Erandioko epaiak herritarrei kalte egiten diela salatu du Kontseiluak

Euskalgintzaren Kontseiluak eta bertze zenbait eragilek agerraldia eginen dute hilaren 10ean

Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako hizkuntza eskubideen aldeko manifestazioa. IÑIGO URIZ / FOKU.
Isabel Jaurena.
2023ko maiatzaren 3a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren Kontseiluak «euskararen normalizazioaren aurkako oldarraldi judizialaren barruan» kokatzen du Erandion (Bizkaia) udaltzain lanpostu baten hizkuntza eskakizuna atzera bota izana. «Herritarren eskubideei kalte egiten» diela gaineratu du. Bilboko Administrazioren Auzien 1. Epaitegiak ebatzitako sententzia bat da, zeinaren arabera ez den derrigorrezkoa euskaraz jakitea Erandion udaltzain gisa lan egiteko. Iaz herri hartan lanean zebilen udaltzain batek lortu nahi zuen hizkuntza eskakizuna atzera botatzea. Udalak ez zuen bere eskaera kontuan hartu; bai, ordea, epaileak.

«Agente guztiek euskararen gutxieneko ezagutza izatea jartzen da ezbaian, argudiatuz nahikoa dela lanpostu batzuek baldin badute; beraz, herritarrei edozein agentek eman behar dion zerbitzuaren ezaugarrietan oinarritu beharrean, hautagaiek egun duten ezaugarrien araberako lanpostuak diseinatu nahi dira epaitegietatik». Idurre Eskisabel Kontseiluko eledunak adierazi duenez, udaltzainak langile publikoak diren heinean, eta herritarrei «zuzeneko zerbitzua» ematen dietenez, lanpostu horretan hizkuntza eskakizuna kendu izanak baldintzatzen du herritarrek udaltzainekin euskaraz mintzatzeko duten eskubidea. Eskubide urraketa horrek, gainera, «herritarren segurtasunari berari ere kalte egin eta hura baldintzatu» ahal dutela azpimarratu du.

Eskisabelentzat, gertatutakoa ez da gertaera bakan bat, eta orain herritarren eskubideak ez ezik, «udalek langile publikoei euskaraz jakitea eskatzeko duten eskumena»ere izan du epaiak jopuntuan. «Ikusten ari gara epaitegietatik behin eta berriro datozela euskaldunon eskubideak urratzea are eta errazagoa izatea ahalbidetuko duten epaiak». Gaur egungo legerian hizkuntza eskubidea bermatzeko uzten dituen aukerak epaien laguntzarekin «ixten» ari direla azaldu du.

Hala, gisako epaiak «euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan oztopoak» direla nabarmendu du: «Ez da bidezkoa euskaraz bizitzeko ahalegina auzitegiek kamustu nahi izatea; ez da bidezkoa, ez eta zilegia ere». Gehitu du, Kontseilua harremanetan jarriko dela Erandioko Udalarekin adierazteko helegitea jartzeko babesa emanen diola, eta laguntzailekide gisa aritzeko ere prest dagoela. Horrekin batera, datorren maiatzaren 10ean Kontseiluak eta bertze zenbait eragilek agerraldia eginen dute Bilbon, 11:00etan, herritarren eskubideen kontrako esku hartze judizialekiko desadostasuna erakusteko.

Jaurlaritzaren erantzuna

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramailea epaiaz mintzatu zen atzo Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian. Adierazi zuenez, hedabideen bidez jakin dute auziaren berri. Hala ere, Erandioko Udalaren erabakiaren zain geldituko dira, eta beraiek aztertuko dute epaia: «Edozein modutan, uste dut bide luzea egin dugula hizkuntza politiketan, eta hortik jarraitzea dagokigula».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.