku berriak». Iragarri du udazkenean Euskal Herriko jardunaldi feministak egingo direla, eta han gorpuztuko direla gogoeta horiek.

EDURNE GARDE Oneka

«Edadetu asko hasi dira mobilizatzen, eta 'nahikoa da' esan dute»

Oneka Euskal Herriko emakume pentsiodunen elkarteak greba feministan parte hartu zuen ostiralean. Edurne Garde kideak aitortu du «hunkituta» jarraitzen duela erantzunarekin. «Oso pozik gaude, aurreikuspen guztiak apurtu zirelako». Garrantzi handia eman dio andrazko pentsiodunek protestetan parte hartu izanari, emakumeen eskubideak aldarrikatzeaz gain, pentsiodun gisa dituzten eskaerak entzunarazi zituztelako. Azpimarratu du agerian utzi nahi izan dutela zer «hutsune» geratzen den emakume askok egunerokoan egiten duten lana egin gabe geratzen denean. «Lan egiten eta kotizatzen ez dugun emakumeok ere aberastasuna sortzen dugu, nahiz eta ikusezina izan».

Nafarroan deitutako mobilizazioetan izan zen Garde: Antsoainen eta Iruñean gero. Adin guztietako andrazkoak izan ziren protestetan, eta hori ezinbestekotzat jo du belaunaldi guztiek feminismoaren kontzientzia har dezaten. «Edadetu askori kosta egin zaie pausoa ematea, baina hasi dira mobilizatzen. Asko nazkatu egin dira zaintza lanak egiteaz, eta 'nahikoa da' esan dute».

TAMARA CLAVERIA Amuge

«Elkarrekin indartsuagoak gara;ez gaude hain urrun»

Ostiraleko mobilizazioez «emozionatuta» mintzatu da Tamara Claveria, Amuge emakumezko ijitoen elkarteko arduraduna: «Bilbon giro zoragarria izan zen; batasun sentsazioa izan genuen. Hau geldiezina da». Greba feminista prestatzeko lanetan parte hartu du Amugek, eta pozik dago ijitoak apurka lortzen ari diren tokiarekin: «Beti nahiko genuke ikusgaitasun gehiago, baina mugimenduaren parte sentitu gara». Datorren urtera begira, hausnarketa bat utzi du: «Akaso ardatzetako bat emakume arrazializatuen ikusgaitasuna izan daiteke, gure aldarrikapenak denonak izateko. Izan ere, batzuetan, emakume ijitoei kosta egiten zaie halakoetan parte hartzea, ez dutelako beren espazio gisa sentitzen. Baina, funtsean, ez gaude elkarrengandik hain urrun, eta elkarrekin indartsuagoak gara».

ARMELLE ETXENIKE   Baionako Asanblada

«Oraingo erronka da antolatzea, mugimendu hori eraginkor bihurtzea»

Martxoaren 8ak Ipar Euskal Herrian utzitakoaz bilan positiboa egin du Armelle Etxenike Baionako asanbladako kideak, nahiz eta aitortu Iparraldean feminismoa ez dagoela Hegoaldean bezain indartsu. 400 lagun bildu ziren Baionako manifestazioan: «Gure txokoan hori baikorki baloratzen dugu. Martxoaren 8ak ahalbidetzen du jendea mobilizatzea, eta halako egunek indarra ematen dute. Oraingo erronka da antolatzea, mugimendu hori eraginkor bilakatzea, feminismoa Iparraldean errotu dadin».

Bereziki gustura geratu da Angeluko (Lapurdi) Leclerc saltokietan egindako protestarekin: «Emazteen Egunaren harira, eskaintzak iragarri zituzten loreetan, produktu estetikoetan eta halakoetan. Inprobisatuta hara joan ginen, nagusiari esatera iragarki sexistarik ez genuela onartuko, eta kendu egin zituzten».

MIGDONIA ZABALETA MENDEZ Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartea

«Indarkeria ikaragarria dago andreen aurka, epaitegietan ere bai»

Zaintza grebaren konplexutasuna agerian utzi dute Migdonia Zabaleta Mendezen bizipenek. Etxeko langilea da Vicky, sektore prekarioenetako batekoa: «Nagusiei esan nien greba egingo nuela eta ez zuten arazorik jarri, baina ikusita haurrekin zailtasunak izango zituztela goizean, nik eraman nituen eskolara. Urte asko daramatzat haiekin, nik haziak dira, eta ez nion horri uko egin nahi. Gero protestetara joan nintzen, etxeko lanak egin gabe».

Etxeko langileen eskaerek lortu duten oihartzuna nabarmendu du: «Batez ere, migratutakoekin gehiegikeria asko egiten da. Horregatik galdegin dugu, besteak beste, desagertzea barneko langileen figura: ia esklaboak dira, beti prest, atsedenik gabe». Baina beste aldarrikapenei ere erreparatu die: «Indarkeria ikaragarria dago andreen aurka, epaitegietan ere bai, eta horretan ere zentratu ziren mobilizazioak».

PAULA AMILBURU Gasteizko neska gazteen kolektiboa

«Oraindik ez dakigu nola iritsi politizatu gabeko neskengana»

«Indartuta» sentitzen dira Gasteizko neska gazteen kolektiboan greba feministaren ondotik, Paula Amilburu kideak adierazi duenez. «Oso pozik» dago deialdiak izan duen jarraipenarekin: «Oso babestuta egon gara, indarra eman digu». Mobilizazioetan gazte ugarik parte hartu izana garrantzitsua dela uste du, baina zapore «gazi-gozoa» duela aitortu du: «Neska gazte asko ikusi nituen politizatu gabe, erdarazko leloak oihukatzen... Oraindik ez dakigu nola iritsi neska horiengana. Erronka handia dugu hor».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.