Europa, errefuxiatuen infernua

'Moriako erretratuak' dokumentala aurkeztu du Iñaki Agirre kazetariak, iheslarien kanpalekuko testigantzak bilduta. Mahai inguru bat antolatu du BERRIAk, Zaporeak elkartearekin batera.

Moriako erretratuak dokumentalaren ondoren, mahai ingurua antolatu zuten BERRIAk eta Zaporeak elkarteak. BERRIA.
jone arruabarrena
2020ko azaroaren 12a
00:00
Entzun

Ezin dira jaioterrian bizi, heriotza segika baitaukate sarri. Ez da hautu bat: halabeharrez hasten dute Europarako bidaia. Mafiei dirua ematea da ordaindu beharreko lehen prezioa. Eta segurtasunaren ilusioa buruan dutela hasten da bidaia amaigabea. Bortxaketak, jipoiak eta kartzelatzeak jasaten dituzte ibilbide osoan. Herrialde ugaritatik igaro ondoren, Turkiako kostaldera heltzen dira. Bertan zabaltzen zaie itsaso amaigabea. Europarrentzat lasaitasunaren sinbolo dena, aldiz, hilerri erraldoi bat da Europara heldu nahi dutenentzat. Zortea izanez gero, lortuko dute itsasotik bizirik ateratzen direnen artean egotea. Eta hainbeste sufrimenduren ondoren, lurralde baketsu batera heldu direla dirudienean, azken ezustea: orduan hasten da infernua: Europako infernua. Horrela deitzen baitiote Lesbosen (Grezia) errefuxiatuentzat eraiki zen Moriako esparruari. Han bizi direnen testigantzak bildu ditu Iñaki Agirre kazetariak eta Moriako Erretratuak dokumentalean, BERRIAren laguntzaz, eta herenegun aurkeztu zuen berria.eus atarian. Mahai ingurua izan zen ondoren.

Irailaren 9an su hartu zuen Moriako guneak, Europako kanpaleku handiena zenak, eta ordurako uda osoa bertan igaroa zuen Agirrek. Astebetean eraiki zuten kanpaleku berri bat. Europako gainontzeko lekuetan koronabirusaren eraginez ezarritako konfinamendua jada derrigorrezkoa ez bazen ere, Moriako kanpalekuak su hartu zuen arte egon behar izan zuten itxialdian. Hain justu, itxialdi horrek errefuxiatuengan eragindako kalteei buruz informatzera joan zen Agirre bertara. Sutearen ondoren, ordea, iheslarien istorioak kontatzen hasi zen, eta hala osatu zuen Moriako Erretratuak seriea.

Bideo horien bilduma da dokumentala. Mahaia inguruan, kanpalekuaren egoeraz gain, Euskal Herrira heltzen diren etorkinen egoera eta Europako immigrazio politikak izan zituzten mintzagai. Jone Urionaguena SOS Arrazakeria elkarteko kidea, Irati Azkue Zaporeak elkarteko kidea, eta Josune Mendigutxia Irungo (Gipuzkoa) Harrera Sareko kideak hartu zuten hitza, Agirrerekin batera, Mikel Peruarena Ansa BERRIAko kazetariak gidatuta.

Izan ere, Zaporeak elkarteari esker izan zuen Agirrek Moriara joateko aukera. Elkarteak kanpalekuko errefuxiatuei otorduak ematea du asmo, eta bertan ari da jardunean 2016az geroztik. «Hasi ginenean 7.000 lagun zeuden, eta 2020ko urtarrilean 20.000 ziren», adierazi zuen Azkuek. Kanpaleku barneko sukaldeetan, soilik, egunean behin otordu bat ematen diete errefuxiatuei. «Zaporeak-ek ukatuta dauka sarrera kanpalekura. Gobernuz kanpoko beste erakunde batzuen laguntzarekin lortzen dugu egoera zaurgarrienetan dauden pertsonei otorduak helaraztea».

Moria eta halako kanpalekuetatik harago, Euskal Herrian ere giza eskubideak etengabe urratzen dira. Hala salatu zuen SOS Arrazakeriako kideak: «Ez dut ulertzen nola onartzen dugun, harrera gizarte gisa, hemen bortxakeriazko egoera hauek gertatzea». Mahai inguruko kide guztiek gogor kritikatu zituzten Europako migrazio politikak. «Europak Marokori ordaintzen dio mugak ixteko», salatu zuen Mendigutxiak. Agirrek ere aipatu zuen Europa dela «egoera honen onuradun nagusia». Hala ere, Urionaguenak azpimarratu zuen ez dela soilik politikarien erantzukizuna: «Politikariek hartzen dituzte neurriak, baina guk ere badakigu gertatzen ari dela, eta ez gara mobilizatzen».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.