Bizkaiko Diputazioak zahar etxe bat itxi du Bilbon, arta ez zelako egokia

Ortuellako zahar etxe bati espedientea ireki diote; gau oso bat egin zuten langileen artarik gabe

Bizkaiko Batzar Nagusietan hitz egin zuten atzo zahar etxeetako inspekzioen inguruan. BERRIA.
Mikel Elkoroberezibar Beloki.
2023ko martxoaren 14a
00:00
Entzun
Bizkaiko Foru Aldundiak Bilboko Txurdinaga auzoko Handia zahar etxea itxi du, behin-behinean, hainbat baldintza urratzeagatik. Zehazki, zenbait inspekziotan ikusi zuten egoitzako tenperatura ez zela «egokia», hotza egiten zuelako. Ikuskatzaileek hutsuneak topatu zituzten mantenuan, garbitasunean, eta elikagaien eta botiken kontrolean ere.

Aldundiak azaldu du Handiako zuzendaritzari eskatu ziotela beharrezko baldintzak betetzeko, baina, urratzen segitu zutenez, behin-behinean itxi dutela. «Erabiltzaileen osasuna eta segurtasuna arriskuan zeuden», adierazi zuen Sergio Murillo Gizarte Ekintzako foru diputatuakatzo Bizkaiko Batzar Nagusietan.

Behin-behineko itxiera behin betiko bihur daitekeela ohartarazi zuen Murillok; egoera ez bada «bideratzen» neurriak hartuko dituzte. Hamabost lagunentzako lekua du zahar etxe horrek, baina lau erabiltzaile zituen, eta horiek lekualdatu egin dituzte.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak zigor espediente bat ireki dio Ortuellako Otxartaga zahar etxeari ere, «arau hauste larri batengatik». Izan ere, ikuskatzaileek egiaztatu ahal izan zuten otsailaren 1eko gauean ez zela langilerik izan zahar etxeko 88 erabiltzaileak artatzeko. Zigor espedienteak 600.000 eurorainoko isuna ekar dezake, edo finantzaketa publikoa etetea, besteak beste.

Murillok nabarmendu zuen Handia eta Otxartaga zahar etxeen kasuak «salbuespenak» direla; Bizkaiko zahar etxeek «ondo» funtzionatzen dutela. Erantsi zuen iaz %10 inspekzio gehiago egin zirela aurreko urtearen aldean. «Egoiliarren bermerako beharrezkoak diren baliabide guztiak jartzen ditugu».

Hamar eguneko greba

Lan gatazka betean daude Bizkaiko zahar etxeak. Izatez, bihartik hilaren 24ra arte greba egingo dute, ELA sindikatuak antolatuta, hitzarmen berri bat eskatzeko. Orain arte, 29 greba egun egin dituzte. Hainbat dira ELAren eskaerak: langile gehiago kontratatzea ratioak eta arreta hobetu ahal izateko, lan baldintzak zahar etxe publikoetako langileenekin berdintzea —Bizkaiko 155 zentroetatik bi baino ez dira guztiz publikoak—, ordezkapenak lehenengo egunetik egitea, eta lanaldi osoko kontratu gehiago egitea.

Horiez gain, soldata igotzeko ere eskatzen ari dira, erosahalmena berreskuratzeko. «Orain dela bi urte baino gehiago hasi ziren aldarri horrekin, baina entzungor egiten diete», salatu du sindikatuak.

Gainera, langileek otsaileko mobilizazioetan salatu zutenez, enpresek %6-10 igo dizkiete tarifak egoiliarrei, argudiatuta lansarien igoerari aurre egin behar diotela, baina, ELAren arabera, langileek ez dute hobekuntzarik igarri: «Diru hori ez da hobekuntzetarako, patronalaren poltsikoetarako baizik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.