Goiari eusteko ahaleginetan dabiltza

Bi hilabete baino gehiago itxaron ostean, gimnasio eta kiroldegi pribatuek ateak ireki ahal izan dituzte, segurtasun neurriak ezarrita. Baina itxialdiaren osteko egoera ez da onena; ikusteko dago datozen hilabeteetan hobera egingo duten ala ez.

Kirolari bat pisua altxatzen, Usurbilgo (Gipuzkoa) Oiardo kiroldegian. GORKA RUBIO / FOKU.
Julen Otaegi Leonet.
2020ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Atsedenaldia izan zuten kiroldegiek bi hilabetez, eta, itxialdiaren ostean, indarberriturik ekin zioten partidari. Maiatzaren amaieratik aurrera ireki zituzten kiroldegi pribatuak. Jokaleku duten kantxa, ordea, ez da martxoko berbera. Arau eta neurri zenbaitek desabantailan utzi dituzte kiroldegiak; COVID-19ari aurrea hartu nahian, nahitaez normaltasun berrira egokitu behar izan dute. Orain, ikusteko dago ea goiari eutsi ahal izango dioten.

Txistua entzun aurretik hartu zuten atseden Bilboko Twenty Fit gimnasioan. Aketza Otaola zuzendariarentzat, «beharrik gabeko arriskua» zen gimnasioa egun gehiagoz irekita edukitzea, eta agindu ofiziala baino egun bat lehenago itxi zuten. Itxialdiak iraun bitartean kuotak bertan behera utzi zituztela azaldu du: «Errekara goaz erabaki honekin. Kolpe latza izan da, oso latza, baina ez kobratzea erabaki genuen. Ordaintzen jarraitu nahi zutenei ere ezezkoa esan genien».

Goiz ibili ziren Zarauzko eta Azpeitiko (Gipuzkoa) Crossfit gimnasioetan ere; Pablo Cazalis jabeak asteburu aurretik itxi zituen bi lokalak. Kiroldegien oinarrizko gastuak ordaintzeko dinamika berri bat jarri zuen abian: «Ikusi genuen bazkideen kuotarik gabe ezingo genuela aurrera egin. Gastuak neurrian estaltzeko mantentze kuota bat ezarri genuen. Inongo etekinik atera gabe jardun genuen, soilik galerak ez izateko asmoz». Ordainetan, Zoom aplikazioaren bitartez zuzenekoak egiten zituzten.

Itxialdiaren ostean, maiatzaren 25ean ireki zituzten Zarauzko eta Azpeitiko box-ak; ekainaren 8an Bilboko Twenty Fit gimnasioa. Kirolarien segurtasuna eta osasuna lehenetsi zituzten bietan: higienerako produktuak eskaintzea, segurtasun distantzia bermatzea, erabilitako materialak garbitzea… Edukiera ere murriztu zuten, erdira lehenengoetan—gehienez zazpi pertsona gela bakoitzean—, eta laurdenera Bilboko kiroldegian —hamar pertsona—. Asteak aurrera egin ahala, gehienezko edukiera handitu dute Crossfiten; hamabi pertsonak egin dezakete kirola espazio berean. Twenty Fiten, berriz, %40ra igo zuten, baina berriro ere %25era itzuli ziren.

Segurtasun neurri haiek guztiek ez zuten hainbesteko eraginik izan, baina bai, ordea, maskara ezinbestean erabiltzeko uztailaren erdialdean emandako aginduak. Otaolaren gimnasioan «izugarri gutxitu ziren bertaratzeak». Estutasunetik irteteko modu bakarra edukiera txikitzea zen, distantzia handituta, kirola maskararik gabe egin ahal izateko. Esan eta egin. Zarautzen eta Azpeitian, berriz, irakasleek soilik daramate maskara.

Maskararen derrigortasuna behin-behinekoa izango da, baina benetako arazoa bestelakoa dela azpimarratu du Cazalisek: «Ekonomikoki izan dugun galerarik handiena da oso onak izango zirela uste genuen hilabeteetan ez dugula etekinik atera. Konfinatuta egon ginen hilabeteetan jende dezente ibiltzen da, eta, COVID-19agatik, aurreratu egin zaizkigu hilabete txarrak».

Datorrena begi onez ikusten dute jabeek. Irailetik aurrera, izen emateak izango dira kinka larritik ateratzeko irtenbidea. «Uste dut denborarekin konpondu egingo dela egoera. Gainera, ohartu gara zein garrantzitsua den kirola egitea, eta horrek mesede egingo die kiroldegiei», esan du Otaolak.

Zailtasunak zailtasun, gimnasioek porrota saihestu dute. Cazalisen arabera, «biziraun» egin dute, eta maiatzean irekitzea hutsetik hastea bezala izan da: «Jasan duguna ez da larria izan, baina hasiberriak izango bagina bezala gaude. Ez dut uste beste itxialdi bat gainditzeko gai izango ginatekeenik». Otaolak adierazi du hala jarraitzea ez dela errentagarria, eta «idealena» beste aldi baterako ixtea izango litzatekeela: «Irauteko modu bakarra da. Edukieraren erdia eduki izan arte, negozioa ez da bideragarria izango».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.